Euskadiko Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Federazioak 25 urte egin berri ditu.
25 urte horietan, «federazioko kideak ordezkatu, bultzatu eta sustatu ditu, eta beste erakunde batzuekin, administrazioarekin eta herritarrekin elkarlanean jardun da, nekazaritzako elikagaien kooperatibismoaren topagune izateko» EAEn. Horiek izan ziren sorrera-printzipioak, eta oraindik ere indarrean diraute. Egun, 67 enpresa hartzen ditu. Gehienak, 37, Arabakoak. Besteak, berriz, 14 kide gipuzkoarrak dira eta 13 bizkaitarrak. Orotara, 650 langile ditu eta 280 milioi euro fakturatzen ditu. Bazkideak –nekazariak eta abeltzainak– 10.000 dira.
Egun, 67 enpresa hartzen ditu. 650 langile ditu eta 280 milioi euro fakturatzen ditu. Bazkideak –nekazariak eta abeltzainak– 10.000 dira.
Federazioa 1989an eratu zen, eta Kontseilu Errektorearen eta Batzar Orokorraren akordioak, sozietatearen estatutuetako arauak eta Euskadiko Kooperatiben Legean xedatutakoa ditu araubide. Jarduera-arlo nagusiak honako hauek dira: erakunde-ordezkaritza, kooperatiba-prestakuntza eta -sustapena eta aholkularitza-zerbitzuak eskaintzea.
Federazioak hainbat kanpo-ziurtagiri ditu –tartean, ISO eta SGE–, kudeaketaren kalitatea islatzen dutenak.
Iragan apirilean, federazioak Ohiko Batzar Orokorra egin zuen Donostiako Kursaal jauregian. 2013ko urteko kontuak eta 2014ko jarduerak eta aurrekontuak onartu ziren bertan.
Batzarrari hasiera emateko, Euskadiko Kooperatiben Erregistroko arduradun eta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ekonomiako zuzendari María Ubarretxenak hitz egin zuen.
Hitzaldian kooperatibismoaren indarra azpimarratu zuen, euskal nekazaritzako elikagaien sektorearen arazoetarako konponbide iritzita. Halaber, federatutako kooperatibek federatu gabekoek baino arazo gutxiago izan ohi dituztela nabarmendu zuen.
Ekitaldiak kooperatiba asko bildu zituen, eta, gainera, Federazioaren sorreraren XXV. urteurrena ospatzeko balio izan zuen.
Federazioaren presidente Alfredo Montoyak 25 urteotan eskainitako konfiantza eskertu zien bertaratuei. Gainera, kooperatibei nahiz administrazioari zuzendutako hitzaldian, kooperatibismoak lehiakortasuna hobetzeko aurre egin beharreko erronkak zerrendatu zituen.
Federazioaren hiru «zutabeak» ere omendu zituzten; alegia, kooperatibak, langileak eta Kontseilu Errektorea.
Batzarra ixteko, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako sailburuorde Bittor Orozek hartu zuen hitza. Kooperatibek oso sektore atomizatua dena egituratzeko gaitasuna izan dutela goraipatu zuen, eskaintza kontzentratzeko ahalmena azpimarratzeaz gain. Era berean, egoera ekonomikora egokitzeko eta landa-inguruneko prestakuntza- eta informazio-bidea izateko gaitasuna nabarmendu zituen.
Batzarraren ondoren, Galileako (Israel) Baram kibutzeko lider Daniel Barot-ek Israeleko kibbutzim mugimenduari buruzko hitzaldi interesgarria eman zuen.