Elkarrizketak

Bittor Oroz sailburuordetzarekin elkarrizketa

Elkarrizketa honetan  Bittor Oroz zehatz-mehatz azalduko digu nola gauzatzen ari diren lehen sektorearentzat eta orokorrean, landa-munduarentzat legegintzaldi honetan ezarritako lehentasunak

: «Gure helburuak hurrengoak dira: belaunaldi-ordezkapena, ekoizpen-sektorearen lehiakortasuna eta elikadura-katean duen eginkizuna, nekazaritzako elikagaien industriaren garapena, ekoizpen-sektorearen egiturazko gabeziak zuzentzea eta jardunbide jasangarriak sustatzea maila guztietan».

Sustrai: Urtebete baino gehiago daramazu Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburu gisa. Denbora horretan, zer alderditan egin duzue ahalegin handiena?
Bittor Oroz:
Ahalegin handia egin dugu nekazaritzako politiketan sektorerako lehentasun egokienak definitzen. Aurrekontu berria egin behar izan dugu, zuzendaritza, sozietate eta fundazio publikoak egituratu, programazio-aldi berriaren plangintzari heldu, eta abar. Eta hori dena, sektore guztiei eragiten dien krisi finantzarioa bizi dugunean. Gure munduan, bereziki latza izan da abeltzaintzaren sektorearentzat, baserritarrek ekoizte-kostu handiak eta, balio-kateko gainerako eragileen aldean, negoziatzeko ahalmen txikia baitute.


S.: Suspertu ahalko da esne sektorea?
B.O.: Hurrengo urtean kuoten sistema amaituko da, eta horregatik, beste modu batean posizionatu beharko dugu produktua. Hainbat egoera planteatzen dira etorkizunerako. Horietako bat da merkatua liberalizatzearekin batera, kontsumoak gora egingo duela Asian, eta horrek ekoizpenaren gorakada xurgatuko du beharbada. Horregatik, gure helburua ustiapenak ahal adina errentagarri bihurtzea eta, produktua bereiztea lortuta, horrek prezio lehiakorra izatea da.


S.: Une honetan, zertan ari zarete lanean?
B.O.: Ahalegin handiak egiten ari gara hainbat alderditan: ekoizte-kostuak hobetzea, nekazaritza-lurrak sustatzea, 2014-2020 LGP erredaktatzeko parte-hartze prozesua, Landa Garapeneko Elkarteek (LGE) ingurunea koordinatzeko eta dinamizatzeko duten zeregina birbideratzea, zuraren sektoreko proiektuak garatzea merkatu eta erabilera berriak bilatuta eta sektoreko industrian berrikuntza eraginda, eta Euskal Herriko elikagaien sektoreko enpresen integrazio bertikala edo horizontala egiteko proiektuei laguntzea.


S.: Zeintzuk dira helburuak?
B.O.: Gure helburuak hauek dira: belaunaldi-ordezkapena, ekoizpen-sektorearen lehiakortasuna eta elikadura-katean duen eginkizuna, nekazaritzako elikagaien industriaren garapena, ekoizpen-sektorearen egiturazko gabeziak zuzentzea, jardunbide jasangarriak sustatzea maila guztietan, dibertsifikazio ekonomikoa eta bizitza-kalitatea landa-eremuetan, eta genero-ikuspegia eraginkortasunez txertatzea.

2014-2016 aldirako Elikagaien Industriaren Estrategia eta Lehiakortasun Plana garatzen ari gara.

S.: Elikadura-katea aipatu duzu, zer eginkizun betetzen du horretan nekazaritzako elikagaien industriak?
B.O.: Funtsezko eginkizuna du. Horregatik, 2014-2016 aldirako Elikagaien Industriaren Estrategia eta Lehiakortasun Plana garatzen ari gara. Elikagaigintza eta edarigintzaren sektoreko industriaren diagnosi-adierazleak eguneratu berri ditugu eta egoera ekonomikoak eraginda sektorean min egioten duten joerak hauteman ditugu, gizartearen, teknologiaren eta merkatuaren alorreko beste zenbait faktorerekin batera. Horrek aukera emango digu datozen urteetan garatu beharreko beste ekintza estrategiko batzuk identifikatzeko.

S.: Eta zeintzuk dira enpresok aurre egin beharko dieten erronka nagusiak?
B.O..
Industria horrek gainditu beharreko arazo nagusietako bat atomizazio-maila handia da. Eusko Jaurlaritzak enpresen arteko lankidetza eta kooperazioa sustatzeko lan egiten dugu. Sinergiak osatzea nahi dugu, garrantzia irabazteko, berrikuntza eta transferentzia teknologikoari heltzeko eta enpresek bakarka gain hartu ezin ditzaketen erronkei aurre egiteko. Eta ezin dugu alde batera utzi elikagaien industriaren trakzio-faktorea, euskal lehen sektorean eginkizun dinamizatzaile garrantzitsua ere betetzen duena.

