| Albisteak

Atunzale izoztaileen sektorearen balio kateak 3.100 pertsonari ematen die enplegua, eta 924 milioi euro fakturatzen ditu

Atunzale izoztaileen sektorea jarduera ekonomiko globala da, eta Euskadin 54 arrantza ontzi, laguntzako 27 itsasontzi eta 6 zama ontzi ditu. Arrantza eta eraldaketa jardueren artean, 29.117 pertsonari ematen die lan mundu osoan (3.110 pertsonari Euskal Herrian) eta 1.969 milioi euro fakturatzen ditu, horietatik 924 milioi Euskadin (448 milioi arrantzan eta 476 milioi eraldaketan).


Horiek dira Espainiako atunzale izoztaileen sektorearen balio kateak eskala lokalean, eskualdekoan, estatalean eta mundukoan duen benetako inpaktu ekonomiko eta soziala lehen aldiz identifikatzeko Bermeo Tuna World Capitalek AZTI ikerketa zentroarekin elkarlanean egindako azterketan jasotako datu batzuk. Azterketa, berriz, aurkeztu zen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozen eta eta Raúl Prellezo, AZTIko ikertzaile eta txostena egilearen eskutik.

Azterketan 2015, 2016 eta 2017ko urteetako jarduera aztertu da, eta iturri publikoetan eta datu ofizialetan oinarritu da


Azterketaren ezaugarriak
Azterketan 2015, 2016 eta 2017ko urteetako jarduera aztertu da, eta iturri publikoetan eta datu ofizialetan oinarritu da. Atun moja (Thunnus obesus) eta atun hegal-hori (Thunnus albacares) atun espezieetan eta antzekoetan (sabel marraduna -Katsuwonus pelamis) zentratu da azterlana, horiek dira-eta atun ontzi izoztaileek gehien harrapatzen dituzten espezieak. Kontsumitzaileentzat, atuna (sabel marraduna) eta atun argia (gehienbat atun hegal-horia eta atun moja) dira espezie horien izenak.


Ondorio nagusiak
Orozek azaldu zuenez, “atunzale izoztaileen sektorearen balio kateak 55 arrantza ontzi (Espainiako arrantza ontzien %77), laguntzako 27 itsasontzi eta 6 zama ontzi ditu Euskadin, eta Indiako Ozeanoan, Ozeano Atalntikoan eta Ozeano Pazifikoan dihardute horiek”. Enpresa armadoreek arrantza kontrolatzen dute, eta eraldaketaren zati bat, marka eraldatzaileak integratuta baitituzte edo beste eraldatzaile batzuei saltzen baitiete. Jarduera biek batera (arrantza eta eraldaketa) 29.117 lanpostu eragiten dute mundu osoan, eta 1.969 milioi euroko negozioa edo jarduera ekonomikoa, Euskadiko enpresek sortutakoa, horietatik %11 eta %47 EAEn eragina izanda, hurrenez hurren.
Sailburuordeak azpimarratu zuen “atunzaleen sektorearen balio kateak inpaktu ekonomiko izugarria duela (fakturatutako euro bakoitzeko 2,72 euro sortzen dira munduan), bai eta inpaktu sozial handia ere (fakturatutako miloi bat euro bakoitzeko 29 enpleguri erantzuten zaie). Horrez gain, kapital naturalaren erabileran ere inpaktua handia dauka (mila tona arrain bakoitzeko, 55 enpleguri erantzuten zaie munduan)".


Kontserbei buruzko datuak
Europar Batasuna da atun kontserben bigarren eskualde kontsumitzaile handiena munduan. Batez ere, atunaren (atun sabel marraduna) eta atun argiaren (atun hegal-horia eta atun moja) kontserbak kontsumitzen ditu, eta horiek dira, halaber, Espainian kontsumitzen den arrain kontserben %50 baino zertxobait gehiago. Urtean 2,3 kilogramo atun kontsumitzen dira batez beste pertsonako, eta itsaskien eta moluskuen kontsumoak baino ez du balio hori gainditzen, batez beste 17 euro gastatzen baita produktu horietan pertsonako.


Espainia da atun kontserben bigarren ekoizlea munduan. Gaur egun, 60 kontserba fabrika baino gehiago daude erroldatuta Espainian, 1000 pertsonari baino gehiagori ematen diete enplegua eta 120 milioi euro fakturatzen dituzte.


Espainiako arrantza ontzien harrapaketa ez da beti kontserbak egiteko erabiltzen Espainian, zati bat esportaziora bideratzen baita. Espainian, 225.000 tona kontserba ekoizten dira, eta hori, dirutan, 1241 milioi euro dira. Horietatik, %49 atun sabel marraduneko kontserbak dira eta %45 atun hegal-horikoak. Esportaziorako 85.000 tona bideratzen dira, eta hori, dirutan, 380 milioi euro dira (%63 sabel marraduna, eta %37 hegal-horia). EBra %95 esportatzen da, eta Italia eta Frantzia dira Espainian ekoitzitako kontserben hartzaile nagusiak.


Emaitza da arrantza harrapaketetan 891 milioi euroko inpaktu ekonomikoa duela guztira (Espainian ekonomiari orokorrean egiten dion ekarpena) eta 1.722 milioi eurokoa alderdi eraldatzailean. Horrek esan nahi du, guztira 2.131 milioi euroko inpaktua duela. Diru horretatik, 1.773 milioi euro bertikalki integratutako enpresetatik datoz, hau da, arrantzan eta kontserbak egiten diharduten enpresetatik. Gaur egun, Espainian mota horretako 8 enpresa daude eta integratuta ez dauden 5. Denek batuta 70 itsasontzi dituzte.


Bermeo Tuna World Capital
Bermeo Tuna World Capital elkarte bat da, atuna baliabide natural gisa modu jasangarrian kudeatzea sustatzeko asmoarekin jaioa, ezagutza zientifikotik eta jardunbide egokietan aitzindaria izanik. Aliantza publiko-pribatua da, eta atunaren balio katean funtsezkoak diren eragile guztiak inplikatu nahi ditu Bermeon, Euskal Herrian, eta nazioartean ere.
Hauek dira Bermeo Tuna World Capital elkartearen jomugak:
• Zientziaren eta arrantzaren arteko lankidetza sustatzea.
• Ezagutza, prestakuntza eta berrikuntza sustatzea.
• Ondare historikoa berreskuratzea, kudeatzea eta zabaltzea.
• Ozeano osasuntsuagoen aldeko proiektuak bultzatzea.
• Kulturen arteko esperientzia trukea sustatzea.
• Bermeo herriaren garapen ekonomikoa eta soziala sustatzea.
Elkarteko kideen artean daude erauzketa enpresa, kontserba fabrika eta enpresa merkaturatzaile ugari, bai eta sektoreko elkarte, erakunde eta Hazi Fundazioa ere.


Arrazoi askorengatik aukeratu da Bermeo herria ekimen honetarako, tartean hauek: bere tradizio eta historiagatik; atun sektoreak herrian duen eragin sozial eta ekonomikoagatik; arrantza jasangarriko praktikarik onenen munduko erreferente izateagatik; eta zientziaren alde egiteagatik iraunkortasunerako.

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait