DESKRIBAPENA
Harkaitz-zozo gorria 19 cm-ko hegazti txikia da. Gutxi gorabehera 35 cm luze da, 65 gr pisatzen du, eta hegal-zabalerari dagokionez, arra emea baino apur bat handiagoa da.
Arrek eta emeek disformismo sexual handia dute lumajeen kolorean. Arrek urdin-grisaxka kolorea dute buruan, lepoan, zintzurrean eta sorbaldan; hego beltzaxkak dituzte, ipurtxuntxur zuria eta behealdea eta buztana laranja kolorekoak. Lumadi hori askozaz nabarmenagoa da eztei-garaian, neguan tonu motelagoak izaten baitituzte. Emeen goialdeak, berriz, nabarrak izaten dira okre izpilekin. Bietan ala bietan mokoa eta hankak ilunak dira.Ar gazteek emakumeen oso antzeko lumadia izaten dute.
HABITATA
Harkaitz-eremu eta larre ugari dituzten mendietako espeziea da. Mendi-larreetako edo zelai alpinoetako harkaitz-eremuetan egon ohi da.Bere kide harkaitz-zozo urdina ez bezala, harkaitz-zozo gorria ez da amilburuetan edo arroiletan egoten; horren ordez, leku lauagoetako edo malda gutxiko landetako harri-eremuetan paratu ohi da.
ELIKADURA
Ornogabe txikiak jaten ditu: intsektuak, araknidoak, beldarrak eta, noizean behin, narrasti nanoak (esaterako, sugandila gazteak).Batzuetan -gutxiagotan- baiak eta basoko fruituak ere jaten ditu.
UGALKETA
Espezie migralaria da, eta gurera apirilean heldu ohi da. Limurketarako eztei-hegaldiak egiten ditu: tximeleten pareko mugimenduak egiten ditu, hegoak astiro astinduz, eta, amaitzeko, paraxuten gisa lurreratzen da, burdingorri koloreko isatsa erakutsiz. Emeak eraikitzen du habia. Belarrez eta goroldioz egiten du, eta zulo batean edo horma-arraila batean ezkutatzen du. Maiatzean errunaldi bakarra egiten du eta urdin margul koloreko 4-5 arrautza erruten ditu. Emeak soilik berotzen ditu arrautzak 14-15 egunez.Habiako txitak arrak eta emeak zaintzen dituzte, eta txoritxoek aste pare batzuen buruan uzten dute habia.
KOKAPENA
Harkaitz-zozo gorria oso toki gutxitan aurki daiteke Euskal Autonomia Erkidegoan, batik bat, mendiko eta zonalde atlantikoko eta azpikantauriarreko herrietan. Ez daude ale asko eta, klima mediterranearra maiteago duten arren, ez da ikusi ale gehiago daudenik latitudez jaisten garen heinean. Iberiar Penintsulan, ia eskualde guztietako mendi-eremuetan aurki daiteke. Europari dagokionez, eremu mediterranearrera mugatzen da.Marokon eta Asia erdialdean eta mendebaldean ere aurki daitezke oso sakabanaturik.
EGOERA ETA BABESA
“Interes bereziko” espezie gisa sailkatuta dago Espezie Mehatxatuen EAEko katalogoaren arabera. Faktore biogeografikoek eragiten dute gurean hain ale gutxi egotea. Iberiar Penintsulan poblazioa apur bat murriztu da. Halere, estatu mailan espezie “ez mehatxatutzat” jotzen da. Europan, ordea, asko murrizten ari da, eta Polonian, Austrian, Eslovakian, Hungarian eta Ukrainan oso mehatxaturik dago.Poblazioa mantentzeko, oso garrantzitsua da beren ugalketa-eremuetan trabak mugatzea.
Testua: Mª Elena Potes
Irudiak eta argazkiak: Conrado Tejero Lanseros
ARABAKO NATUR INSTITUTUA