S.: Era berean, nekazaritzako elikagaiak atzerrian ezagutarazteko ahalegin handiak egiten ari zarete. B.O.: Noski. Gure mugen barruan zein horietatik kanpo, apustu handia egiten ari gara euskal elikagaiak sustatzeko. Jakina, atzerriari eskaintzen ari gara arreta handiagoa, baina barne-kontsumoa ere areagotu behar dela irizten diogu. Hala nahi duten enpresa guztiak lagundu egiten ditugu Espainia zein mundu-mailako azoka eta ekitaldietara, ezagutzera eman daitezen. Eta emaitza onak lortzen ari garela uste dugu. Euskal merkatuarekin lotuta, hitzarmen bat sinatu dugu Eroskirekin, bertako produktuak sustatzeko. Ziur gaude oso onuragarria izango dela biontzat.

Gure mugen barruan zein horietatik kanpo, apustu handia egiten ari gara euskal elikagaiak sustatzeko

S.:Hori kalitatezko produktuei orokorrean dagokienez, baina zer gertatzen da ekoizpen ekologikoarekin? B.O.:Lan handia egiten ari gara hura arautzeko, ezagutzera emateko oinarrizko pausoa den aldetik. Izan ere, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin (ENEEK) batera Nekazaritza Ekologikoa Sustatzeko Euskadiko Plana egiten ari gara.

S.: Zerbait aurreratu al dezakezu bere edukiari buruz?
B.O.:
Nekazaritza Ekologikoa Sustatzeko Euskadiko Planak barne hartzen dituen jarduketen artean, badira nabarmendu beharreko batzuk, esaterako, prestakuntza eta informazio-transferentzia sustatzea, alor horretan aholkularitza-zerbitzuak emateko eta erabiltzeko egitura sendotzea, eta ekoizpen ekologikoan lehendabiziko aldiz parte hartzen duten nekazarientzako eta nekazari-taldeentzako laguntzak ezartzea.

Halaber, sendotu egingo dugu besteak beste nekazaritza-ustiapenetako aktibo fisikoetan egiten diren inbertsioei, eraldaketa-enpresei eta beste merkaturatze-zirkuitu batzuk (batez ere bide motzak) bultzatzen dituzten ekimenei ematen diegun laguntza. Horretaz aparte, ekoizle ekologikoek jasotzen dituzten laguntza zuzenak mantenduko ditugu, ohiko nekazaritzarekin alderatuta ekoizpen-eredu horrek eragiten dituen kostu gehigarriak behar bezala konpentsatzeko helburuarekin. Eta bereziki aktibatuko dugu kooperazioa, berrikuntza barne hartzen duten jardueretan, batik bat.

S.: Ekoizpen ekologikoa laguntzea Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Generalitateak sinatutako lankidetza-hitzarmenean jasotako alderdietako bat da.
B.O.: Halaxe da. Izan ere, sinatu dugun jarduketa-protokoloak barne hartzen duen jarduteko eremuetako bat da. Baina badira beste batzuk ere, hala nola tokiko eta zirkuitu motzeko ekoizpena laguntzea, nekazaritzako elikagaiak nazioartekotzea, lankidetza-sareetan parte hartzea, ezagutza eta berrikuntza transferitzea, eta kooperatibismoa sendotzea. Helburu orokorra nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasunari bultzada ematea eta sustatzea da. Hartara, lantalde euskaldun-katalanak sortuko dira zehaztutako eremu bakoitzean lehen sektorearen ekoizte-ahalmena, merkaturatzea, berrikuntza eta nekazaritzako elikagaien nazioartekotzea sustatzeko.

S.: Antxoaren arrantzaldia amaitu berri da. Zen nolako balantzea egiten duzue?

B.O.: Bada, balantze positiboa egiten dugu, anisakisaren araso izan ezik  Harrapatze ugari egin dira, nahiz eta neurrizko prezioa izan. Eusko Jaurlaritzak produktu hori sustatu eta bultzatu nahi du, euskal arrantzaren sektorean oso garrantzitsua den eta oso errotuta dagoen produktua da eta. Antxoaren arrantza berriro ireki zenetik lau urte igaro dira, eta ordutik, Kantauriko antxoa eta Euskadiko arrantza-sektorea sustatzeko eta balioesteko ekintzak egiten ari gara. Zentzu horretan, kontsumitzaileei dei egiten diegu Euskadiko antxoa lehenetsi dezaten erosketak egiten dituztenean. Hala, sasoiko eta kalitatezko produktu hori ez ezik, gure arrantzaleen lana ere aintzat hartuko dugu.

