Berrikuntza

Euskadiko LPG 2015-2020. Lankidetza neurria

Europar Batasunak “Europa 2020” estrategia landu du, hazkunde inteligente, jasangarri eta integratzailea lortzeko. Berrikuntzak lehen mailako protagonismoa du

, helburu hori lortzerakoan; horrela, estrategia horren ardatzetako bat "Berrikuntzaren aldeko Batasuna" izeneko ekimen adierazgarria da, zeina abiapuntua baita Europako Berrikuntza Elkarteak abian jartzeko (EBE). Horrela, elkarren arteko lana sustatu nahi da, lankidetza alegia. Horregatik, aipatutako ekimenak Berrikuntzarako Lankidetza kontzeptua sortzen du. Ikerketaren eta berrikuntzaren antolamendu berri bat proposatzen da Europar Batasunean; izan ere, batetik, "Europa 2020" estrategian zehaztutako erronkei begira jarri behar dira, eta, bestetik, ikerketa- eta berrikuntza-kate osoan eragin behar dute, emaitzetan arreta berezia jarriz.


Gaur arte sortutako EBEetako baten jarduera-esparrua nekazaritza emankor eta jasangarria da, eta 1303/2013 (EB) Erregelamenduak (1) haren helburuak ezartzen ditu 55. artikuluan. EBE horren babespean talde operatiboak eratzen dira (56. eta 57. artikuluak), eta haien helburua hainbat eragilek proiektu berritzaileak gauzatzea da; besteak beste, nekazariek, ikertzaileek, aholkulariek eta nekazaritzako elikagaien sektoreko enpresek.


Lankidetzarako finantza-laguntzak aipatutako Erregelamenduaren 35. artikuluan xedatzen dira, eta 2007-2013 programazio-aldiarekin alderatuta, lankidetza-mota gehiago sustatzen dira, onuradunen gama ere zabalagoa delarik. Gutxienez bi erakunderen arteko lankidetza-moduak sustatzeko laguntzak emango dira, eta bereziki aintzat hartuko da nekazaritza-emankortasunaren eta -jasangarritasunaren arloko EBEaren talde operatiboen sorrera.

EUSKADIKO LANDA-GARAPENERAKO PROGRAMA (LGP) 2015-2020: 16. lankidetza-neurria

Europako Batzordearen 2015eko maiatzaren 26ko Erabakiaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren LGPa onartu zen.


Jakina denez, tresna horrek egituratzen du aldi horretan Euskadiko landa-ingurunean bultzatuko diren jarduera eta neurrietarako Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) finantza-laguntza. Honako hauetatik sortutako lehentasunezko beharren inguruan egituratuko da: gure landa-ingurunea osatzen duten arloen egoera-diagnostikotik, aurre egin beharreko helburu eta ildo estrategikoetatik, eta, azkenik, ezarri beharreko neurri eta jardueretatik –dagokien diru-esleipenarekin–.

Programa horrek zehazten duenez, jarduketa-beharrizan estrategikoetako bat lankidetzaren sustapena da, berrikuntzaren bitartez landa-ingurunearen lehiakortasunean aurrera egiteko. Horrekin bat eginez, lankidetza-neurria (16) hautatua izan da, eta 5 milioi euroko hasierako aurrekontu-zuzkidura izango du (4 LGENFtik eta 1 berezko funtsetatik), gehi 8 milioiko finantzazio osagarri nazionala, hori ere Eusko Jaurlaritzaren kargura.
Neurri hori zazpi azpineurritan egituratzen da; nekazaritza-emankortasunaren eta jasangarritasunaren arloan EBEaren talde operatiboen sorrerari eta funtzionamenduari laguntzekoa, besteak beste. Gainerako seiak helburu hauek dituzten neurriei laguntzeko izango dira:


- Produktu, praktika, prozesu eta teknologia berriak garatzea
- Turismo-zerbitzuak garatzea edo merkaturatzea
- Banaketa-kate laburrak garatzea
- Aldaketa klimatikoaren eragina arintzea edo horretara egokitzea
- Energia ekoizteko biomasaren hornikuntza jasangarria lortzea
- Osasunaren, gizarteratzearen, ingurumen-hezkuntzaren eta elikaduraren inguruko nekazaritza-jarduerak dibertsifikatzea

LANKIDETZARAKO LAGUNTZEN 2015EKO DEIALDIA

Laguntzetarako dei egiten duen Aginduak zazpi azpineurri horiek aurreikusten ditu, eta hauek hartzen ditu diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat:
- Azterlan orokorren eta bideragarritasun-azterlanen kostuak, baita enpresa-planak egiteari dagozkionak ere
- Dinamizazio-, sustapen- eta animazio-jardueren kostuak
- Lankidetza-jardueren funtzionamendu-gastuak
- Proiektu pilotuak egiteko beharrezkoak diren kostuak
- Komunikazio- eta hedapen-jardueretarako kostuak

Proiektuak baloratzeko, oro har, irizpide hauek erabiliko dira: proiektuaren ezaugarriak eta lantaldearen helburua eta osaera. Aipatu behar da kontuan izango dela, besteak beste, proiektuaren helburuak bat etortzea Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren Berrikuntza eta Lankidetzarako Estrategia Biziarekin. Estrategia hori oinarrizko eta erreferentziako dokumentua da Euskadiko nekazaritzaren, abeltzaintzaren, arrantzaren eta elikagaien sektoreetan berrikuntza ezartzeko. Estrategia horren bidez berrikuntza/lankidetza prozesu errealak eta eraginkorrak eragin nahi dira, finean sektorearen lehiakortasuna hobetzeko.


EBEaren talde operatiboen sorrerari eta funtzionamenduari laguntzeko azpineurriaren kasuan, Brokering Innovation prozesuko faseren batean parte hartzea ere aurreikusten da irizpide gisa. Berrikuntzako broker/agentetzat hartzen da proiektua gauzatzeko aktore egokienak bilatzen eta harremanetan jartzen dituen pertsona edo erakundea; ez da beharrezkoa teknikoki parte hartzea, eta berrikuntza-prozesuko bi alderdi edo gehiagoren arteko agente gisa jokatzen du. Euskadin Katilu partzuergo publiko-pribatuak hartzen du erantzukizun hori bere gain. Partzuergo horren partaideak Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetza, HAZI, NEIKER, ELIKA, AZTI eta INNOBASQUE dira. Nortasun juridikorik ez duenez, LGParekiko administrazio- eta kudeaketa-arloko lotura HAZIren bitartez gauzatzen da. Berrikuntza-agentea den aldetik, HAZIk (Katiluk), hainbat informazio-, gaikuntza- eta sustapen-ekintza gauzatuko ditu, laguntza-deialdietan parte hartzaileek egiaztatu ahal izan dezaten Brokring Innovation prozesuaren faseren batean partaidetza dutela.


Azkenik, laguntza hauen onuradun izan ahalko dira arazo zehatz bat konpontzeko edo detektatu den aukera jakin batez baliatzeko eratu diren taldeak/lantaldeak. Kideek dokumentu operatibo bat formalizatuko dute haien artean, taldearen/lantaldearen funtzionamendua arautzeko. Proiektuek ez dute bi urte baino gehiago iraungo eta, edozein kasutan, gure jarduerei buruzkoak izango dira.

Buletina