6370 kilometro Ozeano Atlantikoan: horixe da Gipuzkoako kostaldean, Donostiatik 20 km-ra, 2006ko urrian markatutako eta askatutako hegaluze batek lerro zuzenean egin duen distantzia izugarria. Arraina Venezuelako arrantzale batzuek harrapatu dute, hango kostaldetik hurbil.
Atlantikoko hegaluzea zaintzeko Nazioarteko Batzordearen (ICCAT) erregistroen arabera, hegaluze batek egindako distantziarik handiena da. Marka ezarri ziotenean, hegaluzeak urtebete zuen, 50 zentimetro luze zen eta 2,5 kg pisatzen zituen. Harrapatu dutenean, sei urte eta erdi geroago, 21,8 kg pisatzen zituen eta 100 cm neurtzen zuen. Tunidoak markatzea oso ohikoa da, besteak beste, espeziearen migrazioak eta multzoen tamaina ezagutzeko.
Errekorra hautsi duen hegaluzea Fernando Zapirain arrantzaleak markatu zuen, Hondarribiko Kutxi Kutxi ontzian, kirol-markaketako txapelketa batean. Txapelketa horretan, mila ale inguru itsasoratu ziren AZTI-Tecnalia zentro teknologikoaren markekin. Hegaluzea Black Marlin itsasontziko arrantzale profesionalek harrapatu dute berriro, eta Venezuelako Institutu Ozeanografikoari eman diote. Institutuak eman die AZTI-Tecnaliako ikertzaileei harrapaketaren berri. Ondoren, AZTI-Tecnaliakoek ICCAT erakundeari bidali dizkiote datuak, zeinaren zeregina baita Atlantikoan eta Mediterraneoan markatutako tunidoei eta antzekoei buruzko informazioa zentralizatzea.
Atlantikoa zeharkatu duten hegaluzeei (Thunnus alalunga) buruzko oso erregistro gutxi dago. Venezuelan berreskuratutako hegaluzeak egin du distantziarik luzeena. Halaber, hegoaldeen aurkitu dutena da, haien ugalketa-eremutik gertu, Ipar Atlantikoan. Horrez gain, gehien iraun duen erregistroetako bat da; izan ere, alea markatu eta askatu zutenetik sei urte eta erdi pasatu izan dira harrapatu duten arte. Momentuz, luzeena 8 urtekoa izan da, eta hortik gertu dago oraingo hau.
Hegaluzeak mota arrunteko marka zeraman bizkarreko bigarren hegatsean, eta hantxe zeuden AZTI-Tecnaliaren harremanetarako datuak eta identifikazio-kodea. Tunidoak markatzearen helburua da haien mugimenduei eta migrazioei, sarden egiturari, hazkundeari, populazioaren tamainari eta fisiologiari buruzko informazioa eskuratzea. Informazio horrek aukera ematen die adituei askotariko arrantza motak espeziean zer eragin duten aztertzeko.
Massachusetts-en aurkitutako alea
2007an pareko kasu bat gertatu zen, Massachusetts-eko (Amerikako Estatu Batuak) kirol-arrantzale batek Hondarribian markatu eta askatutako hegalabur bat harrapatu baitzuen. Animaliak 6170 km bidaiatu zituen lerro zuzenean. Halere, badira oraingo kasuarekiko aldeak. Batetik, AEBetan aurkitutako hegalaburra Bizkaiko Golkoaren antzeko latitudean zegoen, baina azken errekorra egin duen hegaluzea askoz hegoalderago aurkitu dute.Eta bestetik, garaian Hondarribian askatutako alea bi urte eta bi hilabetez ibili zen itsasoan, berriro harrapatu zuten arte; orain, berriz, sei urte eta erdi behar izan dituzte hegalaburra arrantzatzeko.
Zaleen eta ikertzaileen arteko lankidetza
Aisialdiko markaketa-kanpainak 2001ean hasi ziren EAEn, eta arrantzale profesionalek eta zaleek hartzen dute parte.Duela zortzi urte bultzada handia eman zitzaion jarduera honi, Eusko Jaurlaritzak lankidetza-hitzarmena bultzatu baitzuen Nautika eta Jolas Arrantzako Elkarteen Federazioaren eta itsas eta elikagaien ikerkuntzan espezializaturiko AZTI-Tecnaliaren artean.
Akordioa sinatu zenetik, aisialdiko itsasontzi ugarik markatu dituzte milaka hegaluze, hegalabur, atun moja, atuntxiki eta bestelako tunidoak. AZTI-Tecnaliako adituek uste dute aisialdiko arrantzaleen laguntza ezinbestekoa dela animaliak markatzeko eta markatutako animalien harrapaketak jakinarazteko. Horregatik, arrantzale horiek trebatzen dituzte, markak eta arraina nola maneiatu irakasteko.
Venezuelan berriro harrapatutako hegaluzearen espezieari buruzko datu biologikoak:
Izen arrunta: hegaluzea, atún blanco, bonito, germon, albacora, atún de aleta larga/albacore, longfin tuna/
Izen zientifikoa: Thunnus alalunga (Bonaterre, 1788)
Familia:Eskonbridoak
Banaketa-eremua: kosmopolita, ozeano guztietan, ur tropikaletan eta epeletan
Flota/arrantza-aparailuak: beita bizia, xaxiango aparailua, arrastre-arrantza pelagikoa, tretza
Habitata: ur ozeanikoak, azalean zein sakonean
Tenperatura: 9,5 ºC-tik 23 ºC-ra.Fronte termikoek eta topografiak banaketa-eremua baldintza dezakete (ur ozeanikoetan egoten dira, plataforma kontinentaletik at).
Gehienezko neurria:140 cm.Bizkaiko Golkoan harrapatzen diren gehienak 50 eta 110 cm artekoak izaten dira.
Gehienezko pisua:45 kg
Harrapariak: marrazoak, baleak, ezpata-arrainak, beste tunido batzuk
Elikadura: arrainak (bakalada, botakarra, antxoa…), krustazeo planktonikoak (eufausiazeoak, anfipodoak…) eta zefalopodoak
Ugalketa: errule aniztunak.Atlantikoko populazioak Sargazoen itsasoan eta Venezuelaren kostaldearen pareko ur ozeanikoetan ugaltzen dira.
Testua eta argazkiak: Azti-Tecnalia