Elkarrizketak

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailburua

Urtebete baino gehiago egin du Arantza Tapiak Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren ardura hartuta, non nekazaritza, abeltzaintza, arrantza, zuhaizgintza eta nekazaritza eta elikagaien industria biltzen baitira.



Astigarragako gipuzkoarra, Industria Ingeniaritzan doktorea da eta Euskal Herriko Unibertsitatean katedraduna. Karreraren zati handiena irakaskuntzari –Donostiako Eskola Politeknikoko zuzendari izana da– eta ikerkuntzari emana die. 2005. urtean politikara egin zuen jauzi, Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herrilanetako sailburu izendatu baitzuten, eta 2011n, berriz, Madrilgo Kongresuko diputatu hautatu zuten, EAJren zerrendan.


Elkarrizketa honetan, legegintzaldi honetan lehen sektorerako (arrantza eta nekazaritzarako) taxututako politikaren nondik norakoak aletzen dizkigu: lehiakortasuna eta balio erantsia sendotzea, enplegua sortuko duten jarduera enpresarial berriak abiaraztea, egitura-defizitak zuzentzea, arriskua kudeatzeko sistemak sustatzea, garapen jasangarriaren alde lan egitea eta landa-eremuetako gazte eta emakumeentzako laguntzak areagotzea.


Sustrai: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu gisa, urtebete egin duzu dagoeneko nekazaritza, abeltzaintza, arrantza, zuhaizgintza eta nekazaritza eta elikagaien industriaren gaineko ardurak zeure gain hartuta. Nola baloratzen dituzu igarotako hilabete horiek?
Arantza Tapia:
Oso hilabete beteak izan dira, non lehen sektorea osatzen duten azpisektore guztietara hurbildu nahi izan baitugu, desberdinak baitira batzuk eta besteak bizitzen ari diren egoerak. Aurrekontu berri bati heldu behar izan diogu, zuzendaritzak eta sozietate eta fundazio publikoak antolatu, programazio-aldi berriari ekin... Gai zehatzagoetara etorrita, hainbat ustiapen eta enpresa laguntza eske etorri zaizkigu finantza-egoera zailak egonkortzen saiatzeko.

S.: Eta etorkizunerako planifikazioari dagokionez, zer?
A.T.:
Etorkizunari dagokionez, ahalegin handia egin dugu nekazaritzako politiketan sektorerako lehentasun egokienak definitzen. Zinez sinesten dut krisialdi orok balio lezakeela berroneratzeko, aukera berriak sortzeko, hartara geure burua sendotuta gainditzeko krisia; horretarako, baina, politika guztiak sektorearekin eta hari eragiten dioten eragile guztiekin batera lerrokatu behar dira. Labur esanda, nahiz eta sasoi xamurra ez den izan, erronka handiak ditugu begien aurrean egoera korapilatsu batean; aldi berean, ordea, etorkizunerako aukerak ere baditugu sektorean, eta horiei etekina atera behar diegu.

Nahiz eta sasoi xamurra ez den izan, erronka handiak ditugu begien aurrean egoera korapilatsu batean; aldi berean, ordea, etorkizunerako aukerak ere baditugu sektorean, eta horiei etekina atera behar diegu.

S.: Nola aurkitu zenuen sektorea iritsi zinenean?
A.T.:
Begi-bistakoa da garai zailak ari garela bizitzen, ekonomia osoa oro har, eta testuinguru horretan, lehen sektorea ere bai. Bereziki latza ari da izaten abeltzaintzaren egoera, baserritarrek ekoizte-kostu handiak eta, balio-kateko gainerako eragileen aldean, negoziatzeko ahalmen txikia baitute.
Baina nire ustez, egoera zailetatik indartuta irten liteke, batez ere geure aktibo handiei etekina ateratzen asmatzen baldin badugu: geure produktuen kalitate apartari eta geure nekazaritza eta elikagaien industriaren, eta oro har geure landa-munduaren, dinamismo handiari.

S.: Zer lehentasun, erronka eta lan-ildo dituzu legegintzaldi honetarako?
A.T.:
Helburuetan, besteak beste, gure eskumen-esparrua errespetatzea eta defendatzea, belaunaldiak berritzea bultzatzea, ekoizte-sektorearen lehiakortasuna eta balio-katean duen zeregina sendotzea, nekazaritzaren eta elikagaien industria garatzea eta bertako ekoizpenean oinarritzea, nekazaritza sektorearen egitura-defizitak zuzentzea, maila guztietan jardueren jasangarritasuna sustatzea, ekonomia dibertsifikatzea eta landa-eremuetako bizi-kalitatea areagotzea, generoaren arazoari eraginkor heltzea eta, erakundeen arteko elkarlanaren eta sektorearen konplizitatearen bitartez, gobernantza hobetzea.
Eta ekintza gakoetan, berriz, hor ditugu: sektorearen ekoizte-kostuak hobetzea, nekazaritza-lurrak sustatzea, 2014-2020 LGP erredaktatzeko parte-hartze prozesua, Landa Garapeneko Elkarteek (LGE) ingurunea koordinatzeko eta dinamizatzeko duten zeregina birbideratzea, zuraren sektoreko proiektuak garatzea merkatu eta erabilera berriak bilatuta eta sektoreko industrian berrikuntza eraginda, eta Euskal Herriko elikagaien sektoreko enpresen integrazio bertikala edo horizontala egiteko proiektuei laguntzea.

