| Ikerketa

Abeltzaintza-ustiategietan gas-isurketak murrizteko metodo eraginkorragoak

Atmosferara isurtzen diren gas kutsagarriak murrizteko, Neiker-Tecnaliak abeltzaintzako hondakinen (minda eta gorotza) hainbat tratamenduren eraginkortasuna ebaluatzeko azterlana egin du.

Ikerketak erakutsi du esekitako hodien bidez mindak laborantza-lurretan aplikatzeak amonio aplikatuaren %3,9 soilik isurtzen duela atmosferara; haizemailearen metodo tradizionalarekin, berriz, %44 isurtzen da. Horrez gainera, minda poltsa iragazgaitz handietan biltzeak %86 eta %61ean murrizten ditu amoniako eta metano isurketak, hurrenez hurren. Emaitzak Maialen Viguria nekazaritza-ingeniariak berriki defendatutako doktorego tesian jasota daude. Ikerketa Europako Batfarm proiektuaren barruan sartzen da, EBko Interreg Atlantic Area Programaren finantzazioa jaso du eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritzako, Arrantzako eta Elikagai Politikako Sailburuordetzaren mendeko Neiker-Tecnalia erakunde publikoak koordinatu du.

Ikerketa Europako Batfarm proiektuaren barruan sartzen da

Abeltzaintzako ekoizpenak sortzen dituen gas-isurpenak amoniakoa (NH3) eta metanoa (CH4), nagusiki –azken hori negutegi-efektuko gasa dela aintzat hartuta– atmosferara isurtzen diren gas guztien %10 eta %40 dira, hurrenez hurren, eta ekoizpen-sistemaren eraginkortasuna galtzea eragiten dute. Hori dela eta, NEIKER-Tecnaliak proposamen eraginkorrak eman nahi dizkio abeltzaintzaren sektoreari hondakin organikoetatik eratorritako gas-isurketak murrizteko. Hondakin horien artean dago minda ere, abereen txizaz eta gorotzetik isurtzen den likidoaz osatua, eta laborantza-lurrak ontzeko baliatzen dena.

Teknologia-zentroko ikerlariek egiaztatu dute minda esekitako hodien bidez aplikatzeak kalte gutxiago eragiten duela ingurumenean ohiko haizemailearen metodoak baino. Izan ere, metodo horretan tanga batetik irteten den emaria banatu eta lurrera bideratzen da, bata bestearen artean 30 cm-ko tartea duten hodien sare baten bidez. Horrela, atmosferara igorritako NH3 amonio aplikatuaren %3,9 da soilik. Haizemailearen metodoarekin, berriz –minda plater baten kontra talka egiten duen zurrusta batekin kanporatzen da tangatik, haizemale baten itxurarekin irekitzen da eta lurzoruaren azalera guztia estaltzen du– isurketa %44koa da.

Atmosferara igorritako NH3 amonio aplikatuaren %3,9 da soilik

Abeltzaintza-ekoizpenetik eratorritako beste arazo bat minda biltegiratzea izaten da, hura behar bezala tratatu edo ongarri gisara aplikatu arte. Neiker-Tecnaliak egiaztatu du minda poliesterrezko poltsa iragazgaitzetan biltegiratzeko sistema oso eraginkorra dela gas-isurketak murrizteko. Poltsa horiek betetzeko prozesuan NH3 eta CH4 gasen isurketak %86 eta %61 urriagoak izan ziren, hurrenez hurren, ohiko biltegiratze-metodoarekin alderatuta, hots, estali gabeko zuloak. Arabako lurralde historikoan abeltzainen talde batek arrakastaz erabiltzen ditu dagoeneko poliesterrezko poltsak. Poltsa horiek 3.500 metro kubikoko edukiera dute, eta Abere Zerbitzu Teknikoak kooperatibak kudeatzen ditu.

Laborategi mugikor berritzailea
2011n abiarazitako ikerketa gauzatzeko, Neiker-Tecnaliak laborategi mugikor berritzaile bat baliatu du, gasen presentzia hautemateko aire-laginak bildu eta aztertzeko aukera ematen duena. Estali gabeko zuloetan laginak hartzeko, teknologia-zentroak gailu flotatzaile bat diseinatu du, bildutako airea zuzenean isurpen-iturritik datorrela ziurtatzen duena.

Ikerketaren emaitzek atmosferara doazen gasak murrizten lagundu ez ezik, abeltzaintzaren sektoreko lan-baldintzak hobetuko dituzte, izan ere, usain txarrak gutxitzen eta amoniako- zein metano-partikula esekien kopuru txikiagoko lan-eremu bat lortzen lagunduko dute.

Klima-aldaketaren aurkako borroka
Abeltzaintzan jatorria duten gas-isurpenak murriztea funtsezkoa da klima-aldaketaren aurkako borrokan, gas horiek ekarpen garrantzitsua egiten baitiote negutegi-efektua izenekoari. Abere-ekoizpenak goraka jarraituko du munduan, biztanleria-igoeraren ondorioz elikagaien eskaerak ere gora egingo baitu. Horrenbestez, Neiker-Tecnaliak egindako ikerketa eta horren antzekoak oso garrantzitsuak dira abeltzaintza jarduera jasangarria izan dadin ingurumenari dagokionez.

Maialen Viguria nekazaritza-ingeniariak "Ammonia and greenhouse gases emissions from manure storage operations in livestock production systems" izenburua jarri dio bere tesiari. Ikerlariak nazioarteko epaimahai baten aurrean defendatu zuen, Euskal Herriko Unibertsitatean, eta "cum laude" kalifikazioa lortu zuen.

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait