Euskal Herriaren irudia betidanik egon da baso-paisaiei eta tamaina handiko zuhaitzei lotuta.
Badira ere gertaera historikoei edo tokiko ohiturei lotutako zuhaitzak. Beharbada horregatik da harrigarria, hainbat zuhaitza berezi egonda, ez izatea horiek antzeman eta babesteaz arduratzen den erakunderik.
Euskal Herriko ekimenei gainbegiratua
1987ko abenduaren 15ean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Etxebizitza eta Lurralde Politika Sailak Zuhaitza bereziak aurkitzeko lehiaketa zabaldu zien adituei. Saritutako arbolen zerrendarekin, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko zuhaitz bereziak liburua argitaratu zuen 1990ean. Lan horren xedea eskualdeka sailkatuta zuhaitza babesgarrien katalogo luzea osatzea zen, baina ez zuen ondorio praktikorik zuhaitz horien izendapenean.
Ekainaren 30eko 16/1994 legea, Euskal Herriko natura babestekoa, onartu zen arte, Euskadin ez zen Zuhaitz bereziaren forma legalik egon. Harrezkeroztik, Foru Aldundiak balio historiko edo monumentala zuten zuhaitzen zerrenda egiten hasi ziren, arbola horiek katalogatuak izan zitezen. Gaur egun, 25 Zuhaitz berezi izendatu dira, eta Bizkaian laster besteren bat izendatzea aurreikusten da. Horrela, lurralde historiko bakoitzak hamarna izango ditu.
Kasu gehienetan, zuhaitzen adina edo tamaina hartu dira kontuan katalogoan sartzeko; nahiz eta, beste kasu batzuetan, arrazoi historiko edo kulturalak egon diren tartean. Askotariko espezieak eta kokapenak daude. Egun izendatutako 25 arboletatik:
– 5 Bizkaian daude, 10 Araban eta 10 Gipuzkoan.
– 6 parke naturaletan daude; beste 19ak ez.
– 9 koniferoak dira, 15 hostozabalak dira eta 1 ginkoa da.
– 9 baso publikoetan daude; beste 16ak ez.
– 12 baso-inguruan daude; beste 13ak, ordea, eremu urbanizatuan (gutxi gorabehera).
– 18 jatorri naturala dute (antza); beste 7ak norbaitek landatu ditu.
1997az geroztik ez da Zuhaitz berezirik izendatu, baina Foru Aldundiek arbola zaharrak eta monumentalak zerrendatu eta babesteko lan ugari egin dituzte. Tradizioz, basozaintza izan da lan horiek egiteko informazio-iturri nagusia. LIFE+ Natura “Biodibertsitatea eta Zuhaitz Motzak” proiektuak ekimen horiek guztiak bildu eta Apuntes sobre trasmochos liburua (hemen deskargagarri) argitaratzeko aukera eman du.
Bioaniztasunari dagokionez, Basoen inbentario nazionalak neurtzen duen parametroetako bat da zuhaitz zaharren presentzia. Zuhaitz horiek dira probintzia bakoitzeko inbentario-lursailetan dauden metro bat baino gehiagoko diametroa duten arbolak. Arabako Lautadaren ekialdean, Elgea, Aizkorri-Aratz eta Entzia mendizerren oinetan hain zuzen ere, daude EAEko zuhaitz urtetsu gehienak, batez ere Quercus eta Fagus motetakoak.
Basoen inbentario nazionalaren (Inventario Forestal Nacional) zifren arabera, Euskadiko arbola zabalen kopurua (60 cm baino gehiagoko diametroa) hazten ari da: 1972an, 600.000 zuhaitz zabal zenbatu zituzten soilik; 2005ean, 2,1 milioi; eta 2011an, 2,5 milioi gutxi gorabehera. Hala, arbola zabal bat dago kasik Euskadiko biztanle bakoitzeko. Zuhaitz horietatik milioi bat koniferak dira, gehienbat pinu beltzak, Bizkaian eta Gipuzkoan kokatuta. Bestalde, milioi eta erdi hostozabalak dira, horietatik 900.000 pagoak, Araban eta Gipuzkoan kokaturik batik bat. Orotara, arbola zabal guzti horien erdiak jabe pribatuak dituztela uste da. Gipuzkoan daude mota horretako zuhaitz gehienak.