S.: Zure adierazpen guztietan azpimarratzen duzu nekazaritzaren eta elikagaien industriari zer garrantzia aitortzen diozuen.
A.T.: Izan ere, azpimarratu nahi nuke Elikagaien Industriaren 2014-2016 aldirako Estrategia eta Lehiakortasun Planaren garatze-prozesuan gaudela, bete-betean, industria jasangarri eta lehiakorrari laguntzea xede, ahal den neurrian tokiko eta kalitateko produktuari lotua, eta jarduera ekonomiko eta enplegu gehiago sortzeko gauza dena. Elikagaigintza eta edarigintzaren sektoreko industriaren diagnosi-adierazleak eguneratu berri ditugu eta egoera ekonomikoak eraginda sektorean min egiten duten joerak hauteman ditugu, gizartearen, teknologiaren eta merkatuaren alorreko beste zenbait faktorerekin batera. Horrek aukera emango digu datozen urteetan garatu beharreko beste ekintza estrategiko batzuk identifikatzeko.


S.:Halaber adierazi izan duzu arrantza-sektorearen modernizazioa eta jasangarritasuna sustatuko duzuela. Nola egin asmo duzue?
A.T.: Arrantza-jarduera bideragarria bultzatuko dugu, baliabideen iraunkortasunean oinarritua, gure natura-ondarearen erabilera arrazoizkoa eta arduratsua bermatuko duen ontzi-flota eraginkorra eta efizientea baliatuta. Ontzidia modernizatzeko prozesua burutuko dugu eta sektorean informazio-, trazabilitate- eta gardentasun-ohitura hobeak ezartzen lagunduko dugu. Horrez gain, baliabideen jasangarritasunean aurrera egiteko eta galbidean dauden espezieak leheneratzeko aukera ematen diguten ebaluazio-mekanismoak eguneratu asmo ditugu. Arrantza ikuskatzeko plan xehatu bat eratu nahi dugu, ministerioarekin koordinatuta.

Arrantza ikuskatzeko plan xehatu bat eratu nahi dugu, ministerioarekin koordinatuta.


S.: Eta zuhaizgintzaren eta zuraren sektoreari dagokionez?
A.T.: Lehentasunekotzat daukagu, eta, hori dela eta, ahalegin handiak egingo ditugu hura atxikitzen eta modernizatzen. Lehiaren diagnostikoa egiten ari gara haren egoera zein den jakiteko, hartara hura hobetzeko sektore-programak eta haiek bultzatzeko politika aktiboak abiarazi ahal izateko. Gure xedea da azpisektore hau, besteak bezalaxe, bere garapenaren protagonista izan dadila.

S.: Aurrea jarraituko da lehen sektorearekin lotutako enpresa publikoak berrantolatzen?
A.T.:
Heldu beharreko zeregin nagusietako bat da hori, bai gure sailean, bai Jaurlaritzan, oro har; haatik, oraindik ez diogu bete-betean heldu. Helburua da enpresak sektorearen eta lurraldearen behar berrietara zeharo egokitzea, uneko egoera aintzat hartuta, betiere. Sektoreak ikusi behar du enpresa horien jarduna beren garapenerako estrategikoa dela.

S.: Foru-aldundiekin batera, berpiztu egin da lehengo Nekazaritza eta Elikadura Politikako Batzordea. Zer helburu lortzeko?
A.T.:
Helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta elikadurako politikak diseinatzea eta arlo horietan ekimen bateratuak sustatzea –planak nahiz programak edo bestelako ekintzak–, batzordea harturik foro partekatu gisa, zeinak nekazaritzaren eta elikagaien arloko politikak eraginkorragoak izan daitezen jardungo baitu. Erakunde arteko organoa izango da, eta haren helburua izango da Euskadiko nekazaritzaren eta elikagaigintzaren sektoreekin hobeto lerrokatzea eta baliabideak eraginkorrago erabiltzea, sektoreko gainerako eragileekin lankidetzan.

S.:Hartu al ditu dagoeneko lehen erabakiak?
A.T.:Bai, hala da; hainbat erabaki hartu dira dagoeneko, hala nola Landa Garapen Jasangarrirako 2014-2020 Plana definitzeko eta diseinatzeko eragile anitzeko lantaldeak abiaraztekoa. Zerikusia duten eragile guztiekin adostuta definitzen ari da plana.

S: Ezer aurreratu al zenezake 2014-2020 LGJParen edukitik?
A.T.: Esan bezala, oraindik eztabaida-fasean dago. Planean xehe azalduko da zein den Euskadiko landa-ingurunearen egoera, landa-garapenerako estrategia definituko da eta zehaztuko da sektore-anitzeko jarduera-motetatik zein abiarazi ahal izango diren administrazioen arteko lankidetza gisa. Batzordeak LGJPrako onetsi duen egituran aipagarria da sektoreen eta lurraldeetako eragileek erabat hartuko dutela parte.

