Albisteak

Orbisoko ureztatze-sistemak, eguzki-energiaren eraginez dabilenak, 30 hektarea lurretarako ura ponpatzea lortu du

Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak eta Eduardo Aguinaco Arabako Foru Aldundiko Nekazaritzako diputatuak instalazioak bisitatu zituzten Orbisoko (Kanpezu) Ureztatzaile Elkarteko ordezkariekin batera.

Ureztatze-sistema berriaren funtzionamendu ona energia berriztagarrien alde egindako apustua da, eta landa-garapenarekin lotuta dago zuzenean, beharrezkoa den ura ponpatzeko elektrizitateak kostu handia zuenez lurra lantzea ekonomikoki bideraezina zelako.


Orbisoko (Kanpezu) Ureztatzaile Elkartearen autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa, Euskadin ureztatze-ura ponpatzeko helburuarekin ezarri den lehena da. Ureztatzeko moduko azalera 250 ha da, gutxi gorabehera 30 jabetzatan banatua (60 jaberenak dira, gutxi gorabehera). Gaur egun lehen sektoreko bost profesional daude titulu nagusian, eta une honetan ureztatzen diren lurzatiek 30 ha-ko azalera dute guztira.


Orbisoko Administrazio Batzarreko Santa Luzia eremuko eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioaren probaldia joan den martxoan hasi zen. Bi eginkizun betetzen ditu, biak primeran bete ere, lurrak ureztatzeko eta etxeko kontsumorako (65 biztanle) ponpatzen baitu ura. Bi zundaketatik gertu kokatu da instalazioa; 120 metroko sakoneratik ura ponpatzen da bi kontsumo-putzu txikitaraino; bata mendian dago eta ureztatzeko erabiltzen da; bestea, berriz, eguzki-baratzearen inguruetan dago, eta herria urez hornitzeko erabiltzen da.


Eguzki-instalazioak 512 panel ditu (2 x 1 m), zortzi jarraitzaile multzotan banatuak. 166,84 kW-ko potentzia instalatua, ura andel horietara igotzen dutenak. Honako eskema honen arabera funtzionatzen dute:

Landa-garapena eta lehen kalitateko elikagaiak
Proiektu horrek aukera eman du Arabako lur ureztatu garestiena merkeenetako eta efizienteenetako bat bihurtzeko. Proiektu aitzindaria da, eta eragin positiboa du ura ponpatzeagatik ordaintzen den prezioan. Instalazio hau abian jarri arte, uraren kostua 30 zentimo zen metro kubiko bakoitzeko, eta horrela bideraezina zen ureztatu beharreko produktuak lantzea. Eguzki-energiaren erabilerak aukera eman du kostu hori nabarmen murrizteko, metro kubikoa 8 zentimoan ordaintzen delako orain, lehen baino % 75 gutxiago hain zuzen.


Ureztatu beharreko azalera murriztu zen, errentagarritasun handiko lurrak galdu zirelako eta nekazaritza-sektoreko biztanleria aktiboak behera egin zuelako; horregatik, behar-beharrezkoa zen ureztatze-sistemaren energia-kostuak murriztea. Horrenbestez, ureztatzaile-elkarteak ponpaketa kopurua murriztu behar izan zuen, ezinbestean. Instalazio fotovoltaiko horren haritik etorri den berrikuntzak mesede egin die galzorian zeuden zenbait produkturi, hala nola erremolatxa, patata, kimuak, piperra edo boilurra. Hain zuzen ere, boilurraren hazkuntza izan da proiektuaren arrakastan zerikusi handiena izan duen faktoreetako bat. Horren guztiaren ondorioz, nekazariek aukera izan dute beren jatorrizko lurrak lantzen jarraitzeko, bestela beste lur batzuetara lekualdatu beharko zutelako errentagarritasunaren bila, ureztatzeko ura merkeago zuten beste lur batzuetara, alegia. Orbisoko Ureztatzaile Elkarteko autokontsumo-instalazioa estu lotuta dago eremuko landa-garapenarekin, biztanle kopurua sendotzeko, lehen sektorean diharduten pertsonei aukera gehiago eskaintzeko eta lehen kalitateko produktuen ekoizpena bultzatzeko lagungarri delako.


Proiektuak suposatu du gutxi gorabehera 233.000€ inbertitzea, eta Arabako Foru Aldundiak eta Energiaren Euskal Erakundeak finantzatu dute kopuru hori, energia elektrikoa ekoizteko energia berriztagarrietan egiten diren inbertsioak finantzatzeko programaren laguntzen bitartez.
Autokontsumoa: benetako aukera bat


Emaitza onak lortu direla ikusirik, Arabako Lurralde Historikoko zenbait ureztatzaile-elkartek proiektuarekiko interesa erakutsi dute. Energia garbien aldeko apustuagatik, efizientziagatik eta lortutako onura ekonomikoengatik, beste aplikazioetarako ere erakargarria da. Iñigo Ansola Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak azpimarratu duenez, energia-autokontsumoa arautzeko esparru berriak kontsumitzailea energia sistemaren erdian jartzen du eta energiaren kostuak murriztea dakar, eta ondorioz, nekazal sektorearen leihakortasuna hobetu du. Jarraian azaldu duenez, “autokontsumoa funtsezko tresna bat da energia-eredu jasangarriago bat lortzeko bidean, eta klima-aldaketari aurre egiteko moduetako bat ere bada”, eta ildo horretan Ansolak gogora ekarri du ekitaldi honetan autokontsumoa bultzatzeko diru-laguntzak 1.900.000€ direla. Eguzki-energia fotovoltaikoaren aprobetxamendurako instalazioek, instalazio eolikoek eta minihidraulikoek jaso ahalko dute laguntza. Laguntza horiei esker 150 instalazio inguru martxan jartzea espero da, guztira 4 MW-ko potentzia instalatuarekin, gutxi gorabehera.


Pedro Txasko Orbisoko Ureztatzaile Elkarteko presidenteak eta Txema Martínez de Antoñana haren idazkariak nabarmendu zutenez, aspalditik zeuden horrelako proiektu baten esperoan, eta haientzat “aukera bikaina da hau, ureztatze bidezko laborantza estentsiboa desagertuta zegoelako lurrak ureztatzeak suposatzen zuen prezioaren ondorioz”.

Azaroa 2019
A A A O O L I
28 29 30 31 1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 1

Buletina