Harian

Emakumezko nekazariei estatutu berri bat

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak amaitu berria du Emakumezko Nekazarien Estatutuaren Legearen Proiektua, emakumeek nekazaritza-sektorean pairatzen duten diskriminazioaren kontra borrokatzeko,

horien aintzatespen profesionala eta estimu soziala handitzeko eta beren eskubide profesional, sozial eta fiskalak benetan gauzatzeko bidean garrantzi handiko urratsa, inondik ere. Legegintzaldi honen hasieran aldarrikatutako lehentasunetako bat bete da horrela, genero-ikuspegia garatu beharreko politika sektorialetara gehitzekoa, hain zuzen.


Emakume nekazarien estatutu honek ez dauka aurrekaririk arauetan, aitzindaria da zeharo, nahiz eta halakoak egiteko gomendio eta aginduak ugariak izan. Adostasun handienarekin sortu da. Izan ere, Landa-emakumeen batzordea izan da proiektuaren sustatzaile nagusietako bat, eta batzorde hori Eusko Jaurlaritzak gidatu eta Foru Aldundiek, Landa XXI, Gure Soroa, Hitzez eta Asamcaval landa-emakumeen elkarteek, Arabako Landa-emakumeen sareak eta Emakundek osatzen dute. Halaber hartu dute parte nekazaritzako sindikatuek eta Eudelek.

Estatutu honen abiapuntuan emakumezko nekazarien eskubideak daude, eta eskubide horiek egikaritzea bermatzeko herri-administrazioek dituzten betebeharrak zehazten ditu. Hortaz, nekazaritzaren sektorean emakumeek eta gizonek tratu eta eskubide berberak izatea lortzeko behar diren neurriak jasotzen ditu legeak, eta genero-ikuspegia sektorearen arlo guztietan sartzeko behar direnak, emakumeen eta gizonen baldintzak eta beharrak ez baitira berdinak.
Ustiategien titularrak diren emakumeen proportzioa handitu izanagatik ere, oraindik ez dator bat emakumeek benetan egiten duten lanarekin; izan ere, askotan, lan horiek guztiz ikusezinak dira. Emakumezko nekazariek titulartasuna eskuratzen laguntzea da lege honen lehentasunetako bat, beren lana ikusarazteko eta emakumeek lan horren ondorio diren eskubide guztiak lortu ahal izateko. Nekazaritza-ustiategietan kontratatzen diren pertsonen esparrua ere hartzen du lege honek; izan ere, sektore horretan, emakumeen kontratazioa gizonena baino nabarmen txikiagoa da.

Sektoreari buruzko datuak

Eskura ditugun datu berrienen arabera, titularra emakume bat duten nekazaritza-ustiategiak ez dira % 32ra iristen, eta gizonezko bat dutenak, berriz % 68tik gora dira. Hori, gainera, azken urteen nabarmen gora egin izanagatik ere: 1999an % 24 ziren.


Baserritar gazteen egoeraren kasuan, ezberdintasunak agertzen dira oraindik sexuen artean; izan ere, gazteen esku dauden ustiategietan, titularrak diren emakumeen ehunekoa gizonena baino askoz txikiagoa da. Beharrezkoa da, beraz, neurriak hartzea, emakume eta gizon gazteen arteko egiazko berdintasuna sustatzeko eta emakume gazteek lan-aukerak izateko, hala nahi badute landa-eremuetan jarraitu ahal izan dezaten, eta belaunaldi arteko ordezkatzea erdietsi. 2009ko Nekazaritzako Zentsuak zioen nekazaritza-ustiategietan kontratatzen ziren langileen % 21 zirela emakumeak, eta urte hartan bertan eginiko beste ikerlan batek zioenez, berriz, sektorera bildu berri ziren 3.400 baserritar gazteetatik 2.700 gizonak ziren eta 720 besterik ez emakumeak.


Nekazaritza-ikasketei dagokienez, CIFRAS 2010 txosteneko datuen arabera, 08-09 ikasturtean Lanbide Heziketako nekazal jardueretako erdi-mailako graduan izena eman zutenetatik % 28,9 ziren emakumeak, eta goi-mailako LHn, berriz, matrikulen % 26. Informazio horretatik ondoriozta daiteke emakumeen presentzia txikia dela oraindik nekazaritza arloko ikasketetan, «gizonen» lantzat jotzen delako oraindik ere.