S.: Eusko Jaurlaritzaren planteamenduak oso desberdinak al dira ministerioarenekiko?
A.T.:
Guk, jakina, geure errealitateari ondo egokitutako politika bat diseinatu nahi dugu Euskadiko Landa Garapenerako, gu guztion artean negoziatua eta Madrilen tutoretzapetik at.

S.: Zer nolako parte-hartzea eskatuko zaio sektoreari?
A.T.:
Prozesu osoan benetan parte-hartze aktiboa izatea nahi dugu. Hau izango da lan egiteko eskema: lehenik, Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako teknikariek hainbat proposamen prestatuko dituzte, gero sektorearekin eztabaidatuko dira eta haren ekarpenak jatorrizko proposamenari gehituko zaizkio. Azken onespena ematea Nekazaritza Politikako Batzordeari egokituko zaio. Bestalde, sektorearen parte-hartzea web bidezkoa eta aurrez-aurreko jardunaldien bidez gauzatuko da.

S.: Eta nekazari gazteei dagokienez, Gaztenek programak jarraipenik izango al du?
A.T.: Bai noski. Izan ere, gogora ekarri nahi nuke erakundeek zortzi urteko haren ibilbidea analizatzeko hartutako konpromisoa, hartara 2014an hasiko den plan berriaren oinarriak ezartzeko.

S.: Zure sailaren lehentasunen artean, besteak beste garatu beharreko politika guztiei genero-ikuspegia gehitu beharra aipatu ohi duzu. Nola hezurmamituko da hori?
A.T.: Guretzat oso garrantzitsua da, izan ere, lehen sektorean eta, oro har, landa-eremuan, emakumeen egoera hobetzea. Haien lana oso garrantzitsua da, beti ikusten ez bada ere. Beren eskakizunak Bruselara eraman dituzten arrantza-munduko emakumeen alde jokatu dugu –neskatilak, sareginak, biltzaileak...–. Orain, berriz, Landa Eremuko Emakumearen Estatutua beranduenez ere datorren urtean onesteko ari gara lanean.

Guretzat oso garrantzitsua da, izan ere, lehen sektorean eta, oro har, landa-eremuan, emakumeen egoera hobetzea

S.: Nahiko kritiko agertu da Eusko Jaurlaritza Nekazaritza Politika Bateratu berriarekiko. Zer irizten dio?

A.T.: Sektoreari zein gizarteari iragarri zitzaien Erreforma berria aldaketarena izango zela. Baina, egia esan, oso kontinuista da, eta neurri handi batean Madrilen hartzen ari diren erabakiek baldintzatuta dago. Lehen zutabeari dagokionez, tamalez, hor segitzen dugu irizpide historikoetan oinarritutako zenbatekoen mende, gure ustiapenen gaur egungo orientazioarekin ezer gutxi dutelarik ikusteko, laguntzak benetan ez datozela bat, nekez justifika daitekeen lurralde-eredu bat dugularik, abeltzaintzako azpisektore gehienak bizitzen ari diren egoera zaila berdintzeko balio ez duten laguntza akoplatuak egonik...
Bigarren zutabeari dagokionez, berriz, oro har kontinuista da ezarritako eredua, eta kasu askotan terminologia besterik ez du aldatu. Hala eta guztiz ere, badira, gure iduriko, oso elementu interesgarriak, hala nola berrikuntzarekin lotutako guztiak, Batasunaren hainbat funtsetara (EGEF, LGENF, EGF) iristeko aukera, azpiprogramak aplikatzeko aukera eta abar.
Nolanahi ere, Madrilekiko negoziazio betean gaude eta ikusteko dago nola doazen kontuak datozen hilabeteetan.

S.: Badirudi urak harrotuta daudela banaketaren munduan, kate handi batzuk Euskal Herrira iritsiko direla eta. Zer estrategiari jarraituko dio Eusko Jaurlaritzak horri dagokionez?
A.T.:
Hasteko, lehia egoteak ez du zertan txarra izan behar berez. Estrategia sendoenetako bat da Euskal Herriko nekazaritza eta elikagaigintzako industriak egin dezala euskal produktuen akuilariarena, eta estrategia horren barruan, banaketa handiak zeresan handia du. Gure ekoizleei aiseago egiten badiegu merkatura iristea, produktuaren beharrak gora egingo du eta errentagarriagoak bihurtuko dira gaur egungo ustiapenak, gazteek sektorean jardun ahal izan dezaten kondizioak hobetuta, gainera. Ez ditugu baztertu nahi, noski, merkaturatzeko gainerako moduak; zirkuitu laburrak ere landu behar dira, zeren eta produktu guztiak ez baitira merkaturatu behar azalera handiko saltokietan, eta zuzeneko salmentaren bidez bakarrik ezin baita sektorea behar bezala egituratu.

Testua: Nerea Haig

Argazkiak: CC BY-3.0-ES 2012/EJ-GV/Irekia-Gobierno Vasco/Mikel Arrazola

 

Abuztua 2019
A A A O O L I
29 30 31 1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31 1

Buletina