EEusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendari Peli Manterolak, nekazaritzarekin, arrantzarekin, elikagaiekin eta basogintzarekin zerikusia duten arlo zientifikoetan eta enpresarialetan prestatzeko 16 beka entregatu dizkie 16 gazte ikertzaileri – 10 emakume eta 6 gizon-.
Manterolak azpimarratu duenez, “prestakuntza, profesionalizazioa eta espezializazioa sektore guztietan bultzatu beharreko zerbait da, baita nekazaritza eta arrantza sektoreetan eta elikagaien industrian ere”. Beka hauek Eusko Jaurlaritzak Euskadiko I+G+b arloko jarduera sustatzeko eta etorkizuneko profesionalen prestakuntzan aurrera egiteko irmoki garatzen ari den politikaren baitan sartzen dira.
Bekek bi eta lau urte bitarteko iraupena dute, etenik gabe, eta denbora horretan gazteek Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako Sailak lehen sektorean estrategikotzat eta lehentasunekotzat jotako lanak garatuko dituzte.
Ikertzaileei 14.000 euro emango zaizkie urtean, eta teknologoei berriz, 12.000 euro urtean. Diru kopuru horiei 1.000 eta 2.000 euro arteko kopuru bat gehituko zaie urteko, bekek irauten duten bitartean, ikastaroetan matrikulatzeko, kongresuetan parte hartzeko eta antzeko beste gastu batzuetarako. Guztira, 750.000 euro baino gehiago bideratuko dira 16 gazteren prestakuntzarako eta espezializaziorako, gazte horiek Euskadiko nekazaritzaren eta elikagaien sektoreetako etorkizuna baitira.