Elkarrizketak

Juanan Gutierrez Lazpita, Euromontanako Lehendakaria

Gaur egun, HAZIko Prospektiba eta Europako Sare eta Proiektuen Ataleko arduradun Juanan Gutierrez Lapitza da Euromontana Europako Mendi Eskualdeen Elkarteko lehendakaria.

Euromontanak, berriz, Bilbon antolatu du azken konbentzioa "Mendietatik datorren kalitatea: pertsona eta lurraldeentzako oparotasuna" lelopean. Elkarrizketa honetan azaltzen digu erakundeak zer helburu daukan, eta zer proiektutan ari den gaur egun lanean


Euromontana 1996. urtean sortu zen. Azaldu ahal diguzu zein izan den sortu zenetik izan duen bilakaera? Zeintzuk dira haren helburuak eta lan-metodoak?
Halaxe da: 96. urtean sortu zen erakunde independente modura. Dena den, Europako Nekazaritza Konfederazioan, 1974tik aurrera, bazen lan-talde bat mendiko eskualdeetako bizi-kalitatea hobetzeko lan egiten zuena. Tartean Eusko Jaurlaritza zegoela, erakunde-talde txiki batek sortu zuen talde hura, eta Frantziako lege-araubidean oinarritzen zen. Harrez gero, Eusko Jaurlaritza beti egon da, nola edo hala, zuzendaritza-organoen artean.


Zer herrialdetakoak dira bazkide sortzaileak?
Eusko Jaurlaritzaz aparte, sortzaile gehienak Italia, Frantzia edo Suitzako organismo edo erakundeak ziren, batez ere Alpeetakoak.


Eta gaur egun?
Orain, 80 bazkide inguru gara, era guztietakoak: gobernuz kanpoko erakundeak, eskualde edo sektoreetako elkarteak, merkataritza-ganberak, ikerketa-zentroak, etab. Herrialdeak ere, sano dibertsifikatu dira: badira Batasuneko bazkideak, eta Batasunetik kanpokoak. Batez ere nekazaritza-mundutik sortu zen erakundea. Dena den, orain, mendiarekin zerikusia duen gizartearen eta ekonomiaren eremu guztiak hartzen ditu.


Orain arte lortu denetik, zer da inportanteena?
Nekez esan daiteke beste bat baino inportanteagoa dela; izan ere, lan eta aurrerapauso guztiak dira inportanteak. Oraintsu lortutakoen artean, nik nabarmenduko nuke Europar Batasunak onartu duela nekazaritzako mendiko elikagaiak identifikatu behar direla, eta berariazko araudi bat ezarri behar dela horretarako. Horrela esanda, kontu erraza ematen du, baina hainbat lan egin behar izan dira luzaroan.


Zer prozesu bete behar izan da?
Nik azpimarratuko nuke ezen aurretik bi proiektu oso garrantzitsu garatu direla. 2000. urtetik 2004.era bitartean, proiektu bat bideratu zen "mendiko produktu"tzat defini daitezkeen produktuak identifikatzeko, eta jakiteko zein den haien izendatzaile komuna. Ondorioz, 2005ean, Mendiko Kalitatea duten Produktuei buruzko Europako Karta editatu zen orientazio modura. Hori egin eta gero, 2007 eta 2010 bitartean, "txanponaren beste aldea" modura defini genezakeena landu genuen: azterlan bat egin genuen jakiteko ea merkaturik ba ote zegoen era horretako produktuentzat. Hori, berriz, Euromarc proiektua izan zen. Proiektu horren ondorioa izan zen merkatu-zoko bat zegoela aurretik identifikatuta geneukan kalitatezko mendi-produkziorako.


Ez zen nahikoa lehendik ere baziren jatorri- eta kalitate-bereizgarriekin?
Beno, guk ikusi genuen osagarria izan daitekeela "mendiko produktu" modura identifikatzea. Euskadin, nahikoa asentatuak dauzkagu; kalitate- eta jatorri-marka batzuk.Horrez gain, mendikoak dira nekazaritzako produktu ia guztiak. Beraz, inon baino eragin gutxiago izan dezake bertan. Baina beste herrialde batzuetan ikusi zen interesgarria izan zitekeela era horretako bereizgarri bat.


