Ibilbidea

Kolitza mendia Balmasedatik. Enkarterriko lurrak.

Balmaseda Enkarterriko eskualdeburua da. Bizkaian sortutako lehen hiribildua da (1199), eta Burgosera Bizkaitik joateko atea dugu. Mendeetako hiri-gune bat da, merkataritza eta industria dituena.

Beste arrazoi batzuen artean, Boinas La Encartada lantegi zaharragatik da ezagun (museo bat da gaur egun), Erdi Aroko azokagatik, Aste Santuagatik, eta Cadagua ibaiaren gaineko Erdi Aroko zubi harresidun bereizgarriagatik (Zubi zaharra edo Muzako zubia).

Baso-oharrak Balmasedari buruz
Baina Balmaseda ez da hiri-guneagatik soilik nabarmentzen. Inguratzen duten mendiek (gehienak erabilera publikokoak dira) baso-masa handiak biltzen dituzte, eta radiata pinua da nagusi horietan.
Euskal Autonomia Erkidegoko Baso Inbentarioaren eta FORRISK proiektuaren esparruan eginiko zenbatespenen arabera, sei euskal udalerrik baino ez dituzte udal-jabetzako 1.000 hektarea radiata pinu eta espezie horren 200.000 m3 zur mendi publikoetan. Gertu dagoen Amurrio (Araba) udalerria izan ezik, udalerri horiek guztiak Enkarterrin daude: Karrantza Harana, Sopuerta, Gordexola, Zalla eta Balmaseda. Bada, Balmaseda horien artean gailentzen da batez besteko zur-izakin handienak dituelako: batez beste, 260 m3 pinudi horietan. Batez besteko bolumen handi horien ondorioz, batetik, ondare publikoa nabarmena da, baina bestetik, arrisku handia dakar fenomeno gogorren aurrean. Horixe jarri zen agerian 2010ean, Xynthia haizeteak kalte handiak eragin zituenean Araban eta Bizkaian, Balmaseda barne.
Balmaseda udalerriko Erabilera Publikoko Mendien Antolamendu Planaren arabera (IKTk egin zuen eta PEFCk ziurtatu, 2011tik aurrera), udal-jabetzako lau mendi daude: "El Acebo, El Alisal eta Calleja Cerrada", "Arbaliza, Retao eta Los Arroyos", "El Juque, Coliza eta Pedrera", eta "La Herbosa eta Los Tueros"; Bizkaiko Foru Aldundiaren ondare-mendiez gain ("El Acebo eta Chorrote", "El Castillo de Piedra", eta "Buenos Aires"). Balmasedako Udalaren Erabilera Publikoko Mendi horietan antolatutako azalera osoa 1.427 ha-koa da; zuhaiztia dago horren % 95etan, eta radiata pinuak 1.050 ha hartzen ditu.
Jarraian baso-basoko ibilbidea proposatzen da, pinudi zabal horien bihotza zeharkatzen duena.

mapa103

Ibilbidea
Kolitza Bizkaiko bost "dei-adar mendietako" bat da, Oiz, Sollube, Gorbeia eta Ganekogortarekin batera. Izen hori dute garai batean adar hutsak edo turutak erabiltzen zituztelako gailur horietatik deiak egiteko. Suak ere pizten zituzten, Bizkaiko jaurerriko Batzarretara deitzeko xedez.
Gaur egun, Kolitza oso ezaguna da mendizaleen artean, Ordunteko mendiak zeharkatzeko sarbide nagusietako bat delako, eta hainbat mendi-lasterketa egiten direlako bertan. Zenbait tokitatik abia daiteke igotzeko, nahiz eta ohikoena Balmasedatik igotzea den. Errepidez eta trenez hel daiteke hiribildu horretara (La Robla trenbidea, Bilbo eta Leon lotzen dituena).
Balmasedako Zubi Zaharretik abiatuta (kota: 150), ipar-mendebalderantz igor behar da, eta Pandozales auzora eramaten duen bide asfaltatua jarraitu (kota: 283). Autoa hautatzen bada, auzo horretan bertan aparka daiteke, eta bertan ekin igoerari. Auzora iritsitakoan, errepidea gero eta garaiera handiagoko hormigoizko pista bihurtzen da, eta ibilbide luzeko bideko markak jarraitu behar dira (GR 123). Mahastiak dauden tokira heltzean, eskuineko desbideratzea hartu behar da, pinudian sartzen dena. Igotzean, ipar-mendebalerantz jo behar da beti; hainbat baso-pista hartu behar dira, eta ibilbideak marka egokiak ditu, baita seinaleak eta iturriak ere.
Kota 600ekoa denean, gutxi gorabehera, La Herbosa auzoa abiapuntu duen pista nagusia hartzen da, Kolitzako gailurrera bertara heltzen dena. Atseden hartzeko eremu txiki bat da, igoeraren azken zatia, gailurreraino doana, malda handikoa baita. Campo del Espino muinoan gaude, Balmaseda eta Artzentales harana (iparraldean) bereizten dituena. Ipar-mendebalderantz ibiltzea aukeratzen bada, La Porqueriza jolas-eremura topatuko dugu. Bertatik, gertu dagoen La Garbea mendira (718 m) igo daiteke; antenez beteta dago, baina Sopuerta, Zalla eta Cadaguako haraneko gainerako zatiko bistak ederrak dira.
Baina gaurko helburua Kolitzako gailurra da, eta horretarako, lurperatutako enborrekin duela gutxi nabarmendu den bidea edo suebakia jarraitu behar da, gailurreraino iristen baita gutxika (kota: 879; 1,5 edo 2 ordu geroago). Bertan, San Sebastián eta San Roque baseliza izango dugu zain. Amildegi baten ertzean eraiki zen, eta inguruko mendien eta haranen panoramika ederra ikus daiteke handik. Burgos, Kantabria edo, eguraldiak laguntzen badu, Kantauri itsasoa ikus daitezke. Baseliza Gerra Zibilaren ostean zaharberritu zen, Bizkaiko estilo protogotiko edo lehen gotikokoa dela uste da (XIII-XIV mendeak), eta bi portada ditu. Hala ere, gertu dagoen Burgosko Mena haranean topa daitezkeen baseliza erromanikoen estilo antzekoa du.
San Roquerenganako debozioaren jatorria omen da izurriteetan aterpe izan zela Balmasedako herritarrentzat. Mendia beti izan da hiri-arazoetatik ihes egin eta purifikatzeko leku aproposa. Eta hala jarraitzen du izaten gaur egun.
Balmasedara jaisteko, bide berbera erabil daiteke, edota pinudian zehar hego-ekialderantz doan edozein baso-pista. Orobat, Artzentalesera Regomedotik jaisteko aukera dago, edo urrunean, Karrantzaraino joaterik dago, Los Karranzanos bidetik. Aukera guztiak baso-basokoak dira, eta merezi dute.

Alejandro Cantero Amiano
Mendi-ingeniaria
HAZI Fundazioa

Iraila 2019
A A A O O L I
26 27 28 29 30 31 1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 1 2 3 4 5 6

Buletina