Beste ekimen eredugarri batzuk
Nafarroako zuhaitz zaharren lagunen elkartearen (Asociación de Amigos de los Árboles Viejos – www.arbolesviejos.org) Abraza tus Árboles (www.sdlmedioambiente.com – Besarkatu zuhaitzak) programako mendi-irteerak eta TREPALARI-Euskal Herriko arbolazaintzaren elkarteak (www.trepalari.org) antolatutako txangoak oso baliagarriak izaten ari dira zuhaitz zahar eta monumentalen garrantzia hedatzeko.
American Forest elkartea Amerikako Estatu Batuetako basoak babesteaz eta zabaltzeaz arduratzen den GKE bat da. 1990tik, 40 milioi zuhaitz landatu ditu, eta, urtero, Zuhaitz handien zerrenda nazionalean (Big Trees) champions deritzen 750 arbola handi gehitzen ditu. Webguneanhttp://www.americanforests.org/our-programs/bigtree/ asmo handiko programa hori azaltzen dute.
Europan, English Nature erakundea 1996an hasi zen Veteran Trees Initiative (VTI) proiektua, Britainia Handiko zuhaitz zaharrak babestea sustatzeko. Gaur egun, Tree Register of Britain and Ireland (TROBI) deritzon zerrendak 150.000 zuhaitz ditu inskribaturik eta geolokalizaturik. www.ancient-tree-hunt.org.uk helbidean hainbat boluntariok zerrendaturiko zuhaitzen kokapena eta ezaugarriak ikus daitezke. Bereziki interesgarriak dira Woodland Trust-en (http://www.woodlandtrust.org.uk/) eta Ancient Tree Forum-en (http://frontpage.woodland-trust.org.uk/ancient-tree-forum/atfhome/home.htm) webguneak. Han, zuhaitz zaharrak eta motzak babesteari buruzko hainbat argitalpen tekniko irakur daitezke.
Kontuan hartu behar da zuhaitz zaharrak bioaniztasun-iturri bikaina direla. Leku berean hamarkadak edo mendeak bizi izan dituen zuhaitz batek geneak ondorengoei utz diezazkieke eta, aldi berean, haren tamainari berari esker, fauna eta flora ugari babesten eta ostatatzen ditu. Hilik ere, arbola handi batek urte luzez izaten ditu barruan balio handiko espezie saproxilikoen larbak, onddo ugari eta bestelako organismo ia ikusezinak.
Baso askotan, zuhaitz zaharrenak eta aipagarrienak estuki eta berariaz babesten dira. Are gehiago, batzuetan arbola ezagunenen istorioa azaltzen duten kartelak jartzen dira. Hamarkadak dira Euskal Herrian basoetako zuhaitza zaharrak babesten direla, zuraren balio estimagaitza ez ezik, naturaren iraupenean eta jasangarritasunean duten garrantzi handia aintzat hartzen delako.
Zergatik ez da sortu Euskal Herrian zuhaitza zaharrak aurkitu eta babesteko erakunderik? Beharbada mota horretako zuhaitza gehiegi daudelako eta, hori dela eta, merezi duten garrantzia ematen ez diegulako? Zenbait txango egin ditut gure basoetan barrena kanpoko bisitariekin. Asko harritu dira bertokoek ohiko eta sarritzat jotzen ditugun paisaiak ikustean. Handierak, garaierak eta zahartasunak jendea liluratzen du, batez ere, ezaugarri horiek guztiak paisaia bakarrean biltzen direnean. Zuhaitz motzak, ospeletako pagadiak, lautadetan bornaturiko hariztiak, pinu beltz edo Douglas izei helduen multzoak… Baso zahar horiek betidanik egon direla eta betiko egongo direla segurtzat jotzen dugu, baina baliteke hala ez izatea. Gure basoak gizakiak sortu edo moldatu ditu, eta beren kaxara uzten baditugu, arriskua dugu horiek galtzeko edota balio gutxiagoko beste elementu batzuk horiek ordezteko.
Testua eta argazkiak: Alejandro Cantero (Hazi Kontsultoria)