Eta azterlan bi horien ondorioak, oinarri modura erabili dira egungo legeria sortzeko?
2010 eta 2012 bitartean, Euromentanak "lobby" lan itzela egin zuen ildo horretatik aurrera egiteko. Hortik sortu zen EBko 1142/2012 legeria. Legeri horrek, berriz, "mendiari balioa emateko aukerako aipamena" arautzen du. Lan hori batera egin zuten Euromontanak eta AREPO Jatorri-izendapena duten Europako Eskualdeen Elkarteak (Euskadi elkarte horretako kidea da).


Pozik zaudete edukiarekin?
Nahikoa kritikoak gara letra txikiarekin; gure ustez, "ezaugarrietan, oso alpetarra da". Zenbait puntu gaizki egokitzen zaizkie Europa hegoaldeko ustiapen-motei, batez ere elikadura-eskakizunak. Eta uste dugu arautegi horrek eskuzabal jokatzen duela aukera ematen duenean mendi-eremuetatik kanpo eraldatzeko; izan ere, 30 kilometrorainoko distantzia onartzen du, eta horrek arean ahultzen du espiritua. Gure ustez, puntu bi horiek produkzio-eskema alpetarren alde jokatzen dute, batez ere eskema alemanen alde, batez ere eskema bavariarren alde.


Eta badago aldatzeko modurik?
Hurrengo hilabeteetan egingo dugun lanaren zati bat izango da aztertzea zein neurritan egokitzen den era horretako legeria gure bazkideen eremuetara, eta, ikusten dugunarekin, ahaleginduko gara hobetu daitekeena hobetzen.


Proiektu horrez gain, zer proiektu daukazue etorkizunari begira?
Lankidetzan ari gara beste talde eta sare batzuekin, Milango Mundu Erakusketa aprobetxatu, eta bat egiteko Unión Camere Lombardiako Merkataritza Ganberen Elkartearen ekimen batekin toki-erakundeentzat laguntza gehiago lortzeko. Dokumentu bat sinatu dugu tokiko elikadura-sistemei laguntzeko laguntza-ekimen bat eskatzeko. Hau da: EBri eskatzen diogu dauzkan tresnak bateratu ditzan errazago izan dadin laguntzetara eta abarretara iristea. Pentsatuta daukagu horri buruzko eta lan eginten ari gara, jardunaldi berezi bat antolatzea Milango Mundu Erakusketan.
Etorkizunari begira daukagun beste proiektu bat da: gure bazkideek ematen diguten potentzialtasuna aprobetxatzea, eta, haien eragin-eremuetako harremanen bidez, sare itzel bat sortzea proiektuak muntatzeko, babesleak bilatzeko, eta abar. Azken kongresuan, azaldu zen inportantea zela Euromontanak plataforma bat bultzatzea informazioa trukatzeko.
Hurrengo urteetarako, oso garrantzitsua da Europako hego-ekialde bazkideen alde jokatzea, oro har eremu balkanikoaren alde. Oso premia zehatzak dauzkate, eta pentsatzen ari gara "focus group" bat sortu beharko genukeela.


Zer balantze egiten duzu Mendi Eskualdeen Europako azken Konbentzioari buruz, zeina mendietatik datorren kalitateari buruzkoa izan baita?
Bada, benetan oso positiboa. Hori helarazi digute, behintzat, partaideek. 300 biltzarkide baino gehiago bildu ziren, Europako bazter guztietatik etorriak, eta ez bakarrik EBtik. Izan ere, ordezkaritza handienetako bat Norvegiakoa izan zen. Edukiei dagokienez, oso gustukoak izan dira tailerrak; esan digutenez, luzeagoak izan behar zuten. Jendeak nahiago du jarduera interaktiboetan parte hartzea, joan eta konferentzia bateko publiko modura egotea baino. Oso iritzi onak jaso ditugu Arabako Errioxan, Arabako Mendialdean, Urdaibain eta Getariko txakolindegietan egin ziren bisita teknikoei buruz ere.
Orain, hurrengo edizioaz pentsatzen ari gara. Brangantzan izango da bi urte barru, eta beharbada berrikuntzari eta lankidetzari buruzkoa izango da.

Abuztua 2019
A A A O O L I
29 30 31 1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31 1

Buletina