Ibilbidea

Adán de Yarzaren ehun urteko pinuak

Euskal Herriko hainbat txokotan zuhaitz zaharrak ezkutatzen dira. Batzuk ezagunak dira eta adierazirik edo legeak babesturik daude.

Beste batzuk, ordea, astiro-astiro hazten jarraitzen dute eta ez dute inolako aintzatespenik espero; besterik gabe, zahartzarora heldu eta ondorengoak nagusitzen ikusten dituztela zendu nahi dute.

Abiapuntuko datuak
"El Pino radiata en la Historia Forestal Vasca: Análisis de un proceso de forestalismo intensivo" (2006) Mario Michel-en doktore-tesiak baso-historiari buruzko datu franko ditu. Kapitulu interesgarrienetako batean, XX. mendean pinu beltzezko zenbait mendik izandako gorabeherak biltzen ditu. Mendi horietako bat da Errialtadua nagusia (Galdakao). 35 hektarea ditu gutxi gorabehera eta Euskadin landatutako pinu beltzen lehenbiziko mendia da, Mario Adán de Yarzak egina. 1898ko lehen pinudia moztu egin zuten; 1955ean berriro landatu zuten (bigarren txanda) eta 2002an berriro ere (hirugarrena). Halere, multzo horietan tamaina handiko hiru pinu gorde dira, eta 1898tik tinko irauten dute. Hurreneko landatze horretan 250.000 pinu beltz erabili zituzten aipatu lursaila basotzeko, eta handik bizirik irten diren bakarrak dira; beraz, egun 115 urte dituzte.


Hiru pinu horiek aurkitzeko, bi metodo nagusi balia daitezke: jabeen, basozainen eta basako teknikarien informazioa edota teknologia berriak. Lehen kasuan, lursaila ezagutzeko memoria eta eskarmentua beharrezkoak dira eta, sarritan, mendiaren xehetasunak ezagutzen zituztenek erretiroa hartu dute edo utzi gaituzte. Bigarren kasuan, ortoargazkiek eta LiDAR hegaldiek, esaterako, lursail osoa estaltzen dute eta informazio objektibo eta doakoa eskaintzen dute (www.geoeuskadi.net).Tamaina handiko hiru pinu dira eta 11 urteko pinu gazteez inguraturik daude. Horregatik, azken ortoargazkietan argi ikusten dira beren siluetak itzalean, eta beren tamaina ederki igartzen da 2008 eta 2012ko LiDAR hegaldiek emandako landareen garaieren irudian.


Pinu zahar horiek landatu zirenean, basoaren magaletan ez zegoen zuhaitzik edo karboiztatutako edo osasun txarreko harizti motzak zeuden. XIX. mendeko Bizkaiko paisaiaren adibide adierazgarria zen hori.

Ibilbidea
Usansoloko (Galdakao herria) Lekue auzotik asfaltaturiko bide bat ateratzen da Lekubaso urtegirantz (110 kota). Bost kilometro luze ditu gutxi gorabehera eta presa (1932) eraikitzeko egin zen. Lekubasoko presak 100 m luze eta 10 m garai ditu, eta oinez zeharka daiteke. Lanbroak galarazten ez duenean, urtegitik bertatik ehun urteko hiru pinuak ikus daitezke, adaburuak haranaren hondoan gailentzen baitira.


Lekubaso toponimoak basoei egiten die erreferentzia, nahiz eta, gaur egun, baso natural zahar gutxi eta ordean pinudi zabalak egon. Aspaldi Mario Adán de Yarzak ikusi zuenez, mendi horien haran sakonek eta kota baxuek pinu beltzen hazkundeari mesede egiten diote.


Lekubaso presaren oinetan aisialdi-eremua eraiki da. Ibilgailua han uztea gomendatzen da. Izan ere, Lekubaso errekari paralelo doakion baso-pistak zenbait zati ditu hondaturik, hezetasuna eta lur-jauzi txikiak direla eta.


Hiru pinuetaraino heltzen den bideak hegoalde-norabidea du, 2,6 km luze da guztira eta ordu bete baino gutxiagoan egin daiteke. Bide-erdian, adar bat ateratzen da ezkerretara, 30 hektareako pinudi zahar batera daramana. Pinudi hori 50 hamarkadan landatu zuten ere eta oso zuhaitz handiak ditu. Hango arbolak behin betiko mozteko tasaturik eta markaturik daude; beraz, beharbada, laster desagertuko dira, azken urteetan hainbat eta hainbat pinudi zaharrekin gertatu den legez. Hain zuzen ere, pinudi horretara antolatu zuten txangoa Gazteizen berriki (2013ko ekaina) eginiko Congreso Forestal Español basoei buruzko Espainia mailako batzarrean.


Lekubaso ibarra zeharkatzen duen bidea etxola batean amaitzen da. Etxola hori Bilbora ur edangarria daraman hoditeriaren parte da. Ura Zadorraren ibai-aldatzetik dator. Hoditeria Undurraga urtegian hasten da, Arratia ibaian, eta Bizkaia hegoaldeko zenbait mendi zeharkatzen ditu tunelen eta sifoien bidez. Hala, Bilbo Handiko ur-horniketa bermatzen du 1971tik.


Ehun urteko hiru pinuak aipatu etxolatik oso gertu daude. Halere, landaretza abartsuak pinuetara iristea zailtzen du. Zuhaitz handien oinera heltzeko, eskuinetara dagoen bide estu batetik 100 metro igo behar da eta, ostean, pinudi gaztearen sastrakartean murgildu.


Hurbiletik ikusita liluragarriak dira zuhaitzaren adaburu erraldoia eta diametroa (metro bat gutxi gorabehera). Hiru mende bizi izan dituzte, eta hainbat gertakariren lekuko izan dira: inguruan eraikitako egiturak, milaka zuhaitzen landatze eta mozketa, jabe-belaunaldien eta basozainen joan-etorriak...
Mario Adán de Yarzaren ondokoak dira oraindik ere mendi horren jabe. Era berean, familia-ondasun izaten jarraitzen du Ispasterreko Zubieta jauregia. Han, XX. mendearen erdian hiru pinu beltz landatu ziren apaingarri gisa.


Etorkizunean hala erabakiko balitz, eta jabeek eragozpenik jarriko ez balute, Lekubasoko ehun urteko pinu horietako bat izan zitekeen Zuhaitz berezi izendatzen den lehenbiziko pinu beltza. Meritua ez zaio falta.

Testua eta argazkiak: Alejandro Cantero, Hazi Fundazioa

Iraila 2019
A A A O O L I
26 27 28 29 30 31 1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 1 2 3 4 5 6

Buletina