Antxoaren arrantza berriro ireki zenetik lau urte igaro dira, eta ordutik, Kantauriko antxoa eta Euskadiko arrantza-sektorea sustatzeko eta balioesteko ekintzak egiten ari gara.

S.: Duela gutxi NIREA ekimena aurkeztu zen Bilbon, eta sektoreko ordezkari ugari izan ziren ekitaldian. Zertan datza?
B.O.:
Nirea programa bat da: lehen sektorea sustatzea eta landa eta itsasertzeko eremua biziberritzea ditu azken helburu, eta eremu bietako kideak ditu protagonista. Ekimen horren bitartez, landa-ingurune biziak bere ingurunean duen garrantzia ezagutzera eman nahi da, daukagun gizartearen ereduaren oinarri den aldetik, eta, aldi berean, eredu horren barruan, lehen sektoreko eta landa eta itsasertzeko pertsonak eta eurek duten zeregina balioetsi nahi da. NIREAk landa eta itsasertzeko inguruneak Euskadiko hiri-inguruneari eta garapen ekonomiko eta sozialari balioa ematen diola frogatu nahi du, herritarrak konturatu daitezen herrialdearen ereduari eragiten diotela erosketei lotuta hartzen dituzten erabakiek.

S.: Zer fasetan dago ekimena?
B.O.:
Hemendik aurrera, konpromisoa hartu duten sektoreko pertsona eta erakunde guztiak –sektorean zeresana duten gehienak– arituko gara lanean, atxikipen gehiago lortzeko eta proiektu berritzaile horren filosofia hedatzeko.
Agente sektorialei ez ezik, asmoa da proiektua Euskadiko beste erakunde, enpresa eta instituzio batzuei ere ezagutzera ematea eta haien partaidetza lortzea. Guztien artean, eta batez ere Nirea ekimena bere egiten duten guztiek banaka ematen duten babesarekin, balioetsi nahi da produktuaren figura eta, beraz, landa-ingurune osoa ere bai. Nirea zabaltzeko, www.nirea.info webgunea sortu dute. Ekimenarekin lotutako informazio guztia aurkituko duzue bertan.

Parte-hartzeko lan-metodologia daukagu, eta 2015-2020 aldirako Euskadiko LGP berria era adostuan aurrera eramatea du xede.

S.: Lehenago 2014-2020 aldirako Landa Garapeneko Planeko (LGP) edukiak adosteko aurrera eramaten ari zareten parte-hartze prozesua aipatu duzu. Zertan datza?
B.O.:
Parte-hartzeko lan-metodologia bat da, eta 2015-2020 aldirako Euskadiko LGP berria era adostuan aurrera eramatea du xede. Metodologia horren barruan, hainbat jardunaldi antolatuko ditugu landa-garapenarekin lotutako neurriak alderatzeko . Helburua txertatu ditugun neurriak aurkeztea eta partekatzea da, eta, ondoren,sektoreko eta landa-munduko eragileekin batera alderatzea eta eztabaidatzea. Interesa dutenek neurrioi buruzko informazio guztia kontsulta dezakete 2020rako LGParen webgunean. Prozesu benetan aktiboa izatea nahi dugu. Lehenik, Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako teknikariek hainbat proposamen prestatuko dituzte, gero sektorearekin eztabaidatuko dira, eta jatorrizko proposamenari gehituko zaizkio haren ekarpenak. Nekazaritza Politikako Batzordeari egokituko zaio azken onespena ematea.

S.: Nekazari Gazteen Estatutua onartu duzue. Zuen ustez, zer onura ekarriko ditu hura abiarazteak?
B.O.: Hori abiaraztearekin, nekazaritza-sektorearen eta landa-ingurunearen zahartzea gelditzea espero dugu. Gainera, gazteek eskura izango dituzte laguntza-planak, nekazaritzako lurzorua, ekoizpen-bitartekoak, prestakuntza-planak eta ustiapenen titulartasunak. Dekretua behar-beharrezkoa zela iruditzen zaigu. Euskadin; izan ere, lehen sektorea eta orokorrean landa-eremua asko zahartzen ari da, nekazarien % 30ek baino gehiagok 65 urtetik gora baitituzte. Gazteei etorkizuneko aukera erakargarria eskaini nahi diegu, eta nekazaritza-sektorearekin lotutako jarduera ekonomiko bati ekin nahi diotenek dituzten zailtasunak –esaterako, lurzoruak eskuratzea eta egin beharreko inbertsio handiak– arintzea.

