Albisteak

Elikaduraren inguruko berrikuntzaren azken joerak aurkeztu dituzte Bilbon Food Fashion Festival ekitaldian

Nolakoa izango da etorkizuneko elikadura? Zer rol jokatzen dute herritarrek elikadura berrikuntzan? Zer egin dezake zientziak elikadura seguruagoa, iraunkorragoa eta osasungarriagoa izan dadin?

Galdera horiei erantzuteko asmoz antolatu dute Food Fashion Festival egitasmoa, Bilbon, helburutzat hartuta herritarrei elikaduraren inguruko berrikuntzaren zapore guztiak ezagutaraztea.

Zientzia aliatu ukaezina da elikadura segurtasuna, ekoizpen iraunkorra eta elikadura osasungarria bermatzeko


Azti ikerketa zentroak, EIT Food Elikaduraren Berrikuntza eta Teknologiako Europako Institutuak eta Eusko Jaurlaritzak sustatutako jaialdi hau urriaren 4tik 6ra bitartean egin da Bizkaiko hiriburuko La Palma eraikin enblematikoan. Ekimen honetarako ireki ditu berriro ere ateak eraikinak (Posta kalea, 3, Zazpi Kaleak, Areatza parean).


Ekimenaren egitaraua ikusgai dago Food Fashion Festival webgunean. Sarrera librea eta doakoa izan da. Egitaraua prentsaurrekoan aurkeztu zuten, eta honako hauek parte hartu zuten: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikarako sailburuorde Bittor Orozek, AZTIko zuzendari Rogelio Pozok eta EIT Foodeko Europa hegoaldeko zuzendari Begoña Perez-Villarrealek. Era berean, prentsaurrekoan izan da Bilboko Udaleko Ekonomi Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzi Xabier Otxandiano.


Zientzia aliatu ukaezina da elikadura segurtasuna, ekoizpen iraunkorra eta elikadura osasungarria bermatzeko. Eta horiek jardun ardatzak dira Eusko Jaurlaritzarentzat. Ekimenaren helburua da zientzia ezagutza gizarteari hurbiltzea, elikadura sistemaren eraldaketan duen garrantzia zabaltzea eta herritarrak elikaduraren etorkizuneko protagonista bihurtzea.


Testuinguru horretan, jaialdiak esperientzia estimulagarria, inspiratzailea eta erakargarria izan nahi du, herritarrak ahalduntzeko, elikadura berrikuntzan eragile aktiboak izan daitezen.
Jaialdiaren baitan askotariko jarduerak egin dira: jarduera esperimentalak, tailerrak zein hitzaldiak, guztiak ere pentsatuta herritarrak izan daitezen protagonistak, ezagut ditzaten joera berriak eta elikaduraren sektorean aplikatutako I+G emaitzekin esperimenta dezaten.


Irteteko tiroa mugimendu globalarentzat
Food Fashion Festival ekimena Food4Future mugimenduaren gose-pizgarria baino ez da. Food4Future izenekoa ekimen globala da, eta hainbat ekintza biltzen ditu, herritarren, ikertzaileen eta enpresen arteko lankidetza sustatzeko, elikaduraren paradigmaren eraldaketan parte hartzen duten eragile gakoak diren heinean.
Mugimendu honek berrikuntza arinagoa eta errentagarriagoa sustatzen du, elikadura sistemaren erronkekin zein enpresa eta gizartearen premiekin lotutakoa, zientzia oinarri hartuta. Bestalde, ezagutza partekatzeko, ideien trukerako eta irtenbideen elkarrekiko sorkuntzarako formula zein ingurune berriak aztertzen ditu.


Mugimendu hau bultzatzen duten balioak ekintza zehatz bihurtzeko, datorren urtean Food4Future World Summit egingo da Bilbao Exhibition Centerren (BEC). Ekimen honen helburua izango da elikaduraren etorkizuna bideratuko duten ildo nagusiak marrazteko erreferentziazko nazioarteko hitzordua izatea.


“Food4Future izan da berrikuntza, negozio sorkuntza eta elikaduraren sektorearen baitan gizartearentzako irtenbideak sustatuko dituzten pertsona guztien topagunea”, azaldu du Pozok.

Azaroa 2019
A A A O O L I
28 29 30 31 1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 1

Buletina