Geografiari dagokionez, Euskadiko bihotzean dago Aramaio. Basoak berebiziko garrantzia du udalerrian, eta zura ekoizteaz aparte, berau babestu ere egiten da bertan.
Izan ere, Urkiolako Parke Naturaleko Arabako zatia hartzen du barruan. 2013ko otsailean, goialdean kokatutako pinudiek kalte larriak jasan zituzten elurte handi baten ondorioz.
Aramaio mediterraneoa
Arabaren barruan, bitxikeria geografiko bat da Aramaio. Nahiko handia da: 7.300 hektarea inguruko azalerarekin, Euskadiko hogei udalerri handienen artean dago. Bere azalera Kantauriko isurialdearen (Ibaizabal eta Deba ibaiak) eta Ebro isurialdearen (Oleta eta Albina ibaiak) artean banatuta dago zati berdinetan, eta horixe du berezitasun garrantzitsu bat. Biztanle gehienak Deba ibaira urak isurtzen dituen haranean kokatutako zortzi elizate edo auzoetan bizi dira. Aldiz, bai Oletako nukleoak bai Albina haranak Zadorra ibaiaren sistemako urtegietara ematen dute.
Bai Oletako nukleoak bai Albina haranak Zadorra ibaiaren sistemako urtegietara ematen dute
Basoak berebiziko garrantzia du udalerrian: bere azaleraren % 80 zuhaitzez osatuta dago, Arabako ehunekorik handiena. Zuhaitz-azalera zabal horretan, baso-landaketak dira nagusi: 4.000 hektarea hartzen dituzte, eta hala, landatutako zuhaitz-azalerarik handiena duen Arabako udalerria da.
Baso-jardueraren beherakada orokorraren ondorioz, azken urteotan intsinis pinu helduen (tantaidiak) kopuru handia pilatu da Euskadin. Araban, esaterako, intsinis pinuz osatutako tantaidien azalera 9.000 hektareatik 14.500era igaro da 1996tik 2011ra bitartean. Aramaion, berriz, aurkako prozesua gertatu da, azken urteotako mozte ugariak arrazoi. Horrela, urte-tarte berean, intsinis pinuz osatutako tantaidien azalera 1.500 hektareatik 923 hektareara pasa da. Horrek esan nahi du intsinis pinuaren zuraren eskaria handia izan den urteotan, asko ustiatu direla pinudiok.
Pixkanaka, hotzera eta elurretara egokitutako konifero emankorren landaketa berriak, Douglas izeia edo Korsikako larizio pinua kasu, hedatuz joan dira, intsinis pinuaren kaltetan.
Eta, amaitzeko, basoekin lotuta Aramaiok badu beste xehetasun bat: intsinis pinuek azalera esanguratsua hartzen duten euskal udalerrien artean, bertako pinudiek dute batez besteko altuerarik handiena. Aramaioko intsinis pinuen batez besteko kota 606 metro dira, eta betetzen duten azaleraren % 60 inguru 600 metrotik gora kokatuta dago. Baldintza horiek, orokorrean, ez dira batere mesedegarriak intsinis pinuaren hazkunderako, elurte edo izozteak direla eta, oztopo handiagoak baitaude altitude horietan. Altitude handi horiek honela azaldu ditzakegu: pinudion zati handi bat udalerriko Mediterraneoko isurialdean, Kurtzeta mendatearen (695 metroko kota) hegoalde eta mendebaldera kokatuta dago.
Ibilbidea
Albina ibaiaren arroko pinudietan barrena ibilbide bat egitea proposatzen dugu, 600 eta 700 metro arteko altitudean dagoen eremuan, hain juxtu. Jabetza pribatuko pinudi horiek nabarmen gazteagotu dira azken urteotan, paper-basoko mozketak direla bide.
Otsailaren 12ko goizaldean, «elur bustia» izan zen eremu horretan. 0º eta -5º C arteko giro-tenperaturan gertatu ohi den fenomeno hori dela bide, zuhaitz-adaburuetan itsatsi ohi da elurra, gehiegizko pisu handiak eraginez zuhaitzetan, elur ugari botatzen badu. Horixe gertatu zen, hain zuzen, Aramaio, Otxandio, Abadiño (Urkiola) eta Legution, besteak beste. Lekuotan, intsinis pinuaren emankortasuna txikia da, altitudea handia delako eta Mediterraneora ematen dutelako. Gasteizen ere kalte handiak eragin zituen hiriko zuhaitzetan.
Jarraian, baso-ibilbide txiki bat proposatzen dugu, elurteak pinuetan eragindako kalte-mota ezberdinak behatzeko asmoarekin. Azpimarratu beharra dago intsinis pinuari eragin ziola gehien, eremuko beste espezie batzuen aldean –laritza edo larizio pinua kasu–, kalteak askoz larriagoak izan baitziren.