2010 urtean egindako ikerketa baten arabera, argi ikus daiteke organo erabakitzaileetan emakume eta gizonen arteko proportzioan ez dela orekarik


2010 urtean egindako ikerketa baten arabera, argi ikus daiteke organo erabakitzaileetan emakume eta gizonen arteko proportzioan ez dela orekarik. Are gehiago, ikertutako kasuen artean, organo bakar batek du emakumeen % 40 baino gehiago, eta besteak ez dira % 30era ere iristen. Zenbat eta jarduerak dimentsio ekonomiko handiagoa izan, orduan eta emakumeek hartzen dituzten erabakien proportzioa txikerragoa da, berez txikia izanik nekazaritza alorreko erabaki-organoetan emakumeek duten parte-hartze maila. Agerikoa da, alde horretatik, bermatu egin behar dela emakumezko nekazariek erabaki-organoetan presentzia izatea eta parte hartzea. Esparru publikoan duten parte-hartzean emakumeek jasaten duten bereizkeriari aurre egitea ezinbestekoa da nekazaritza arloan emakumeen eta gizonen arteko egiazko berdintasuna erdiesteko.


Zereginak banatzeko ohiko moduak desberdintasun handia ekarri die gizon eta emakumeei, emakumeek lan-merkatura sartzean gainditu beharreko beste oztopo bat da. Etxeko lanari eta zaintza-eginkizunei, gizonek eskaintzen dieten denbora halako bi baino gehiago eskaintzen diete emakumeek, egindako hainbat inkestak azaldu dutenez. Aldiz, emakumeek gizonek baino askoz ere denbora gutxiago daukate aisialdirako.

Egitura eta edukia
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak prestatu duen Estatutuak 31 artikulu, bi xedapen gehigarri, xedapen indargabegarri bat eta lau azken xedapen ditu, 6 titulutan antolatuak.


I. Tituluan, Xedapen Orokorrak, Estatutuaren xedea eta oinarrian dituen printzipioak definitzen dira.
II. Titulua emakumeek nekazaritza-ustiategien titulartasuna eskuratzearen ingurukoa da. Testuari koherentzia emateko, Nekazaritza-ustiategiak Modernizatzeko uztailaren 4ko 19/1995 Legean, Titulartasun Partekatuaren Legeak hura aldatu ondoren xedatutako baldintzak biltzen ditu, eta emakumezko nekazariek titulartasuna eskuratzea sustatzeko neurriak ere bai. Bizikidetza-unitateko bi kideek ustiategian lanean ari diren kasuetan hura emakumearen izenean jartzea sustatzen du Estatutuak; horretarako, halako ustiategiak lehenetsiko dira laguntza eta esleipenak ematean eta laguntzak emango dira emakumezko nekazariak Gizarte Segurantzan afiliatzeko.
III. Titulua emakumeek nekazaritzan duten ordezkaritzari buruzkoa da. Esku hartzeko hiru alor bereizten dira hemen, zeini bere trataera ematen zaiona: administrazioa eta haren enpresak, erakunde eta elkarte profesionalak eta enpresa pribatuak. Badute hirurek elementu komun bat: emakumeek nekazaritza-politikan parte hartzeko duten eskubidea egikaritzea eta baliozko solaskidetzat hartzea, haien interes eta beharrak ordezkatuko dituzten politikak bultzatzeko.
IV. Titulua, Eskubide Sozialak, hainbat alorren ingurukoa da, hala nola lan-bizitza eta familia-bizitza erantzukizun berez bateratzea edo emakumeen aurkako indarkeria edo jazarpena, sektore horretan ingurune itxiago eta bakartuago batean gertatzen direnez, zailagoa baita fenomenoaren prebentzioa eta arreta.
V. Tituluaren helburua nekazaritza sektorean emakumeek egin duten eta egiten duten lana ikusaraztea eta aintzatestea da. 4/2005 Legean ezarritakoa bildu eta sektore horretara moldatzen du, emakumeak bereziki ikusezin bilakatu diren sektore batean beren lanaren errealitatea beti kontuan izango dela ziurtatzen saiatzeko.
VI. Tituluan, Lege honetan xedatutakoa betetzeko segimendu batzorde bat sortzen da. Izaera teknikoa eman nahi izan zaio.

Abendua 2019
A A A O O L I
25 26 27 28 29 30 1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31 1 2 3 4 5

Buletina