Ikerketa

NEIKER ardi sektorearen produktibitatea handitzeko europar proiektu batean parte hartzen ari da

NEIKER-Tecnalia, Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea Europako beste zortzi zentrorekin ari da parte hartzen SheepNet berrikuntza sarean

, ardi sektorearen produktibitatea handitzeko helburuarekin, Europa osoko ikertzaileen eta ekoizleen artean ezagutza elkartrukatuz.

Ardi haragi eta esnearen produkzioa abeltzaintzako jarduera oso garrantzitsua da Europarentzat eta Turkia bezalako auzoko herrialdeentzat.

Europan 85 milioi abere daude 830.000 etxaldetan, eta Turkia herrialde elkartuan, berriz, 31 milioi buruz ditu, abeltzaintzako 127.000 ustiategitan. Espainiari dagokionez, 16,5 milioi ardi ditu 116.000 artaldetan banatuta, eta horietatik 260.000 buru Euskal Autonomia Erkidegoko 5.500 ustiategitan daude.

Halere, ardi sektoreak gizarteari egiten dion ekarpena elikagaiak hornitzetik harantzago doa, eta bere benetako eragina ezin da soilik erroldei edo termino ekonomikoei begiratuta ebaluatu. Berez, begi-bistako aztarnak utzi ditu gure kultur ondarean, bereziki gastronomikoan, kalitate bereiziko eta ospe ezaguneko elikagaiekin, esaterako, Idiazabal JIko gaztarekin. Gainera, lagundu egiten du lurraldea kudeatzen, paisaia mantentzen eta suteak prebenitzen, neurri handi batean interes bereziko eta balio natural handiko guneetan.

Halere, 2000. urtetik aurrera, EBn ekoizleen kopurua %50 murriztu da, eta horrek arrisku handia dakar oro har behar gehien duten inguruneen garapen iraunkorrerako.

Ardi buru bakoitzeko hazitako arkume kopuruaren hazkunde iraunkorra eta jezteko ardi kopuruaren igoera –eta beraz esne kantitatea– ezinbestekoak dira ardiaren sektorearen erakarmena indartzeko. SheepNet sareak 1,99 milioi euroko finantzaketa du, Europar Batasunaren Horizon 2020 programaren barruan, eta bere helburua sektorearen produktibitatea handitzea da. Egitasmoaren lehen bilera Athenryko Teagasc ikerketa zentroan egin da (Irlanda), eta 2019ko urrira arte garatuko da.

SheepNet berrikuntzari buruzko sare bat da, sektorearen produktibitatea hobetzera zuzendua, lankidetza bidezko lanaren bitartez. Europako ikertzaile, teknikari eta ekoizleen artean ezagutza zientifikoak eta praktikoak elkartrukatzen lagunduko du. Bertan parte hartzen dute Europar Batasuneko sei herrialde ekoizleetako ikerketa zentroek –Espainia, Erresuma Batua, Errumania, Italia, Frantzia eta Irlanda– eta Turkiak.

Iraila 2019
A A A O O L I
26 27 28 29 30 31 1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 1 2 3 4 5 6

Buletina