Erreportaiak

Adinekoen elikagai-beharrak asetzeko erantzunak

Hirurogei urtetik gorakoak elikagaien industriaren merkatu-segmentu garrantzitsuenetariko bat izango dira laster. Beren beharrak, lehentasunak eta profil soziologikoa ezagutzea funtsezkoa da elikagaien industria gai izan dadin haien eskari eta behar sentsorialetara egokitutako produktu eta zerbitzu berriak egiteko.


Hala, merkatu-hobi horren ezaugarriak ezagutzera emateko, AZTI-Tecnaliak eta Basque Culinary Centerrek (BCC) "Growing young" sinposioa antolatu zuten. Topaketa Donostiako Basque Culinary Center heziketa-zentro gastronomikoaren egoitzan egin zen, elikagaigintzako Gehigarri eta Osagarrien Ekoizleen eta Komertzializatzaileen Elkartearen (AFCA) lankidetzarekin.


Aurkezpen-ekitaldian, Rogelio Pozo AZTI-Tecnaliako zuzendari nagusiak adierazi zuenez, "unea iritsi da gastronomiari eta elikagaigintzari adinekoen nutrizio-eskakizunei erantzungo dieten ikerketa-proposamenak egiteko". Andrés Gavilán AFCAko lehendakariaren aburuz, berriz, adineko pertsonak "osasunerako eta gabeziak eta gaixotasunak prebenitzeko nutrizio-soluzioen premia handiak dituzten merkatu-hobia dira".

Osasunerako eta gabeziak eta gaixotasunak prebenitzeko nutrizio-soluzioen premia handiak dituzten merkatu-hobia dira


Jardunaldiak hainbat elikagai-enpresa bildu zituen, eta kontaktu profesionalak egiteko, esperientziak partekatzeko eta suspertzen ari den sektore honen aukeren inguruan eztabaidatzeko aukera paregabea izan zen. Sinposioa Espainiako eta Europako elikagai-sektoreko enpresa nagusien ekoizpen, I+D eta marketin arloetako arduradunentzako eta osagaien eta gehigarrien sektoreko ordezkarientzako bilgune izan zen. Halaber, han izan ziren hurbileko sektoreetako ordezkariak, batez ere, sukaldaritzaren alorrekoak.


Prototipoen aurkezpena
Sinposioan, adinekoentzako formulazio berrien prototipoak eta elikagai funtzional erakargarriak eman ziren ezagutzera. Osagai eta gehigarri berriak ere programaren parte izan ziren. Besteak beste, produktu hauek aurkeztu ziren: palatinose, azukrearen alternatiba izan daitekeena; ilarraren proteina, nutrizio klinikoan erabiltzeko; eta kolageno-peptido bioaktiboak, hezurrak eta artikulazioak egoera onean mantentzen dituztenak.


Adinekoen (asko eta asko oraindik ere aktibo daude) gustu eta behar sentsorialetan jarri zen batez ere arreta jardunaldian. AZTI-Tecnaliako elikadura-adituek, Mugaritz jatetxeko sukaldariekin batera, osagai funtzionalak baliatuz produktu berriak nola egin daitezkeen erakutsi zuten. Showcooking deritzonak agerian utzi zuen kalitate gastronomiko handiko proposamenak lor daitezkeela adinekoek eskatzen dituzten testuretara, uztartze sentsorialetara eta beharretara egokituta ere.


Hitzaldiak
Sinposioan hainbat hizlari adituk hartu zuten parte, eta azaldu zituzten zahartze-prozesuan zehar pertsonek dituzten gabeziak prebenitzeko eta zuzentzeko berariaz diseinatutako produktuek izan behar dituzten ezaugarriak. Adituen ustez, adinekoentzako elikagaiek haien behar zehatzetara egokitutako nutrizio-profila izan behar dute; besteak beste kontuan izan behar dituzte osasun kardiobaskularraren zaintza, immunitate-sistemaren indartzea, proteina-ekarpena eta hezurren birsorkuntza.

Horrez gain, prestatzeko, kontserbatzeko eta zerbitzatzeko errazak izan behar dute, eta ontzi egokiak, erraz irakurtzeko etiketak eta mezu erakargarriak eduki behar dituzte. Iñaki Martínez de Albéniz UPV-EHUko soziologiako irakaslearen arabera, "kalterako da adinekoen sektorea analisi estatistiko horretan uztea. Alderantziz, kontsumitzaile zuhurtzat hartu behar ditugu adinekoak, entzun behar ditugu eta haien bizitzeko moduari erreparatu".

Kontsumitzaile zuhurtzat hartu behar ditugu adinekoak, entzun behar ditugu eta haien bizitzeko moduari erreparatu


Sonia Riescok, AZTI-Tecnaliako Joerak eta Merkatua Behatokiaren arduradunak, adierazi zuen "adinekoak eta adineko gazteak aukera paregabea direla elikagaien merkaturako, batez ere Europan eta Espainian, populazio-segmentu ugaria osatzen baitute eta taldea azkar hazten ari baita".


Adituaren ustez, helburu-erosle horientzako elikagaien eta edarien arloa berritzeko aukerek "hiru ardatz dituzte: osasuna, batez ere, kontsumitzaileari onura komunikatzeari eta argi erakusteari dagokienez; erosotasuna, produktuaren erabilera eta kontsumoari dagokienez; eta plazera".

Riescoren arabera, elikagaigintzaren erronkarik handiena da "elikatu ez ezik atsegina emango duten produktuak lortzea, plazera sentsorialitatearen bidez bilatzea, eta emozioak eragitea, hau da, janariarekin berriz disfrutatzea, eta, hala, jangura galarazten duten zentzumen- edo osasun-murrizketekin lotutako arazoak konpontzea".


Matxalen Uriarte AZTI-Tecnaliako Elikagai Berriak arloko arduradunaren aburuz, "etorkizuneko erronka izango da 70 urterekin egun 50 urterekin bezala egoten lagunduko diguten produktuak sortzea, eta, horretarako, osasuna, plazera eta egokitasuna kontuan hartzen dituzten elikagaiak diseinatzen egin behar dugu lan".

Testua eta argazkiak: A-T.

Abendua 2019
A A A O O L I
25 26 27 28 29 30 1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31 1 2 3 4 5

Buletina