Basogintza

Intsisnis pinuaren etorkizuna Euskadin

E2013an ehun urte bete ziren Mariano Adán de Yarzak hitzaldi historiko bat eman zuenetik, intsinis pinuari eta euskal mendien basoberritzeari buruz. Une aproposa da orain Euskadiko baso-espezie nagusiaren iraganaren eta etorkizunaren inguruan hausnartzeko.

Historia apur bat
Mario Michel-en tesi ezagunak, intsinis pinua euskal mendietan nola sartu zen azaltzen duenak, oso ondo kontatzen du historia. 1850eko hamarkada aldera, Carlos Adán de Yarzak (1812-1863) pinus radiata D. Don espeziearen aleak landatu zituen Ispasterreko Zubieta jauregiko lorategietan, Lekeitio ondoan. 1870etik aurrera, bere seme Mario Adán de Yarzak (1846-1920), pinuaren hazkundea ikusita, Bizkaiko hainbat menditan landatu zuen. Horixe izan zen espeziearen arrakastaren hasiera euskal mendien basoberritzean. 1913ko uztailaren 29an, bere iloba Mariano Adán de Yarzak hitzaldi interesgarri bat eman zuen Tolosako Musika Zentroan, «Basoberritzea Euskadin» izenburupean. Geroago argitaratu zen hitzaldi horretan, Suitzan baso-ikasketak egin zituen teknikariak bi printzipio berritzaile ezarri zituen:


1.- Basoberritzea ezin zen oinarritu espezie indigena edo dendrologikoetan soilik, hau da, eskualde bakoitzean modu espontaneoan hazten direnetan.
2.- Basoberritzearen sustapena ez zen administrazioaren esku utzi behar bakarrik.


Kontuan izan behar dugu Vicente Laffitte Gipuzkoako Foru Aldundiko kargudun hautatuak hizlaria aurkeztu bazuen ere, Mariano Adán de Yarzaren aurkako tesiak defendatzen zituela. Laffittek foru-aldundi horretan sortu berri zegoen Mendi Zerbitzua sustatu zuen, eta mendi publikoen basoberritzea bultzatu. Hala ere, espezie exotikoak sartzearen bidez baso-paisaia eraldatzen saiatzea «garestia, arriskutsua eta zuhurtziagabea» zela iruditzen zitzaion.
1913aren osteko urteetatik aurrera, zeinetan Lehen Mundu Gerra piztu ez ezik, zuraren eskaria handitu baitzen, apurka-apurka intsinis pinuaz basoberritzen hasi ziren mendi publiko zein pribatuak.


Gerra Zibilak eragindako etenaldiaren ostean, orokortu egin ziren Kantauriko isurialdean pinu-sasiak, zur-mota hori erabiltzen zuten industriek gora egiten zuten bitartean.

Garai hartan, zura txanda laburren ondoren (20-25 urte) mozten zenez, gehienak diametro txikia zuen. Hainbat hondamendik, besteak beste, 1956an Gipuzkoan gertatutako izozteek eta 1989an Bizkaian izandako suteek, landu berriak ziren azalera adinkide handiak ekarri zituzten berekin. Denborak aurrera egin ahala, pinudiak mozteko batez besteko txandak handituz joan ziren, mozteen guztizko bolumenarekin eta zerratzera bideratzen ziren mozteen ehunekoarekin bat etorriz.


Duela gutxiago, Akitaniako haize izugarri txarrak (1999an eta 2009an) izan dira erabakigarrienak pinu-zuraren merkatuaren barruan, sekulako zura-bolumenak prezio oso txikian saltzea eragin baitute. 2009koa, gainera, krisi ekonomikoarekin batera gertatu zen, bai eta kanpoko merkatuetako zura lodiaren eskariaren desagerpen ia erabatekoarekin batera ere.

Gaur egun oraindik ere, intsinis pinuak berde ilun kolore bereizgarria ematen dio euskal paisaiari.

Baso Inbentarioei jarraiki, urtero-urtero murriztuz doa intsinis pinuaren azalera: 1986an hektarea-kopuru handiena erregistratu zenetik –163.000–, atzera egiten ari da, urteko batez beste 1.000 ha murriztuz. Nolanahi ere, guztizko izakin zurgaiei dagokienez, euskal pinudietan inoiz ez da gaur egun adina zutikako zura egon. 2011ko Baso Inbentarioak adierazten duenez, intsinis pinuari dagokionez, guztira 30 milioi m3 izakin zurgai daude, eta 216 m3/ha, batez besteko. 1972an egindako lehenengo Baso Inbentarioan 15 milioi m3 eta 94 m3/ha-ko batezbestekoa neurtu ziren.

Etorkizuna
Azken berrogei urteotan, intsinis pinuaren zura inoizko bolumenetara iritsi bada ere, beheraldi handia gertatzen ari da eskarian. Kalkuluen arabera, urtero 1,8 milioi m3 gehiago hartzen dituzte pinudiok; aldiz, industrien eskaria, gaur egun, urtean 1 eta 1,5 milioi m3 artekoa da.


Intsinis pinuaren azaleraren % 15 besterik ez dago mendi publikoetan. Kontuan hartuta 20.000 jabe pribatu inguru daudela, bakoitzeko batez besteko azalera 5,6 ha pinudikoa da; kasu askotan, gainera, mugakideak ez diren lursailetan banatuta daude hektareok.


