Iragan uztailean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Basoko eta Itsasoko Fauna eta Flora Espezie Mehatxatuen EAEko Katalogoaren azken aldaketa argitaratu zuen. Aurrenekoz, zazpi goroldio eta hepatiko barne hartu zituen.
Hain zuzen ere, Breutelia chrysocoma, Buxbaumia viridis, Lepidozia cupressina, Orthotrichum casasianum eta Sphagnum squarrosum espezieak galzorian daudenen kategorian sartu ziren, eta kalteberen kategorian, aldiz, Schistostega pennata eta Telaranea europaea.
Briofitoak (goroldioak eta hepatikoak) interes eta garrantzi zientifiko nahiz ekologiko handiko kriptogamoak dira. Begetal antzinakoak dira oso, Devoniar arotik, duela 350 milioi urtetik, beren morfologiari eta bizimoduari eutsi diotenak. Horrenbestez, begetalek lehorreko eremuak zein eratara konkistatu zuten ulertzeko funtsezko ezaugarriak dituzte. Egun, 24.000 espezie daude, ekosistemetan betekizun funtsezkoak dituztenak: hurrenkera ekologikoaren lehen faseetan kolonizatzaile izatea, lurzoruen eraketan eta oreka hidrikoan esku hartzea eta lurzoruko faunaren abaro izatea.
Begetal antzinakoak dira oso, Devoniar arotik, duela 350 milioi urtetik, beren morfologiari eta bizimoduari eutsi diotenak
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 651 briofito-espezie hauteman dira (494 goroldio eta 157 hepatiko). Azaleraz txikia izan arren, Europako eskualderik aberatsenetakoa da EAE, briologiari dagokionez. Hala, EAEk Iberiar Penintsulako azaleraren % 1 besterik hartzen ez badu ere, hepatikoen eta goroldioen espezie iberikoen % 60 bertan kokatzen da.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 651 briofito-espezie hauteman dira (494 goroldio eta 157 hepatiko).
EAEko briofitoen gaineko ezagutza ona den arren, XVIII. mende amaierako herbarioetan bildutako laginak dira ikertu izanaren seinale, oraindik ere ez da dago EAEko arriskuan dauden briofitoen zerrenda gorria osatzeko beharrezkoa den katalogorik. Hala ere, aurretiazko datuen arabera, Euskadiko briofito-espezieen % 7 baino gehiago galzorian daudela estimatu da, eta gutxienez beste 50 espezie gehi litezkeela zerrenda gorri horretara. Gainera, jakin badakigu, gizakiaren ekinbidea dela medio, hiru espezie galdu direla: Ez aspaldi arte bizi izan da Sphagnum aurtinii Saldropoko zohikaztegi desagerrarazian (Bizkaia aldeko Gorbeia). Sanionia uncinata espeziearen euskal populazio bakarra galdu zen, mendi-bide bat eraikitzeko Urkillako hezegune txiki bat lehorrarazi zenean. Azkenik, Odontoschisma elongatum hepatikoa Saldropoko zohikaztegia suntsitu eta bat desagertu zen.
Galzorian dauden espezieen katalogoetan briofitoak ez agertzea gabetasun oso hedatua da. Espainiako hamazazpi autonomia-erkidegoetatik zazpik baino ez dituzte briofitoen gaineko aipamenak jasotzen arriskuan dauden espezieen katalogoetan. Horrenbestez, arriskuan dauden espezieen euskal katalogoan zazpi espezie horiek bildu izanak Euskadiko biodibertsitatearen babesaren esparruko defizit larri bat gainditzea ahalbidetzen du.
Arriskuan dauden Espezie Mehatxatuen Euskadiko Zerrendan jasotako zazpi espezieetan ardurarik handiena Orthotrichum casasianum espezieak behar du, Euskadiko briofito endemiko bakarra denez. Populazio bakarra dago mundu osoan, Baias ibaiaren 8 km-ko tarte batean baino bizi ez dena, ibarbasoan, Lukiano eta Sendadiano herrien artean.
Zuhaitzen azalean bizi da, oso habitat galkor batean, alde batetik ibaiaren berezko ugaldiek dakarten perturbazio naturalen mende, eta bestetik gizakiak maiz eragiten dituen erasoen baitan. Espeziearen ekologiaren eta dinamikaren gaineko ezagutza hobetzeaz gain, jarraipena eta zaintza ezarri beharko lirateke, baita gunearen gaineko nolabaiteko babesa ere, ibarbasoaren eta ibai-erregimenaren ezaugarri naturalei eusteko.
Ikaragarri berezia da Buxbaumia viridis goroldioa, eta oso baso hezeetako zur usteletan baino ez da bizi.
Ikaragarri berezia da Buxbaumia viridis goroldioa, eta oso baso hezeetako zur usteletan baino ez da bizi. Nahiko ohikoa da Pirinioetako izeidietan, baina EAEko bizileku bakarra Artzenako mendizerraren (Araba) ipar-hegiko pinudiak ditu, eta Europako populazio hego-mendebaldekoena da. Behin baino ez da hauteman, indibiduo bakar bat, 1994an, eta gerora ez da berriz ere ikusi. Goroldio honen kontrako mehatxu nagusia pinudi horien egur-ustiaketa egiteko modua da, zeren ez baitu uzten pinua berez hiltzea eta usteltzea; lehenago ateratzen dute egurra, zuhaitzak botata.
Sphagnum squarrosum goroldioa oso urria da Iberiar Penintsulan. EAEn, populazio bakarra dago, Gorbeiako Natura-parkean, hain zuzen ere, 38 m2-ko eremuan, baina, hori bai, egoera egonkorrean. Arrisku nagusia inguruan egiten diren konifero exotikoen aldaketak dira. Gainera, zapaltzeak kalte handia egiten dionez, inguruan dabilen ganadua ere mehatxua du. Esfagno honen euskal populazioak Gorbeian bizirautera bideratutako saiakerak behar lituzke, kokapenak ugaritzeko.
Lepidozia cupressina eta Telaranea europaea hepatikoek populazio bana dute, bata zein bestea Gipuzkoan, Leitzaran haranean lehena, Jaizkibelen bigarrena. Bigarren hori Europako espezie endemiko bat da, eta Jaizkibelekoa da iberiar populazio ekialdekoena. Aurreko espeziek ez bezala, giza jarduera zuzenetik aski apartatuta daude, baina arrisku handiko egoeran bizi dira, kokapenaren bakantasunagatik eta oso higrofiloak direlako. Antzeko zerbait gertatzen da Schistostega pennata goroldioarekin ere, bizileku bakarra baitu, Nafarroako mugan, Aiako Harrietako granitozko harkaitzetako arrakaletan. Iberiar Penintsulako bizilekuetan ekialdekoena da hori, gainera.
Azkenik, Breutelia chrysocoma Europako goroldio endemikoa aipatu behar da. Alemanian galdu da jada, eta Espainian bost bizileku baizik ez ditu, guztiak ere Kantauri mendikatean eta elkarrengandik erabat aparte daudenak. Udalaitz mendiaren Bizkaia aldeko magalean populazio bat dago. Abeltzaintzari lotutako hainbat eragiketa –gehiegizko larratzea, sasi-garbiketa, txilardiak eta larreak erretzea…– ditu mehatxu nagusiak. Kantabrian zen populazio hurkoena, Zalama mendikoa, desagertu berria da.
Testua eta argazkiak: Patxi Heras eta Marta Infante