Berrikuntza

Nekazaritzako elikagaien balio katean elkarlanak eta berrikuntzak egiten laguntzeko neurriak aurkeztu ditu eusko jaurlaritzak sektorean

2015-2020 aldirako Euskal Herriko Landa Garapeneko Planak jasotzen duen Lankidetza Neurriaren berri emateko jardunaldia egin da Eusko Jaurlaritzako egoitzan, Vitoria-Gasteizen

, eta Euskal Herriko nekazaritza munduko eta nekazaritza elikagaien sektoreko 150 lagunek baino gehiagok hartu dute parte bertan. Jardunaldian sektoreko agenteak elkartu dira, proiektu ideia baten inguruan taldeak edo ekipoak eratzeko interesarekin, aukera bat aprobetxatu edo arazo bat konpontzeko: enpresak, ikerketa zentroak, landa garapeneko elkarteak, kudeaketa zentroak, fundazioak, etab.

Jardunaldiaren inaugurazioa Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuorde Bittor Orozen esku egon da, zeinak Lankidetza Neurri honen garrantzia handia azpimarratu duen. Bittor Orozek esan duenez, ikuspuntu ekonomikotik "13 milioi euroko zifrara iritsi daiteke programazio aldian" eta irismenari dagokionez, berriz, "ez da mugatzen produktu, prozesu eta teknologia berrien garapenera, eta beste eremu batzuekiko elkarlanak ere hartzen ditu, esaterako banaketa kate laburren bultzatzekoak, ingurumeneko proiektuekin lotura duten baterako planteamenduak abian jartzekoak, edo zerbitzu turistikoak merkaturatzeko agente txikien arteko lankidetzarakoak”. Era berean, Orozek azaldu du zer laguntza bide eskaintzen ditu bere sailburuordetzak espezializazio adimentsurako estrategiak sustatzeko, hori izanik “ezinbesteko baldintza baliabideak eta inbertsioak elkartu eta Euskadin dauden eta egon daitezkeen ekoizpen ahalmenekin sinergia garbiak dituzten arloetan erabiltzeko”. Horien artean, Orozek nabarmendu duenez, "lehentasunezko lekua hartzen du elikadurak, garatzeko eta jarduera berria eragiteko aukera handiak ditu-eta. Izan ere, elikagaien balio katearen sektore estrategikoa da euskal ekonomia osoan duen inpaktuagatik”

Lankidetza Neurria

Bittor Orozen interbentzioaren ondoren, hitzaldi teknikoenei eman zaie hasiera, hauen eskutik: Santiago Martinez, Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitatearen eta Industrien Zuzendaritzaren menpeko Ikerketa Programen arduraduna; Rogelio Pozo, Aztiko zuzendari-gerentea; Pilar Riaño, Hazi Fundaziokoa; eta Miriam Molina, Idizabal Jatorri Izendapenaren gerentea.

Santiago Martinezek 2015-2020 aldirako Euskal Herriko Landa Garapeneko Planean jasotako Lankidetza Neurriaren finantzaketarako tresnaren ezaugarriak azaldu ditu; pasa den maiatzean onartu zuen tresna hori Europako Batzordeak. Neurriaren helburua da berrikuntza bultzatzea lankidetzaren alorrean, eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako Sailburuordetzak Berrikuntza eta Lankidetzako diseinatu duen Estrategia Biziaren printzipioei erantzuten die erabat. Neurri horren bitartez, EAEko administrazio orokorraren fondoak (%20) eta Landa Garapenerako Nekazaritzako Europar Fondoaren ekarpena (%80) erabiliko dira gutxienez bi erakunderen partaidetzarekin garatzen diren proiektuak finantzatzeko, erakundeetako bat nekazaritzako elikagaien sektoreko balio katekoa izanik.

Berrikuntza eta Lankidetzako Estrategia Bizia (EVIC)

Azti Ikerketa Zentroko zuzendari Rogelio Pozok Berrikuntza eta Lankidetzarako Eusko Jaurlaritzak diseinatutako Estrategia Bizia aurkeztu du. Estrategiaren asmoa da lankidetzarako ekimen berritzaileak garatzen laguntzea lehen sektorean, euskal landa eta itsasertzeko ingurunean, eta nekazaritzako elikagaien industrian. "Erronka garbia da”, adierazi du. "Lankidetza, berrikuntza eta esperimentazioa araua direneko kultura bat sortu behar da". 2014an ekin zitzaion Berrikuntza eta Lankidetzako Estrategia Bizia diseinatzeari, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordetzak koordinatuta, eta lanketarako lantalde misto baten laguntza eduki da, exekutibo autonomoko zuzendaritza batzuek eta Innobasque, Azti Tecnalia, Elika, Hazi eta Neiker Tecnalia erakundeek osatuta. Horiek denak Katilun daude sartuta, Berrikuntza Brokerra baita, Berrikuntza eta Lankidetzako Estrategia Biziaren diseinua eta hedapena errazteko eta laguntzeko tresna, alegia.

Hazi Fundazioko Pilar Riañok azaldu ditu Katiluren funtzioak eta antolaketa. Pilar Riañok esan duenez, nekazaritzako elikagaien sektoreko eta landa eta itsasertzeko inguruneko pertsonei eta erakundeei guneak eta dinamikak eskaintzeko tresna bat da Katilu. Bere lana da negozio ereduei balioa ematea, iraupen iraunkorreko ikuspegiarekin, berrikuntza bultzatuta lankidetzan eta erakundeen berritze ahalmena sustatuta. Katiluko kide izan daitezke beren ezagutzak, ekimenak, esperientziak, kezkak, premiak, proposamenak, ideiak edo proiektuak eskainiz lagundu eta elkarlanean arituta sektorea lehiakorragoa egin nahi duten pertsona eta erakunde guztiak.
Bukatzeko, Miriam Molinak, Idiazabal Jatorri Izendapenekoak, Landa Garapeneko Planean jasotzen den Lankidetza Neurriaren babespean sartu daitekeen adibide praktiko bat aurkeztu du. Jatorri izendapen horretako esneraren optimizaziorako proiektua izan da aurkeztu duena, izan ere, 2015eko deialdiko onuradunetako bat izan zen.

Buletina