Marixeka edo Mariaka baselizaren (615 metroko kotan) alboan dagoen jolastokia izango dugu abiapuntu, autoa aparkatzeko lekua ere badaukana. Leku horretatik oso gertu, 200 bat metrora Legutiotik Aramaiora doan A-2620 errepidetik, baso-pista sendo bat abiatzen da iparraldera. Laborantza-eremu batzuk zeharkatutakoan, pista pinudian sartu, eta altuera handituz hasiko da. Hiru kilometroz aldapan gora ibili ostean, Arraga etxolara iritsiko gara, Legutiano-Aramaio A-3941 errepidearen ertzean dagoena (750 metroko kotan).
Puntu horretan, mendebaldera joko du bideak; beste kilometro bat egin daiteke errepide horretatik, baina arriskuak ekidin nahi izanez gero, horrekiko paraleloan doan pista hartzeko aukera dago, errepide horretatik ibaian gora, iparraldera kokatuta dagoena. Bi kasuetan leku berberera iritsiko gara, hots, San Kristobal baseliza dagoen pagadira (725 metroko kotan). Bertatik, Aramaio harana eta Urkiolako Parke Naturaleko tontorrak ezin hobeto beha ditzakegu. Paisaiari «Suitza txikia» deitu ohi zaio, eta erabat justifikatuta dago izena.
Abiapuntura itzultzea besterik ez zaigu geratzen, pinudian barrena oraingoan ere. Aipatutako San Kristobal baselizaren inguruetatik pista nagusi bat abiatzen da beherantz, ondoren bigarren mailako beste pista batzuetan banatzen dena. Guztiak ere Legutiora doan hasierako errepidera iritsiko dira. Ekialdera jotzen duen bideren bat hartuz gero, errepidetik joatea saihestu, eta gure ibilbidearen hasiera izan zen baso-pistara helduko gara. Orotara 1,5 edo 2 ordu emango ditugu, geldialdien arabera.
Ibilbidean, Albina ibaiaren arroko pinudiek kalte-mota desberdinak jasan dituztela ikusiko dugu.
Kaltetuenak intsinis pinu gazteak izan dira. Zenbakiak orokorrean hartuta, esan dezakegu oraintsu basotutako pinudietan, alegia, urte gutxi dituztenetan, landare ugari bota dituela elurrak; eta oso garestia da horiek altxatzea. 5 eta 10 urte bitarteko pinudietan, enbor desitxuratuak dituzten zuhaitz asko daude, elurraren pisuaren eraginez okertu egin direnak, beren elastikotasun-muga gainditu dutelako. Azkenik, 10 urtetik 25era itarteko pinudiei dagokienez, enborrak beren luzeraren erdian apurtuta daude, zehazki, adaburu bizia jaiotzen den lekuan. Hain zuzen, bertan pilatzen da elurra, zuhaitzoi gehiegizko pisua eraginez. Pinudi helduetan, muturra apurtuta duten zuhaitz batzuk ikus ditzakegu, sakabanatuta.
Lehenengo kalkuluen arabera, pinudiaren 50 bat hektarea paper-baso gisa moztu eta merkeegi saldu beharko lirateke, erabili ahalko den zuraren kalitatea eta diametroa txikiak izango dira eta. Gainera, pinu gazteak altxatzeko baliabideak inbertitu beharko dira. Eragiketa garestia da, hala ere, eta bere etorkizuneko errentagarritasuna zalantzan jar daiteke lehenengo enbor-zatiak akatsak baldin baditu hasieratik.
Eskala txikiagoan izan bada ere, Xynthia ekaitzaren ondorioz Aiara haranean gertatutakoa (2010eko otsailean) errepikatu da. Ordu gutxi batzuetan, baso-jabeek inbertitutako denbora eta dirua pikutara doa. Egia da Aramaioko goialdeko pinudi gehienak gazteak direla, eta, gainera, Aiarakoak baino arrisku natural handiagoko lursailetan daudela, altitudea ere handiagoa delako. Hala ere, bi udalerriotan baso-inbertsioek berez duten ziurgabetasuna argi geratu da.
Arrisku klimatiko edo abiotiko horiei aurre egiteko, hainbat irtenbide planteatu ohi dira: ezohiko laguntzak eskatzea, espezieak aldatzea landaketa berrian, txandak murriztea edo baso-aseguruak ezartzea. Eta, esaterik ez dago, basoen jabeak animatu behar ditugu; beren mendien kudeaketa alde batera utz ez dezaten eta haran eder horren baso-aberastasuna mantendu dezaten saiatu behar gara.
Gaur egun, HAZI Fundazioa eta beste kide batzuk Interreg Sudoe 2013-2014 Forrisk (forrisk.efiatlantic.efi.int) proiektua aurrera eramaten ari dira. Horren xedeak Atlantikoko basoetan baso-arriskuen efektuak prebenitzea eta arriskuok baso-kudeaketan txertatzea dira. Oraintsu gertatu diren baso-hondamendietatik ikastea espero dugu, etorkizuneko mehatxuen efektua minimizatu ahal izateko.
Alejandro Cantero. Hazi Fundazioa.
Testua eta argazkiak: A. Cantero (Hazi)