Gastronomia eta ardoa bete-betean uztartuko dira Errioxa Jatorri Deitura Kalifikatua (JDK Errioxa) Basque Culinary Center Fundazioaren Patronatura gehitu baita.
Babes horrek bi erakundeei ahalbidetuko die hainbat proiektutan aktiboki parte hartzen, prestakuntza-proiektuetan, baita ardoaren ikerketa alorrean eta nazioarteko sustapenean ere.
JDK Errioxa txertatzea –hasiera batean urtebeteko indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin–, Basque Culinary Center Fundazioko Patronatuaren kideek onartu zuten.
Hemendik aurrera, JDK Errioxa eskubide osoko kide izango da Patronatu horretan, honako hauekin batera: Espainian bakarra den unibertsitate-proiektu hau babesten duten zazpi sukaldari –Eneko Atxa, Pedro Subijana, Juan Mari Arzak, Martin Berasategui, Karlos Arguiñano, Andoni Luis Aduriz eta Hilario Arbelaitz–, Mondragon Unibertsitateko errektorea, Iosu Zabala, AZTI-Tecnaliako zuzendaria, Rogelio Pozo, baita gastronomia alorreko erakunde publikoko eta punta-puntako enpresetako ordezkariek ere. 2014 urte honetan, JDK Errioxa Basque Culinary Centerreko Nazioarteko Aholkularitza Batzordeak Brasilen egingo duen bilera babestuko du, eta, bertan, Errioxako ardoak ospatuko diren topaketa eta afarietako protagonista izango da.
Akordio horri esker, sukaldaritzako profesional eta zaleentzako prestakuntza-proiektuak txertatuko dira, horiek Basque Culinary Centerren emango dira, eta JDK Errioxak mundu mailan emango ditu. Proiektu horien artean nabarmentzekoa da Sommeliertza eta Enomarketineko Masterraren sorrera. Berau Ardoaren Institutuan –BCC Wine– emango da, eta, bertan, Errioxa izango da hemendik aurrera babesle nagusia eta Adituen Batzordeko kide. Kontseilu Arautzaileak Deiturari buruzko berariazko moduluaren garapenean lagunduko du eta Errioxako upategietan ikastegiak egiteko aukera eskainiko du.
I+G+b alorrean, lankidetza-hitzarmenak berariazko ibilbidea ere izango du. Halaber, jarduerak programatuko dira, Errioxako ardoak estatu mailan eta nazioartean sustatzeko, Basque Culinary Center eta bertako chefen eskutik.
Ardoa, zalantzarik gabe, sektore estrategiko bat da Espainiarentzat, ikuspegi ekonomikotik ez ezik, gizarte- eta ingurumen-ikuspegitik ere, eta funtsezko elementua da gure gastronomian. Izan ere, Espainia da munduko ardo-ekoizle handienetako bat: lehenengo postua du landatutako azalerari dagokionez eta, lehendabizikoz pasa den 2013an, baita ekoizpenean ere, eta bolumenari dagokionez munduko bigarren esportatzailea izan zen. Sukaldaritzak tradiziotik modernitaterako jauzia eman eta jatetxeak eraldatu dituen moduan, ardoak ere –gastronomiaren funtsezko elementuak– bere bilakaera izan du azken urteotan.