Ardiekin ardien hazi-jartzeko zentroak 25 urte bete ditu. Mende laurden bat jardun dute ardi latxa eta Karrantzako ardia arrazak hobetzearen alde lanean.
25 urte hauetan 3670 ar hartu dituzte, 450.000 hazi-jartze baino gehiago egin dituzte, eta esne-ekoizpena 126 litro/arditik 216 litro/ardira haz dadin lortu dute. Urtemuga ospatzeko, sustatzaileek sektoreko ordezkariak (aitzindariak zein belaunaldi berriak), administrazio taldeko kideak eta ardi-kudeaketari lotutako hainbat erakundeetako ordezkariak bildu zituzten Arkauteko egoitzan.
Ekitaldian, Mikel Basterra zentroko zuzendaria, Feli Arrese idazkaria eta Lourdes Mintegui albaitaria egon ziren Ardiekin zentroaren izenean. Hala, Basterrak artzainen lana aintzat hartzeko eskatu zion gizarteari, eta erakunde eskudunei, aldiz, laguntza handiagoa emateko.
Erakunde publikoen ordekari han izan ziren, besteak beste, Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordea, Bizkaia eta Arabako nekazaritzako ahaldunak eta Gipuzkoako zuzendaria, Nekazaritzako Ministerioko Nekazaritzako Ekoizpen eta Merkatuen zuzendari nagusi Carlos Cabanas eta Nafarroako Gobernuko Nekazaritza zuzendari Ignacio Guemba. Denek ala denek abeltzain-elkarte honek egiten duen lanaren garrantzia azpimarratu zuten, eta elkarteari babesa eman zioten, etorkizunean are aurrerago egin dezan.
Belaunaldi berria
Sektorearen izenean Julen Arburuak, 21 urteko artzain gazteak, eta Máximo Yarrituk hartu zuten hitza. Arburuak Arantzazuko artzain-eskolan ikasi zuen eta, familia-tradizioari jarraituz, ustiategia eraiki du Baztanen. Bestalde, Yarritu erretiroa hartu duen abeltzaina da, eta bere hitzaldian Ardiekin zentroaren lehen urte zailak ekarri zituen gogora.
Ekitaldian, proiektua aurrera eramateko ahalegin garrantzitsuak egin zituzten horiei esker onak eman nahi izan zizkieten, hala nola, Dunixi Gabiñari, Eduardo Urarteri, Andrés Legarrari, Eca Ugarteri, Ina Beltrán de Herediari, Ordiarp hazi-jartze zentroari, eta, oro har, Ardiekin elkarteari orduak eta orduak eskaini dioten artzain eta familia guztiei.
Modu ofizialean 1988an eratu bazen ere, Ardiekin 1982an jarri zen martxan eta, garai hartan, 47.000 ardi biltzen zituzten 182 ganadutegitako esne-kontrola egiten zuen. Eusko Jaurlaritzak lehentasunezko lan gisatzat jotzen zuen zeregin hori sektorearen etorkizunerako; izan ere, horrezkero idatzia zuen Aldundiekin batera, hurreneko hautapen- eta kontrol-programa. Ardiekin zentroan Frantzia hegoaldetik inportatutako teknikak aplikatu ziren, betiere konbinaturik ohituraz (eta zentzuz) Arkauteko Eredu Etxaldea deritzon baserrian XIX. mendeko hastapenetatik erabiltzen zituzten abere-kudeaketa esperientziarekin.
Ardiekin 1982an jarri zen martxan eta, garai hartan, 47.000 ardi biltzen zituzten 182 ganadutegitako esne-kontrola egiten zuen
Hasieran, Acol (Bizkaia), Agorala (Araba) eta Ele (Gipuzkoa) abeltzain-elkarteek osatzen zuten Ardiekin elkartea eta, 1991an, Aslana (Nafarroa) batu zitzaien. Parte-hartzearen ehunekoei dagokienez, hurreneko hirurek % 29 dute gutxi gorabehera, eta elkarte nafarrak % 12,5. Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek ez dute esku-hartzerik, nahiz eta erakundea babesten duten hainbat motatako laguntzekin.
Lehenbiziko hazi-jartzeak
1985ean, 35 ahari gailendu ziren jatorri-bereizketa prozesu batean eta lehenbiziko haziak jarri ziren. Proiektuan 80 ustiatzailek hartu zuten parte, 1993 ardirekin; 16 ar erabili zituzten eta % 54ko ugalkortasun-tasa lortu zen.
1988an, Ina Beltrán de Herediak hazia izozteko ikerketak hasi zituen, eta 1991era arte jardun zuen lan horretan. 1993an, fotoperiodo-nabea eraiki zen Arkauten, eta haziaren kalitatearen inguruko eta argi- eta tenperatura-aldiek duten eraginaren inguruko ikerketak abiarazi ziren. Harrezkeroztik, etengabean burutu dira ikerketak, besteak beste, esnearen konposaketa (gantza eta proteinak) aztertu eta kalitatea hobetzeko edota titi-morfologia hobetu, ekoizpen handiagoa lortu eta indize konbinatuan aurrera egiteko.
Gaur egun, guztira 74 ardi latxa (aurpegi beltza eta aurpegi gorria) eta Karrantzako ardi daude, Euskadiko eta Nafarroako 173 ustiategitan. Ardiekin elkarteak entrenamendurako 115 bildots, 71 ar testatu eta 110 ar ziurtagiriaren zain ditu.
Testua: Nerea Haig
Argazkiak: Ardiekin eta Alexander Blahut.