Pasa den urriaren 15ean Landa-eremuko Emakumearen Nazioarteko Egunaren hamaikagarren edizioa egin zen Gipuzkoako Orio herrian.
Ekintzak Euskadiko hainbat tokitako 250 emakume baino gehiago bildu zituen. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikarako Sailburuordetzak antolatutako jardunaldi horretan Argia egitasmoa aurkeztu zen; alegia, «landa-eremuko emakumeak berezko dirdiragatik nabarmendu daitezela» bilatzen duen proiektua.
Jardunaldiaren inaugurazioa Eusko Jaurlaritzako Landa eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiken zuzendariaren, Elena Gutierrez Perez del Notarioren, esku egon zen. Emakumeen lanak lehen sektorearen ekonomia- eta gizarte-garapenean duen garrantzia nabarmendu zuen, «landa-ingurunearen dibertsifikazio ekonomikoari funtsezko ekarpena egiten diotela» esanez. Eta gaineratu zuen: «emakumeok ez dugu inoren isla edo itzala izan behar, aitzitik, guk geure berezko argia izan behar dugu». Orobat, Elena Gutierrezek gogorarazi nahi izan zuen 2014 Familia Nekazaritzaren Nazioarteko urtea dela eta halako nekazaritzaren garapenean funtsezkoa dela emakumeek betetzen duten eginkizuna.
Inaugurazioan parte hartu zuten, halaber, Izaskun Landaila, Emakundeko zuzendaria; Rosa Aramendi, Euskadiko Landa Eremuko Emakumeen Batzordearen ordezkari; eta Zigor Saizar, Orioko Ikastolako zuzendaria. Ekitaldia Orioko ikastolan egin zen.
Inaugurazioaren ostean, parte hartzaileen mintzaldiei eman zitzaien hasiera. Hain zuzen, «argia eman duten zenbait ekimen eta esperientzia» azaldu ziren. Yurre Peñagaritano, Urkomeko gerentea, moderatzaile-lanetan zela, Inma Peirok hitza hartu zuen, Itsasoko Emakumezko Langileen Federazioaren ordezkari gisa, eta kolektibo horren arazoei eta Euskadiko Saregile eta Neskatilen elkarte sorberriari buruz mintzatu zen.
Argia proiektua aurkezteko foro moduan erabili zen
Era berean, Jasone Gezuraga eta Lorea Momañek Saskiaren sorrera eta gaur egungo garapena azaldu zuten. Enpresen lankidetzarako ekimen bat da, Bizkaian abiarazi zutena eta gaur egun 40 bazkidetik gora dituena. Saskia Bizkaiko Landa Garapenerako Elkarteetatik bultzatutako ekimena da; HAZIk ematen dio laguntza teknikoa eta Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza Sailaren finantzazioa du. Helburua da emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzea, genero-ikuspegia aintzat hartuz eta txertatuz, emakume-talde horren berariazko premiei erantzungo dieten egitasmoak garatu eta sustatzeko.
Argia proiektua
Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren azkeneko edizioa Argia proiektua aurkezteko foro moduan erabili zen. Hain zuzen, jarduera-plan bat da, joan den urteko urriaren 15ean Araban, Arrazua-Barruandiako udalerrian, ospatutako Landa Eremuko Emakumeen Egunean planteatutako premiei ondorio gisa jaio zena.
Aurten hainbat ekintza antolatu dira proiektuaren barruan: aipagarriak dira, besteak beste, sektore ezberdinetako landa-eremuko emakumeen lekukotzak jasotzeko jarduera, emakumeen lana agerian jartzeko eta aitortzeko lehen pausu gisa, bai eta eskualde-topaketak antolatzekoa ere.
Egitasmoaren espiritua eta edukia irudikatzeko, bideo bat erakutsi zen non landa-eremuko emakumeak beren laneko bizipenei eta bizipen pertsonalei buruz mintzatzen baitira.
Mintzaldi osterako, Landa Eremuko Emakumeen Batzordeak jardunaldiaren helburuaren inguruko dinamika parte hartzaile bat prestatu zuen, aukera eman zuena gure lurralde, eskualde, herri edo auzoetako emakume, ekimen, esperientzia eta proiektuak ezagutzera emateko, emakumeek beren burua nabarmentzeko eta landa guneen garapen sozioekonomikoan parte hartzeko duten gaitasunaren adibide.