Europako Parlamentuaren osoko bilkurak onartu duen txostenak itsasoko emakumeen lanbideak aintzatesteko eskatzen dio Europako Batzordeari; haien artean Euskadin lan egiten duten saregileak, neskatilak eta fardo-egileak daude.
Arrantza-batzordeak urtarrilean onartu zuen dokumentua, eta gaur goizean berretsi dute bozketan parte hartu duten 468 eurodiputaturen babesarekin.
Osoko Bilkurak Arrantza Batzordetik atera zen moduan babestutako dokumentuan Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako zuzenketa gehienen ekarpenak daude jasota. Bruselara interesdunen lekukotza eraman zuen, gainera, Jaurlaritzak, Izaskun Bilbao Barandica euskal eurodiputatuak egindako gonbidapenari esker. Eusko Jaurlaritzako Arrantzako eta Akuikulturako zuzendari Leandro Azkuek Euskadiko arrantza-sektoreko emakumeen ordezkaritzarekin batera parte hartu zuen urriaren 14an Bruselara egindako bidaian; orduan Europako Parlamentuak haien etorkizunari buruz eztabaidatzeko antolatutako jendaurreko entzunaldian esku hartu zuten.
Gehitutako zuzenketek, lehenik eta behin, arrantza arloko lanbide lagungarrietan aritzen diren euskal emakumeen kasu espezifikoa biltzen dute
Gehitutako zuzenketek, lehenik eta behin, arrantza arloko lanbide lagungarrietan aritzen diren euskal emakumeen kasu espezifikoa biltzen dute. Zehazki, haien izena («saregileak, neskatilak eta fardo-egileak») zein betetzen dituzten eginkizunen azalpen bat jaso dira: «arrantzako tresneria egitea eta konpontzea, arrainak deskargatzea eta sailkatzea, itsasontzia produktuz hornitzea, eta arraina prozesatzea, eraldatzea, paketatzea eta merkaturatzea edo arrantza-enpresak kudeatzea». «Arrantzaren aukerei lotutako lanbide batzuei» dagozkien gizarte-eskubideak aintzatestzea ere defendatzen dute. Horrez gain, erretiro-adina aurreratu ahal izateko koefizienteak aplikatzearen alde ere egiten dute, «lanaren nekagarritasuna, gauekotasuna, arriskugarritasuna, ordutegiak… direla-eta; beti ekoizpen-erritmoaren edo arrantza-aukeraren mende».
Ebazpenak, halaber, lan-gaixotasunak aintzat hartzeko eta prestakuntza espezifikoa duten profesionaltzat hartzeko ere eskatzen die Batzordeari, Kontseiluari eta estatu kideei.
Argazkiak: CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Gobierno Vasco/Mikel Arrazola