S.: Zeintzuk dira berritasun nagusiak?
B.O.: Estrategia berrietako bat txandakatze irekia da. Horren arabera, gazteek nekazaritza-ustiapeneko jarduerak egingo dituzte lana utziko duten titularrek gidatuta; hartara, geroago beren ardurapean izango diren ustiapenak kudeatzen irakatsiko diete.Beste bat azpiegituren eta ekipamenduen bitartekotza-zerbitzua da. Horri esker, errazagoa izango da makinak, biltegiak, eta abar eskuratzea.
Estatutu honetan aurreikusitako beste neurri batzuen helburua lurzoruak eskuratzeko erraztasunak ematea da (lehentasuna Nekazaritzako Lurzoruen Funtsetan –lurzoru-bankuak–, agroaldeetan, mendi publiko eta herri-mendietan, eta abar).
Gainera, estatutuak inbertsioetan laguntzeko berariazko ekintzak barne hartzen ditu (lehen instalazioa, azpisektore-plan eta -programetarako lehentasuna, finantza-erakundeekin sinatzeko hitzarmenak, diru-laguntzak aurreratzea, laguntza fiskalak edo nekazaritzako aseguruetako hobariak).

S.: Arabako Errioxako olioaren uzta berriaren aurkezpenean izan zinen. Zure ustez, zer etorkizun izango du produktuak?
B.O. : Bere kalitatea zalantzaezina bada ere, oso txikia da ekoizpena: aurten, 80.000 litro baino gutxiago ekoitzi dira, eta ez dirudi etorkizunean kopurua handituko denik. Momentuz, olioaren balio erantsi handiena Arabako Errioxaren barruan duen dibertsifikazio-ahalmena da: produktu nagusiaren osagarria izan daiteke, hots, ardoarena. Halaber, nekazaritzako elikagaien sektorea ez ezik, turismoa, ostalaritza eta beste batzuk garatzen ere lagundu dezakeen faktorea da olioa. Berau bereiztea lortzen badugu, eskualde osoari balioa emango dio produktu paregabea izango dugu. Zentzu horretan, ziur naiz olioak etorkizun handia duela. Eta gainera, oso goxoa dago.


S.: Ardoari helduz, nola doaz Errioxaren barruan hobe jatorrizko deitura sortzeko negoziazioak?

B.O.: Asmo horrekin jarraitzen dugu. Benetan uste dugu gure produktuak bereiztearen bidez onurak lor ditzakegula gure produktuentzat eta gure enpresentzat. Kontseilu Arautzailearekin, Errioxako Gobernuarekin eta ekoizleekin gai horretaz hitz egin dugu, eta lan egiteko proposamen bat prestatzen ari gara; horren barruan Arabako Errioxa eskualdearen kudeaketaren inguruko ikerketa fidagarri bat egingo dugu, esparru juridiko nahiz antolakuntzakoa ardatz, uda amaitutakoan prest izango duguna. Ezer inposatu baino, gure jarreraren aldeko argudioak eman eta guztion artean adostasun batera iritsi nahi dugu.


S.: Askotan adierazi duzu zure gobernuarentzat, lehentasunezkoa dela arrantza-sektorea zaharberritzea eta iraunkorra egitea
. B.O. : Bai, horrela da. Horregatik, arrantza-jarduera bideragarria bultzatuko dugu, baliabideen iraunkortasunean oinarritua, gure natura-ondarearen erabilera arrazoizkoa eta arduratsua bermatuko duen ontzi-flota eraginkorra eta efizientea baliatuta. Ontzi-flota berritzea eta sektorean informazio-, trazabilitate- eta gardentasun-jardunbide egokiak ezartzea lortu nahi dugu, bai eta baliabideak ebaluatzeko mekanismoak eguneratzea ere.

S.: Bilbo Europako 2014ko Baso Hiri izendatu dute.
B.O.:
Bai, Neiker-Tecnaliak parte hartzen duen Europako Baso Institutuak eman dio izendapena. Gainera, sozietateak hiri horretan egingo du 2014. urteari dagokion Urteko Konferentzia. Aintzatespen garrantzitsua da, Europako hiri urbanizatuetan, sarritan alde batera uzten dugulako basoek duten zeregina lehengaien horniketan, ongizatean, osasunean eta bestelako gizarte-onuretan.
Nire sailburuordetzak lehentasunezkotzat jotzen du baso eta zuraren sektorea, eta ahalegin handiak egiten ari gara berau mantentzeko eta zaharberritzeko. Lehiaren diagnostikoa egiten ari gara haren egoera zein den jakiteko, hartara hura hobetzeko sektore-programak eta haiek bultzatzeko politika aktiboak abiarazi ahal izateko. Gure xedea da azpisektore hau, besteak bezalaxe, bere garapenaren protagonista izan dadila.

Testua eta argazkiak: Nerea Haig

Abuztua 2019
A A A O O L I
29 30 31 1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31 1

Buletina