Eusko Jaurlaritzaren mende dagoen Elikagaien Segurtasunerako Fundazio ELIKAk eta EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak Elikagaien Segurtasuna Euskadiko prentsan 2013 izeneko ikerketa egin dute.
Helburua enpresa eta erakundeetako arrisku-gestoreentzat baliagarria izatea da, bai gogoetarako elementu gisa, bai erabakiak hartzeko prozesuetan.
Orotara 1.803 berri aztertu dituzte azterlanean: 2013an zehar paperean argitaratzen diren bederatzi euskal egunkarietan agertutakoak dira guztiak. Ateratako ondorioetatik hauexek nabarmendu ditzakegu:
• Aztertutako egunkarietan, elikagaien segurtasunarekin lotuta batez beste 150 albiste plazaratu dira hilean, iaz baino gehiago.
• Elikagaien segurtasunak sei gai nagusi hartzen ditu: elikagaien segurtasuna, elikadura-arriskuak, elikagaiak/elikadura, nekazaritza/abeltzaintza/arrantza, elikagaien industria, eta osasuna/nutrizioa/alergiak; horiei buruzko 2013ko albiste guztiak aztertu dituzte, bai eta ELIKAri erreferentzia egin diotenak ere, denbora-tarte beraren barruan.
• 2013an, nekazaritza/abeltzaintza/arrantza alorrak izan du presentzia handiena; ondoren datoz osasuna/nutrizioa/alergiak eta elikagaien industria.
• Orokorrean, elikagaien segurtasunarekin lotutako gaiak gero eta gehiago balioesteko joera beha dezakegu, 2012an baino maizago aipatzeaz gainera, garrantzi handiagoa eman zaielako, azal, koadernotxo, orri nagusi eta abarretan agertu baitira berriok.
• Berrien % 11k baino ez dute «arrisku» hitza espresuki aipatzen. Proportzioa oso txikia da. Izan ere, 2013an ez da elikagai-arriskuekin lotutako egoera garrantzitsurik gertatu, eta gertakariren bat jazo denean, zaldi-haragiaren iruzurra kasu, ez die osasun-arazorik eragin euskal biztanleei.
• Ostera, testu askotan (% 35) ez dira datuen iturriak zehaztu; proportzio handia da, kontuan hartzen badugu iturria datu garrantzitsua dela informazioaren irismena baloratzeko. Erabilitako iturriei erreferentzia egiten dieten testuen kasuan, gehienek elikagaien segurtasuneko administrazio eta agentzietako bozeramaileak aipatu dituzte, (% 35); ondoren datoz zientifikoak eta adituak (% 25), gizartearen ordezkariak (% 25), eta, amaitzeko, elikadura-kateko operadoreak (% 15).
Ikerketaren bidez, hurrengoa erdietsi nahi izan dute ELIKAk eta EHUk:
– Elikagaien segurtasunaren inguruan euskal herritarrek jasotzen duten informazioa ezagutzea, Euskadin argitaratzen diren bederatzi egunkariak oinarri hartuta.
– Gehien lantzen diren elikagaien segurtasuneko gaiak ezagutzea, bai eta urtean zehar horiek izandako bilakaera ere.
– 2013an zehar elikagai-arriskuek izandako eragina eta prentsan emandako tratamendua behatzea.
– Berrien idazle eta egileak identifikatzea, eta beren espezializazio-maila zehaztea. 5. Elikagaien segurtasunaren inguruko informazioaren bilakaera aztertzea, 2012an egindako aurreko ikerketaren emaitzak alderatuta.