Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak, Arabako landa bideen egoera txarra ikusita, hiru milioi euroko laguntzak eman ditu, iaz, urte hasieran izan ziren eguraldi txarren ondorioz kaltetuta gertatu ziren landa bideak konpontzeko.
Araba osoan hedatutako tokiko 155 erakundek jaso dute laguntza zuzen hau.
Laguntzekin guztira 348 bide konpondu ahal izango dira, 4,5 milioi inguruko inbertsioak eginez, inbertitu den guztiaren %80, alegia. Beharrezko laguntza hauek beraien baliabideak sakrifikatuz konponketak egin izan dituzten Udal eta tokiko erakundeei eman zaizkie zuzenean, bai eta lehenbailehen egin beharreko konponketa izanik baliabide horiek ez izateagatik oraindik konpontzeari ekin ez diotenei ere.
Laguntzekin guztira 348 bide konpondu ahal izango dira, 4,5 milioi inguruko inbertsioak eginez
Iaz, urte hasieran, eurite, elurte eta izozte ikaragarriak gertatu ziren, eta, horiek kalte handiak eragin zituzten landa bideen sarean, lehenbailehen konpondu behar zirenak. Egoera horren aurrean, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak konpromisoa hartu zuen lan horien finantzaketan laguntzeko, udal eta tokiko erakundeei laguntza zuzenak emanez, eskaria eginez gero. Baliabideen esleipena posible izan da, Euzko Abertzaleek hala eskatuta Arabako Biltzar Nagusietan administrazioek hartutako erakundeen arteko akordioari esker, ekonomia suspertzeko jarduerak eta inbertsio proiektuak garatzeko dena, hain zuzen.
Baldintzak eta zenbatekoa
Laguntza hauen helbururako, landa bidetzat hartu dira herriguneak eta errepideak landa finkekin, ibaiekin, basoekin, mendiekin, herri lurrekin eta larreekin lotzen dituzten titulartasun publikoko komunikazio bideak, eta batez ere nekazaritza ustiategien edo finken zerbitzurako badira.
Finantzaketa hori eskuratzeko betekizun nagusia da kaltetutako landa bideak konpondu izana eta konponketaren kostuak osorik edo zati batean euren gain hartu izana, edo konponketak egiteko konpromisoa hartzea.
Laguntza horiek itzuli beharrik gabeko diru laguntzak dira, eta izaera subsidiarioa dute kaltetutako erakunde onuradun izan daitezkeen kalteen bestelako estaldura sistema publiko zein pribatuarekiko.
Hauxe izan da laguntzaren zenbatekoa:
a) Konponketa lanen kostuen %20, 2013ko ekitaldian landa bideak egokitu, hobetu eta zaintzeko foru programaren laguntzen babesean laguntza jaso duten udalek eta toki erakundeek egindako landa bideen konponketa lan eta jardueretarako.
b) Kostu horien %80, euren baliabideen kargura udalek eta toki erakundeek egindako landa bideen konponketa lan eta jardueretarako, edo baliabide ezagatik oraindik egin gabe daudenetarako.
Argazkiak: CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Gobierno Vasco/Mikel Arrazola