Pasa den martxoan eratu zen “Itsas Emakume Langileen Federazioa – Federación de Mujeres Trabajadoras del Mar de Euskadi”
, Euskadiko arrantzaren sektoreko emakumeen 3 elkarte biltzen dituena: Bermeoko Neskatila eta Saregin Autonomoen Elkartea, Ondarruko Neskatilen Elkartea eta Saregin eta Kai Neskatileen Euskadiko Elkartea. Guztira, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa, Getaria, Orio eta Hondarribiko portuetan lan egiten duten 88 emakumeren ordezkari da —saregile, neskatila eta fardo-egileak—.
Lan-gaixotasunak aintzat hartzeko eta prestakuntza espezifikoa duten profesionaltzat hartzeko eskatzen die Batzordeari, Kontseiluari eta estatu kideei.
Ehun urtetik gorako ageriko ogibide horiek, gure kostaldeko portu askotan denon aurrean egin ohi direnak, kantauriar komunitateetako egoera sozio-laboral gogorraren erakusle dira, baita erakargarritasun turistikoa ere, eta inoiz ez dira behar bezala aintzat hartu, ezta behar bezala ordaindu ere. Jarduera gogor horiek berezkoak dituzte lan-egoera, lan-baldintzak edo laneko gaixotasunak, oraindik ere, legeria eta aintzatespenaren zain daude.
Sozietatearen egoitza Ondarroan dute, eta erakunde berri honen helburua da Euskadiko arrantza-sektoreko emakume-elkarteen ordezkari izatea, horiek denek batera dituzten helburuei dagokienez:
• Jasaten dituzten gaixotasunak lanbide-gaixotasun gisa aintzat hartzea, koefiziente murriztaileak aplikatzea, kotizazioa hobetzea eta emakumeak arrantza-sektoreko egitura ezberdinetara txertatzea.
• Sare ezberdinetan parte hartu eta horietara gehitzea, eta antzerako elkarteekin sare-lana egitea, estatu mailan nahiz Europa mailan.
• Baldintza sozio-laboralak hobetzea, Euskadiko arrantza-sektorean emakumearen funtzioa duin eta ikusgarri bihurtzea.
Egoera sozio-laborala
Saregile, neskatila eta fardo-egileen kolektiboetan norberaren kontura lan egiten duten emakumeak daude, hots, Itsasoko Langileen Erregimen Bereziko autonomoak dira, eta gaur egun ez dute, araututako titulazioarekin ere, horren barnean berariazko lanbide-kategoriarik. Horrek jardueraren errentagarritasuna urria izatea eragiten du eta ia ez da belaunaldiz belaunaldi berritzen.
Sektorearen gizarte-estaldura eskasa, horren legezko arautze ezari, soldata baxuei eta lan-baldintza gogorrei gehituta, sektorea arautu gabe, atomizatuta eta intrusismo handiaren pean egotea eragin du.
Egoera horren aurrean, ahaztu izan ohi diren kolektibo hauek urte luzeetan zehar saiatu dira erakunde publiko eta gizarteari jarduera gogor hori “ikusarazten”.
Arrantza-sektoreko emakumeen elkarteek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, abian jarri dituzte hainbat proiektu
Profesionaltasun-ziurtagiriak
Arrantza-sektoreko emakumeen elkarteek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, abian jarri dituzte hainbat proiektu, lan-eskarmentua izan baina araututako ikasketarik gabeko pertsonek Profesionaltasun Ziurtagiriak edo LHko titulu homologatua lortzeko, araututako heziketatik igaro behar izan gabe.
2011. urtean zehar, Euskadiko 61 saregilek beren lan-eskarmentuaren eta prestakuntzako beste bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide-gaitasunak ebaluatu eta egiaztatzeko prozesuan parte hartu zuten, eta, beraz, “Tresneria eta aparailuak egitea eta mantentzea” Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratu zuten (MAP005_2).
Bestalde, 2014ko martxoan, lehenengo hiruhilekoan, Euskadiko 35 neskatila eta fardo-egilek “Arrandegi-lanak eta Arrantza eta Akuikulturako produktuak egitea” Profesionaltasun Ziurtagiria eskuratu zuten, beren lan-eskarmentuaren eta prestakuntzako beste bide ez-formalen bitartez eskuratutako lanbide-gaitasunak ebaluatu eta egiaztatu ondoren.
Ziurtagiri horiek baliozkoak dira estatu mailan eta nazioartean aintzatespena dute. Euskadiko Itsas Emakume Langileak eta Eusko Jaurlaritza lanean ari dira, Profesionaltasun Ziurtagiria proiektu isolatua izan ez dadin, eta haien asmoa da arrantza-sektoreko emakume kolektiboa ezagutarazten jarraitzea, egiten duten lan garrantzitsua aintzat hartzea, beren lanbide-gaixotasunak ezagutu eta beharrizanei erantzutea, kolektiboaren egungo eta etorkizuneko baldintza sozio-laboralak hobetzeko helburuarekin.
Europan aintzat hartzea
Pasa den urriaren 14an, Euskadiko arrantza-sektoreko emakume talde bat Bruselara joan zen, Europar Parlamentuak emakumeak Europar Batasuneko arrantza-sektorean duen funtzioari buruz antolatutako audientzia publikoan parte hartzera.
Emakume horien testigantza funtsezkoa izan zen, Batzordeak onartu zuen txostenean lanbide hori formalki aintzat hartzeko eta beren gizarte-eskubideak onartzeko. Txostenaren helburua da arrantza-politika bateratuan kolektibo horientzako berariazko politikak garatzearen aldeko apustua egitea.
Europako Parlamentuko ebazpen horrek, lehenik eta behin, arrantza arloko lanbide lagungarrietan aritzen diren euskal emakumeen kasu espezifikoa biltzen du. Zehazki, izenak (saregileak, neskatilak eta fardo-egileak) eta duten eginkizunaren azalpena jaso dira, hau da, “arrantza-tresnak prestatzea eta konpontzea, arraina deskargatzea eta sailkatzea, itsasontzia produktuz hornitzea, eta arraina prozesatzea, eraldatzea, paketatzea eta merkaturatzea edo arrantza-enpresak kudeatzea”.
“Arrantza-aukerei loturiko lanbide batzuei” dagozkien gizarte-eskubideak aintzatestea ere defendatzen du. Horrez gain, erretiro-adina aurreratu ahal izateko koefizienteak aplikatzearen alde ere egiten dute, “lanaren nekagarritasuna, gauekotasuna, arriskugarritasuna, ordutegiak… direla-eta; beti ekoizpen-erritmoaren edo arrantza-aukeraren mende”.