Intsinis pinuaren zuraz gainera, urte gutxira arte baso-ustiapeneko bolumen esanguratsuak ematen zituen bakarra zena, beste baso-espezie batzuk daude, zeinen azalera urtero handituz doan. Adibidez, eukaliptoek (15.000 ha), Douglas izeiak (6.500 ha) edo larizio pinuek (13.700 ha) gero eta presentzia handiagoa dute euskal zuraren eskaintzaren osaketan. Kostaldeko zenbait eremutan eta lurzoru pobre edo hareatsuko mendietan, eukaliptoei leku eginez joan da intsinis pinua. Altitudeari dagokionez, intsinis pinuarentzako faktore mugatzailea dena, 500 metrotik gora dauden mendi-mazeletan Douglas izeia landatu ohi da, lurzoru sakon eta emankorretan, edota Korsikako larizio pinua, pobreagoak diren edo haizea jotzeko nahiz elurra egiteko arrisku handiagoa dagoen lurzoruetan.


Koniferoek euskal mendietan hartzen duten guztizko azalera murriztu da: 1972an zuhaitz-azaleraren % 62 baino gehiago osatzen zuten; berrogei urte beranduago, berriz, % 50etik behera. Hala ere, konifero-masa horiek euskal izakin zurgaien % 60 baino gehiago biltzen dituzte oraindik.


63 milioi m3-ko bolumen globalarekin eta 158 m3/ha-ko batezbestekoarekin, «zura-uharte» moduko bat da Euskadi, inguratzen duten baso-lurraldeek, zabalak izanagatik ere, gurea baino batez besteko bolumen txikiagoak dituztelako.
Era berean, ez dugu ahaztu behar energia-beharrak areagotzen ari direla, eta bioenergia lortzea irtenbide bat izan daitekeela euskal mendietako zur, egur edo bestelako landare-gaientzat. Euskal toki-erakunde asko mendien jabe dira, eta hasierako inbertsio txiki batzuk eginez gero, autonomoak izan litezke energiaren alorrean.


Gertuko beste mendigune batzuetatik bereizi ohi gaituen beste faktore bat zuraren kalitatea da. Bere ezaugarri eta tamaina onak arrazoi, intsinis pinua, gure basoetako beste espezie batzuk bezala, zur-bolumen handiak emateko gai da, eraikuntzara bideratu edo balio erantsiko bestelako erabileretan baliatu daitezkeenak. Zuraren erabilera berriei buruz hitz egiten denean (tratamendu termikoa edo kimikoa, biomaterialak, kontraijeztutako taulak...), berehala intsinis pinuaren baldintza onak aipatzen dira horietarako. Intsinis pinuaren zurak erabilera ugari izan ditzake, Europan jakina den bezala, eta ipar hemisferioan, euskal mendietan biltzen dira espezie horren masa zabalenak.


Kontuan izan behar dugu askotan, zuraren kalitatea ez dela nahikoa saltzeko. Gaur egungo neurriei eutsi beharko zaie, xede hauek dituztenak: euskal zuren nazioarteko merkaturatzea sustatzea beren merkatuak areagotzeko, baso-kudeaketa jasangarriaren inguruko ziurtapena, zuren sailkapen egokia eta egiturazko ezaugarriak ezartzea.


Aski ezagunak dira gure zura mobilizatzeko ditugun arazoak. Batzuk sozioekonomikoak dira, eta minifundismoarekin, eskulanaren kostu handiarekin, adin edo akiduragatik baso-kudeaketari uztearekin edo zura moztu eta ateratzeko muga legalekin lotuta daude. Zenbaitetan, muga fisikoak ditugu euskal mendi askotan. Esaterako, ez dugu bide-sare egokirik, batez besteko maldak handiak dira, erosio-arriskuak eta aurkako klima-baldintzak ditugu.


Baso-arriskuek hortxe jarraituko dute, hau da, haizeteek, elurteek, ohiz kanpoko klima-baldintzek, suteek, izurriek, gaixotasunek... Kalte ekonomikoen norainokoa arriskuan dagoen ondasunaren balioarekin lotuta dago normalean. Hori dela eta, egungo egoeran, non zuhaiztien zutikako zur-bolumena areagotzen ari baita, gero eta handiagoak izango dira arriskuak. Beste era batera esanda, zahartzen ari diren eta zutikako zur-bolumen gero eta handiagoa duten basoak ahulagoak izango dira kalteak sor ditzaketen eragileen aurrean. Ondorioz, beharrezkoa izango da prebentzio-neurriak hartzea.


Duela hamarkada gutxi batzuk arte, aberastasun-seinale ziren pinudiak. Gaur egun, baina, zuhaitz ugari eta kalitatezkoak edukitzeak ez du zertan berehalako aberastasun ekonomikoaren berme izan; alabaina, gizarteak aberastasun moduan har dezake hori zentzu zabalean, bai biodibertsitate gisa, bai interesgarriak izan daitezkeen lehengai posible gisa. Eta, gainera, gure kasuan bezala, lehengai horiek eraldatzeko gai diren tokiko industriak baldin baditugu, aberastasun-berme hori are handiagoa da.
Basoen jabe eta kudeatzaileak, publiko nahiz pribatuak, optimistak dira berez. Horrela baino ezin daiteke azaldu eurek beren dirua eta ahalegina arriskuan jartzea, denbora-epe ezezagunean, gero eta txikiagoa den errentagarritasuna edo hainbat arriskuren mende dagoen amaierako mozkin zehaztugabea lortzeko helburuarekin. Ikas dezagun haiengandik eta saia gaitezen aukerek ematen duten argia ikusten, krisiaren tunel honetan.

 

Abendua 2018
A A A O O L I
26 27 28 29 30 1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28 29 30
31 1 2 3 4 5 6

Buletina