Eusko Jaurlaritzako eta Errioxako Gobernuko ordezkariek lan-jardunaldi bat egin dute bi autonomia-erkidegoetako zientzia eta teknologia arloetako erakunde pribatuen parte hartzearekin.
Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuorde Estibaliz Hernáezek zuzendu du jardunaldia. Zientzia, Teknologia eta Informazioaren Euskal Sarearen osaera eta funtzionamendua aurkeztu du, bai eta Euskadirako berrikuntza ez-teknologikoko estrategiak eta espezializazio adimendunekoak ere.
Errioxako Industria, Berrikuntza eta Enpleguko kontseilari Javier Erro buru izan duen ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu ditu ZTBESko eragileek Euskadin dituzten lankidetza-formulak, eta Tecnaliaren bi Aliantza Teknologikoen eta IK4en instalazioetako batzuk bisitatu ahal izan ditu, bai eta nanozientziari eta nanoteknologiari lotutako ikerketa kooperatiboko zentroak ere.
Jardunaldia bitan banatu da. Lehen zatian, hainbat hizlari izan dira: Teknologia Parkeen Sareko presidente Migue Corres, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Saileko Teknologia eta Estrategiako zuzendari Leire Bilbao, Berrikuntza, Ekintzailetza eta Informazioaren Gizarteko zuzendari Aitor Urzelai, Nanogune IKZko zuzendari Txema Pitarke, Biogune IKZko zuzendari Jose Maria Mato, IK4 Aliantzako zuzendari Jose Miguel Erdozain eta Tecnalia Korporazio Teknologikoko zuzendari Joseba Jaureguizar.
Bertaratutakoek Biogune IKZren Egitura Biologiako Unitatea, Gaiker-IK4 eta Teknaliaren instalazioak bisitatu dituzte.
Errioxako Gobernuko, Berrikuntzarako Errioxako Fundazioko, BioRioja taldeko, Harakintzako Teknologia Zentroko eta Oinetakoaren Teknologia Zentroko kideek osatu dute Errioxako ordezkaritza.
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Miguel Sanz Errioxako presidenteak azaroan sinatutako akordioaren harira egin da jardunaldi hau. Bi agintariek, bada, batzuen zein besteen interesekoak diren gaietan lankidetza-mekanismo zehatzak ezartzeko prest zeudela adierazi zuten, besteak beste berrikuntzan.
Errioxako eta Euskadiko Gobernuek funtsezko teknologia bideratzaileen arloan (Key Enabling Technologies) ezagutza-transferentzia hobetzeko lan egiteko konpromisoa hartu zuten, enpresa tradizionalak eta beren lehiakortasuna hobetzeko.