Neiker-Tecnaliak eta Politeknika Ikastegia Txorierri ikastetxeak hitzarmen bat sinatu dute nekazaritza, ingurumen eta baliabide naturalen sektoreetara zuzendutako prestakuntza-eskaintza bultzatzeko helburuarekin
. Era berean, hitzarmenak berrikuntza teknologiko eta didaktikoko proiektu bateratuak sortzea du helburu. Hitzarmenari esker adierazitako arloetan lankidetza etengabea garatzeko esparru bat sortuko da, eta aurrerantzean Politeknika Ikastegia Txorierri NEIKER-Tecnaliaren zentro laguntzailetzat hartuko da.
Ikastetxeak prestakuntza profesionalerako eskaintza bat garatuko du “Industria Automatizazioa eta Robotika’ eta ‘Ingurumen Heziketa eta Kontrola’ goi-mailako graduko zikloei lotuta. Hitzarmenari esker, prestakuntza-zentroko ikasleek praktikak egin ahal izango dituzte NEIKER-Tecnalian, eta enplegu-poltsa bat osatuko dute aipatutako espezialitateetan. Horrez gain, zentro teknologikoko langileek enplegurako prestakuntza jaso ahal izango dute Politeknika Txorierrin, baita gai interesgarriei buruzko beste prestakuntza batzuk ere, besteak beste, ingurumen-kudeaketa, laneko arriskuen prebentzioa, kalitatea…
NEIKER-Tecnalia, prestakuntzan inplikatua
NEIKER-Tecnalia 2000. urteaz geroztik dago gazteen prestakuntzarekin inplikatuta, eta orain beste aurrerapauso bat eman du bide horretan, Politeknika Ikastegiarekin sinatu duen hitzarmenarekin. Ikasleek NEIKER-Tecnaliako hainbat departamentutako ikertzaile, teknikari, laguntzaile eta arduradunekin jasoko dute prestakuntza, hau da, lehen sektoreko enpresen artean entzute eta balorazio handia duen kualifikazioa jasoko dute. Sinatutako hitzarmenaren bitartez, ezagutzaren eta berrikuntza teknologikoko kontraprestazioen trukea lortu nahi da, nekazaritzaren sektorera zuzenduta, eta bi erakundeei mesede egingo diena.