| Ikerketa

Bakterio autoktonoen ahalmena bioongarri moduan erabiltzeko

NEIKER-Tecnalia bioongarritzeko ahalmena duten bakterio autoktonoak ikertzen ari da, bakterio horiek landareek nutrienteak atxikitzea eragiten baitute

, fiitohormonak sortzea eta fitopatogenoak kontrolatzea. Ikerketa oso interesgarria da nekazarientzat, bakterioetan oinarritutako bioongarriak ongarri kimiko konbentzionalen alternatiba direlako, horiek, garestiak izatez gain, ez baitira hain jasangarriak ingurumenaren ikuspegitik.

Bioongarritzeko ahalmena duten bakterio autoktonoak hautatzearen azken helburua bakterio anduien banku bat sortzea da, ondoren bioongarrien formulazioetan erabiltzeko. Bakterio horiek lurrean dauden nutrienteen bioerabilgarritasuna areagotzeko ahalmena dute, horrenbestez, laboreek asimilatu ahal izan ditzaten; gainera, landareen hazkundea bultzatzen duten hormonak sortzen dituzte eta zainak garatzen laguntzen dute. Abantailetako beste bat da landareetan gaixotasunak eragiten dituzten lurreko beste mikroorganismo batzuk ere borrokatzen dituztela.

Ongarri eta pestizida konbentzionalak ez gehitzeko alternatiba

Bioongarrien helburua ongarri kimiko konbentzionalak osatzea edo, ahal denean, ordeztea da, haiek gutxiago erabili ahal izateko eta, ondorioz, onura ekonomikoa eta ingurumenekoa lortzeko. Ildo horretan, bioongarrien formulazioetan erabilitako bakterioek lagundu egiten dute landareek berez nutriente kantitate handiagoa har dezaten, nutrienteak lurrean modu naturalean egonik ere, batzuetan gerta baitaiteke landareek ezin izatea asimilatu. Aldiz, ongarri kimiko konbentzionalek elementu kimikoak eransten diote lurrari eta horiek, ongarritu egiten badute ere, azkenean akuiferoak kutsatzen bukatu dezakete, ez badira dosi eta une egokietan ematen.

Horrez gain, formulazio bioongarritzaileetan dauden bakterioak lurreko beste mikroorganismo batzuekin lehiatzen dira eta, ondorioz, zailagoa izango da laboreetan plagak agertzea eta, beraz, pestizida gutxiago erabili beharko da.

NEIKER-Teknaliako ikertzaileek bakterio autoktonoen anduiak isolatu dituzte lurreko eta landare ehunetako laginetatik. Ondoren, in vitro analisien bitartez, hautagairik onenak aukeratu dituzte eta, gaur egun, letxuga landaketen gainean ari dira probak egiten (letxuga azkar hazten delako aukeratu da), baldintza kontrolatuekin erabiltzen diren hazkunde kameretan. Esperimentuak, beste helburu batzuen artean, ahalmen bioongarritzailea duten bakterioen eta bertako nekazariek artisau moduan landutako prestakin bioongarritzaileen ahalmena frogatu nahi dute, bioongarri komertzialekin eta ongarri konbentzionalekin alderatuta, lur pobreetako emankortasuna handitzeko eta, zehazki, erroei kalte egiten dien Sclerotinia sclerotiorum patogenoaren eraginari aurre egiteko. Esperimentuan, halaber, beste ongarri organikoen eraginkortasuna probatuko da, horien artean japoniar jatorriko bokaxi motako konpostarena. Azken urratsa bioongarrien eraginkortasuna frogatzea izango da, landa baldintza errealetan.

NEIKER-Tecnaliaren ikerketak oso bide interesgarria irekitzen du sintesi kimikoko ongarrien eta pestiziden erabilera murrizteko, horiek arriskuak baitakartzate ingurumenerako eta kostu ekonomiko handia eragiten baitute nekazarientzat.

 

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait