Albisteak

18 gaztek Euskadiko arrantza ontzietan prestakuntzako egonaldiak egin dituzte, sektorean gazteen enplegua eta belaunaldi erreleboa bultzatzeko

Uda honetan, guztira 18 gaztek zabaldu dute Pasaiako, Bermeoko eta Ondarroako arrantza eskolan jasotako prestakuntza eta lehen eskutik ezagutu dute itsasoan lan egitearen esperientzia.

Era berean, 15 armadore baliatu ahal izan dira esperientzia horretaz, beren itsasontzietan gazteak hartuta arrantza sektorean praktikak egiteko, Eusko Jaurlaritzako ITSASORATU beka programaren barruan. Helburua da sektorean gazteen enplegua bultzatzea eta arrantza ontzietako plantilla gaztetzen laguntzea, horren bitartez belaunaldi erreleboa bermatzen laguntzeko. 2016an jarri zen abian, eta harrez gero 83 gaztek eta 70 armadorek parte hartu dute jada programan.


Urtero iragartzen dira ITSASORATU programaren laguntzak –aurtengoa laugarren urtea da–. Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak emandako agindu baten bitartez iragartzen dira eta arrantza enpresetara bideratzen dira ikasleek itsasontzietan prestakuntza jaso ahal dezaten. Horrela gauzatzen da Eusko Jaurlaritzak 2015-2020 aldirako landu duen Arrantza eta Akuikulturako Plan Estrategikoaren oinarrietako bat, non arrantza sektorea gaztetzea eta profesionalizatzea baitira helburu estrategikoak.


Laguntza horiek finantzatzera bideratutako diru baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretatik baino ez dira etorriko, eta 2019ko ekitaldirako 100.000 euro bideratuko dira horretara. Diru kopuru horrekin, 2016tik hona 500.000 euro inguru bideratu dira programa honetara.


Aurreko hiru urteetan, guztira 65 gazte (2016an 12, 2017an 29 eta 2018an 24) sartu ahal izan dira itsas eta arrantza sektorean beka programa honen bitartez, zeinarekin ostatu lekuak, desplazamenduak, janak, materialak eta praktikak egiteak dakartzaten gastuak finantzatzen baitira.
Pasaiako Itsas-arrantzako Prestakuntza Zentroan –Blas de Lezo–, Bermeoko Itsas-arrantzako lanbide prestakuntzarako eskolan eta Ondarroako Antiguako Ama Itsas-arrantzako lanbide prestakuntzarako eskolan erdi mailako eta goi mailako prestakuntza zikloetako 1. kurtsoko ikasleak izan behar dira eta kurtso horretako ikasgai guztiak gaindituta eduki behar dituzte.


ITSASORATU programaren laburpena
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren helburuetako bat da arrantzarekin lotura duten sektoreetan lan egiten duten pertsonen trebakuntza sustatzeko politika egokia edukitzea. Horregatik, arrantza sektorearen premiei eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuteko beharrezkoa da itsasoan lan egiten duten pertsonen prestakuntza praktikoa sustatzea eta, oro har, merkatuaren eskakizunetarako egokia den prestakuntza bat eskuratzeko interesa duten pertsona guztiena, Europako eskariarekin bat etortzeko eta arrantza sektorearen onurarako.
Hala, ITSASORATU programa arrantza enpresei zuzenduta dago, itsas-arrantza alorreko prestakuntza zikloak egiten ari diren ikasleei beren arrantza ontzietan prestakuntza egonaldiak egitea ahalbidetu diezaieten, ikasleak itsasontziaren barruan dauden bitartean sortzen zaizkien gastuak diruz lagunduta.


Laguntzen helburuak dira arrantza sektorearen errealitatera hurbiltzea, itsas-arrantzako prestakuntza zikloak egiten ari diren ikasleei beren prestakuntza profesionala osatzeko itsasontzien barruan eman behar duten denbora edo “itsas egunak” deiturikoak egiten laguntzea, arrantza sektoreko gazteen enplegua bultzatzea, itsasontzietako plantilla gaztetzen laguntzea eta, horrekin guztiarekin, sektoreko belaunaldi erreleboa bermatzen laguntzea.


Oinarriko portua Euskal Autonomia Erkidegoan duten arrantza ontzietan egin dute egonaldia, eta bertan eman duten denbora tartea marea baten parekoa izango da, hau da, 20-30 egun ingurukoa. Enpresa onuradunak ikasle bat baino ezin du hartu bere itsasontzian eta prestakuntza egonaldi baterako baino ez, eta egonaldi hori 2019ko bigarren seihilekoan egingo da. Praktikak egiten ari den ikaslearen jarraipena eta tutore lanak egin beharko dira, bai eta azken balorazio txosten bat ere.

Azaroa 2019
A A A O O L I
28 29 30 31 1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 1

Buletina