Eguneko hegazti harraparia da. Itxura konpaktua du, eta, hegan ari denean, erraz identifika daiteke, bere siluetagatik.
Hego estuak ditu, punta zorrotzekoak, eta isats luzea. Azkar astintzen ditu hegoak. Helduak direnean, gris ilun eta urdin kolore arteko bizkarra izaten dute. Ipurtxuntxurra eta isatsaren oinarria kolore zurbilekoagoa dute. Sabelaldean zeharkako marra beltzak dituzte, intentsitatez jaisten doazenak bularraldean, eta sabelaldeak, urrutitik begiratuta, zuria dirudi. Burua altzairuaren antzeko kolore beltzekoa dute, eta bibotetzar zabala eta oso iluna dute. Kromatismoari dagokionez, espezie honetan, arrak eta emeak tamaina desberdinekoak dira, emeak arrak baino handiagoak baitira. Lehenengoak 50 cm-ko garaiera eta 110 cm-ko zabalera izatera irits daitezke; arrek, berriz, 38 cm-ko garaiera eta 85 cm-ko zabalera izaten dute gehienez.
Gazteek helduek baino itxura lirainagoa izaten dute; normalean, tonu gris eta marroi ilun arteko lumak izaten dituzte. Sabelaldean marra asko izaten dituzte. Bigotetzarra, berriz, helduek baino estuagoa eta argiagoa izaten dute.
Habitata
Espezie harkaiztarra da; haitzen eta malkarren gainean ikusiko dugu, zuhaizti eta basoak ez baititu oso gogoko. Abandonatutako eraikinetan ere egoten da, jendea gehiegi hurbiltzen ez den tokietan; elizetako dorre zaharretan, adibidez. Ehiza egiteko, espazio ireki eta zabalak behar ditu.
Elikadura
Belatz handia harrapari ornitofagoa da gehienbat. Tamaina txiki eta ertaineko hegaztiak jaten ditu: beleak, usoak, usapalak, zozoak, arabazozoak eta beste hainbat txori txiki. Ikusgarriak izaten dira ehizarako egiten dituen hegaldiak. Zelatan ibiltzen da, garaiera handietan, eta lurra arakatzen. Harrapakinarengana amildu, eta azazkalekin jotzen du, harrapatu aurretik.
Ugalketa
Ondo zaintzen du bere lurraldea, eta beti itzultzen da ugaltokira. Harrizko erlaitzetako zuloetan jartzen du habia. Batzuetan, beste espezie batzuek abandonatutako habiak aprobetxatzen ditu. Martxoaren bigarren erdialdean eta apirilean, hiruzpalau arrautza jartzen ditu, denak aldi berean. Inkubazio aldia 28 eta 30 egun bitartekoa izaten da, eta emeak egiten du. Txitak beste hilabetez (35 egun inguru) egoten dira habian, lehenengo hegaldiak egiten dituzten arte. Jaioberri guztiek ez dute bizirik irauten; batik bat, hazkunde-fasean daudenean izaten duten elikadura-faltagatik. Hegan egiten hasten direnean, 1 edo 2 hilabete egoten dira gurasoen ondoan, ehizarako tekniketan trebatzen.
Banaketa
Euskal Autonomia Erkidegoan, ondo zabalduta dago espeziea, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako harkaitzetan. Kantauri itsasoko amildegietan eta Kantabriako mendilerroaren hegoaldeko harkaitzetan ere aurki daiteke, klima mediterraneoan. Bikote ugaltzaileak ez dira lekualdatzen, eta gure lurretan egoten dira urte osoan zehar. Mundu mailan, belatz handia harrapari kosmopolita da, eta bost kontinentetan dago. Ia edozein klimatara moldatzen da (baso tropikalak, basamortuak, eta iparraldeko zonalde hotzak).
Ilustrazioa eta argazkiak: Conrado Tejado Lanseros.
Testua: Mª Elena Potes Gordo
ARABAKO NATUR INSTITUTUA