Ikerketa

Abeltzaintzako ustiategietako ingurumen-estrategien ebaluazioa

Neiker institutuak Batfarm proiektu europarra koordinatu du, Europako eskualde atlantikoko abeltzaintzako ustiategietan erabilitako teknologien eta erabileren eraginkortasuna ebaluatzeko helburuarekin, airean, urean


eta lurrean duten ingurumen-eragina murrizteari dagokionez. Proiektuaren emaitzak Bizkaiko Teknologia Parkean hedatu ziren, eta horien artean, ebaluazioa egiteko tresna informatiko baten aurkezpena egin zen.


Proiektuan Eremu Atlantikoko hainbat eskualdetako abeltzaintzako ustiategietan dauden teknologien azterketa zehatza egin da. Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikarako Sailburuordetzaren menpekoa den NEIKER-Tecnalia erakunde publikoarekin batera, proiektuan parte hartu dute Teagasc-The Agriculture and Food Development Authority (Irlanda), IRSTEA (Frantzia), INTIA (Nafarroa), Glasgow Caledonian Unibertsitateak (Erresuma Batua) eta Agronomiako Goi mailako Institutuak (Portugal). In situ ebaluatu diren teknologien artean honako hauek ditugu: arditegien lurzoru-mota, gehigarrien erabilera mindak biltegiratzean, simaurraren iraulketa, baltsa malguak mindak kolektiboki biltegiratzeko, gasen biogarbitzaileak nabeetako aire konduktuen irteeretan eta mindak lurrari gehitzea.


Abereen hondakinen kudeaketari dagokion arazoa komuna da proiektuan parte hartzen duten eskualde guztientzat.

Ekimena 2007-2013 Espazio Atlantikoko Nazioarteko Lankidetzako Programa Operatiboaren barruan kokatzen da. Kontinentearen alderdi horretan, abeltzaintzako ekoizpenaren zati handi bat produkzio-eredu intentsibo baten bidez egiten da, txerri-aziendaren, hegaztien eta ardi-aziendaren zati handi baten kasuan, esaterako. Horrenbestez, abereen hondakinen kudeaketari dagokion arazoa komuna da proiektuan parte hartzen duten eskualde guztientzat.


Ekoizpen-eredu intentsiboak errentagarritasun ekonomiko handia du, baina arazo ugari ditu ingurumenari dagokionez, hala nola, atmosferara igortzen diren gas kutsakorrak (amoniakoa, oxido nitrosoa eta metanoa) eta nitratoekin lurra eta ura kutsatzea. Zentzu horretan, BATFARM proiektuko kideek software bat garatu dute (BATFARM) abeltzaintzako hondakinetan teknologia eta erabilera onenak aukeratzeko, ustiategiaren ezaugarrien arabera, ustiategiko nutrienteen galera murriztu ahal izateko (N, P, K, Cu, Zn), ekoizpen etapa bakoitzaren amoniako, metano eta oxido nitroso isurketak murriztu ahal izateko (ukuiluratzea, hondakinak biltegiratzea, hondakinak tratatzea eta lurrari aplikatzea). Softwarea laster izango da eskura tresna egiten parte hartu duten erakundeen webguneetan.


Proiektuaren emaitzak interes-taldeei, enpresei, abeltzaintza kudeatzeko organoei, erabaki politikorako organoei, ikerketa-zentroei, amaierako erabiltzaileei eta gizarteari oro har helarazi zaizkie. Ondorio gisa, adierazi behar da ez dagoela orokorrean gomendatzeko teknologia edo erabilera jakinik, horiek kasu bakoitzaren arabera aztertu behar baitira; edonola ere, hondakinak tratatzeko eta erabiltzeko tratamendu kolektiboen eraginkortasuna agerian geratu da.


Teknika Eskuragarri Onenak ezartzeko zuzentaraua

Abeltzaintzatik eratorritako ingurumen-arazoari dagokionez, 2010/75/EB Europako Zuzentarauak (IED ere esaten zaio, Industrial Emissions Directive) abeltzaintzako ustiategi intentsiboetatik atmosfera, ur eta lurrera egiten diren isuri guztiak arautzea du helburu (40.000 oilo, 2.000 gizentzeko txerri edo 750 zerrama baino gehiago dituzten etxaldeak), eta ingurumen-baimen integratua lortzera behartzen du. Zuzentarauak Teknika Eskuragarri Onenak ezartzea proposatzen du, eta beraz, abeltzainek merkatuko teknologiarik onenak eta ustiategirako ekonomikoki bideragarrienak aukeratu eta ezarri beharko dituzte, isurketei aurrea hartzeko edo mugatzeko helburuarekin.

Testu eta argazkiak: A.T.

Urtarrila 2020
A A A O O L I
30 31 1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31 1 2

Buletina