Zure iritzia

AIAF-2014: bultzada argia Familia Nekazaritzari

. Atzean geratu zen Munduko Nekazaritza Foroak koordinatutako eta mundu osoko 360 erakundek baino gehiagok (nekazaritza-federazioak, GKEak eta ikerkuntza-zentroak, tartean) babestutako urte askoko kanpaina. Helburu komun horrekin bat egin zuen Filipinetako gobernuak. Hala, AIAFen adierazpenaren ebazpen-proiektua aurkeztu zuen Nazio Batuen aurrean, denera, 40 herrialde inguruk babestu zutena (tartean, Argentina, Australia, Brasil, Espainia, Ginea, India, Kolonbia, Kuba, Niger, Sierra Leona, Suitza, Tailandia, Tanzania eta Togo).


Azkenean, aho batez onartu zuen adierazpena NBEren Batzar Nagusiak. Albiste ona, baiki, merezi bezalako errekonozimendua jaso dutelako gizon eta emakume nekazari familiarrek, laborariek, komunitate indigenek, arrantzale tradizionalek eta artzainek, beren lan isila eta ahalmena askotan ahaztu eta gutxietsi egiten baita.


Alabaina, AIAF-2014 adierazpenarekin abian jarri bazen ere, lana egin gabe zegoen. Ordutik, familia-nekazaritzan dihardutenen eskubideen aldeko taldeak eta jarrerak ugaritzeko lan egin du gizarte zibilak. Era berean, gobernu eta nazioarteko asko batu dira AIAF-2014 prestatzeko lanetara, nekazaritza-elkarteekin harremanetan jarrita. Izan ere, munduko herrialde askotan ezarri dira jada gizarte zibilaren, gobernuen eta nazioarteko erakundeen arteko elkarrizketaren oinarriak, aurtengo nazioarteko urtearen helburu nagusian aurrera egiteko; alegia, familia-nekazarien jarduera babesteko politika publikoak.
Lan hori guztia areagotu egin da 2014an, eta Munduko Nekazaritza Foroak koordinatutako kanpaina orokorraren fruituak sumatu ahal izan dira.

AIAF-2014ren Batzorde Nazionalak
Munduko Nekazaritza Foroak, gizon eta emakume nekazarien, arrantzaleen, artzainen eta komunitate indigenen elkarteak buru zirela, batzorde nazionalen sorrera sustatu du. Plataforma horiek, gainera, beste landa-sektore eta sektore sozial batzuen babesa eta partaidetza dute, hala nola erakunde publikoen zein nazioarteko erakundeena. Hala bada, nekazaritza-elkarte eta gizarte zibileko ordezkari ahalik eta gehienak kidetzeko ahalegina egin da; izan ere, gobernuak, nazioarteko erakundeak eta aipatutako taldeak batzorde nazional ofiziala sortzeko edo gutxienez nekazaritza-politikak hobetzera bideratutako elkarrizketa ofiziala lortzeko ezinbesteko hiru ardatzak dira.
AIAF-2014ko Batzorde Nazionalek egindako jardueren emaitza oso positiboa izan da.

600 erakunde baino gehiago  gehitu dira bost kontinenteetan eratutako 60 batzorde nazional baino gehiagotara


Lerrook idaztean, 600 erakunde baino gehiago (GKEak, nekazaritzako elkarteak, ministerioak, nazioarteko erakundeak eta ikerketa-zentroak) gehitu dira bost kontinenteetan eratutako 60 batzorde nazional baino gehiagotara. Osaera, tamaina edo garapen-maila desberdina duten arren, batzorde nazional guztiek bertsio bera defendatzen dute: familia-nekazariek biztanleei elikagaiak eskaintzeko rola betetzen jarraitzea, herrialdean herrialdeko ezaugarriak gogoan hartuta.


Plataforma horiek guztiek ahalegin handia egin dute antolakuntza, kontsulta, gogoeta eta negoziazio esparruetan, eta horrek ekarri du AIAF-2014rako helburu nazionalak, lan-planak eta berariazko jarduerak zehaztu ahal izatea. Lerrook idaztean, 300 jarduera baino gehiago zeuden izena emanda sustapenaren, inpaktu politikoaren eta sentsibilizazioaren esparruan.


Munduko Nekazaritza Foroaren Idazkaritza aipatutako jardueren koordinazioaz eta koherentziaz arduratu da. Eginkizun horretan lagundu diote Nekazaritza Garapeneko Nazioarteko Funtsak, Lurraren eta Nekazal lurraren Nazioarteko Koalizioak eta Eusko Jaurlaritzak. Azken horrek, Kanpo Ekintzaren, Lankidetzaren eta Emakunderen bidez lagundu du.


AIAF-2014ren Batzorde Nazionalen lorpenetako batzuk aipatuko ditugu jarraian. Esaterako, Paraguaiko gobernuak familia-nekazaritzako produktuen erosketa publikoen legea aktibatu du. Kolonbian, bestalde, historian aurrenekoz, familia-nekazaritza sustatzeko berariazko programa jarri da abian. Nepalen eta Burkina Fason, besteak beste, nabarmen handitu dira gizon eta emakume familia-nekazarien lana laguntzera bideratutako aurrekontuak.


Adibide horiek AIAF-2014k sustatutako dinamismoaren froga txiki batzuk baizik ez dira. 2014an hainbat politika zehatz abiarazi dira, munduko herrialde askoko familia-nekazaritzaren etorkizuna nabarmen argitu dutenak. Energia horri esker, familia-nekazaritzaren irudia gaurkotu da eta, era horretan, gobernuen eta gizartearen arreta erakartzea lortu da.


Hala ere, oraindik ere asko dago egiteko, familia-nekazaritzan diharduten gizonen eta emakumeen funtsezko eginkizunari behar bezalako errekonozimendua emateko. Ezinbestekoa da sentsibilizazioko eta eragin politikoko ekintzei eustea, familia-nekazaritza hainbeste kaltetzen duten eta oraindik ere indarrean dauden paradigmak saihesteko.

Munduko Nekazaritza Foroa.

AIAF-2014ren gaineko informazio gehiago lortzeko, kontsultatu honako orrialde hau: www.familyfarmingcampaign.net

Ekaina 2019
A A A O O L I
27 28 29 30 31 1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30

Buletina