Albisteak

LABe – Digital Gastronomy Lab, gastronomiaren arloko berrikuntza teknologikora bideratutako espazioa, inauguratu da Donostian

LABe - Digital Gastronomy Lab-ek ireki ditu ateak Tabakalerako prisman, Donostian.

Basque Culinary Center-ek kudeatzen duen berrikuntza irekiko living lab honek teknologia eta pertsonak integratzen ditu, gastronomiaren etorkizun digitala sustatzeko asmoz. Etorkizuneko gastronomia birpentsatu eta horren inguruan batera sortzeko espazioa da, betiere kode digitalean.
Inaugurazio-ekitaldian, bisita gidatu bat egiteko ere aprobetxatu zen, espazio gakoetan zehar.

LABe ekimena Euskadiko Elikadura eta Gastronomia Planean kokatzen dugu

Bertan izan ziren Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua; Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusia; Eneko Goia, Donostiako alkatea; Joxe Mari Aizega, Basque Culinary Center-eko zuzendari nagusia; eta Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusia.


“LABe ekimena Euskadiko Elikadura eta Gastronomia Planean kokatzen dugu. Berrikuntzan eta dibertsifikazioan oinarrituta, produktu eta zerbitzu berriak eskaintzeko lan lerroa garatzen duena”, baieztatzen zuen Arantxa Tapiak. “Digitalizazioa da une honetan gure herriak esku artean duen erronka nagusienetako bat eta Basque Industry 4.0 estrategiaren bidetik, enpresei gune praktiko bat eskaintzen diegu euren aukera berriak landu ditzaten. I+G froga dezakete eta produktu berrien sorrera- gune gisa erabili, horien merkaturatze prozesuari ekin aurretik. Ikuspegi industriala jarri diogu elikaduraren balio kate osoari, sektorea bera eta enpresak ez daitezen atzean geratu, bi abiadurako garapen ekonomikoa saihestea baita gakoa”.


LABe – Digital Gastronomy Labek berrikuntza eta garapen elkargunea osatzen du, zeinak esperimentazio, proiektuen garapen eta soluzio teknologikoetarako espazio bat integratuko duen gastronomiaren balio-katea osatzen duten arloen zerbitzuan. Modu arinean batera sortzeko, esperimentatzeko eta testatzeko laborategi bat osatzen du. Halaber, I+Gren proiektu eta garapen berrien azeleratzaile gisa jarduten du gastronomiaren sektoreko enpresekin.


Berrikuntza irekiko laborategi hau Montegui Construcciones, Foraster arquitectos, Boslan eta DOTek diseinatu dute. Bi solairu ditu eta 1.400 metro karratu, eta bertan instalatu dira, besteren artean, startup-ak eta industria uztartuko dituen co-workingeko espazio bat, garapen gastronomiko berriak prototipatzeko sukaldeak, produktuak, zerbitzuak, auditorium txiki bat eta batera sortzeko espazio bat.


Orobat, Basque Culinary Centerreko ikertzaileek kudeatzen duten gastronomia-espazio bat du, eta datorren uztailaren 22tik aurrera herritarrentzat irekita egongo da. Jatetxe-espazio horietan, startupek konponbide teknologikoak ingurune erreal batean probatu ahal izango dituzte. 360º-ko esperimentazio-areto bat izango du, eta gastronomian murgiltzeko esperientziak eskainiko dira.
LABe – Digital Gastronomy Laben lan metodologia aintzatetsi du European Network of Living Labs-ek (ENoLL), Europako Living Lab onenak biltzen dituen nazioarteko federazioak. LABe-k zortzi adituko batzorde bat dauka, sektoreko erreferenteak nazioarte mailan, startup eta ekintzaile berriei laguntza emango dietenak; aipagarriak dira, horien artean, Brita Rosenheim (Better Food Ventures), Amit Zoran (Jerusalengo Unibertsitateko gastronomia digitaleko ikertzailea) eta Beatriz Romanos (TechFoodMag).


Beste alde batetik, lankidetzarako akordio estrategikoak sortzen ari dira enpresekin, startupei deialdi ireki ezberdinak aktibatzen, eta herritarrak proiektuan nahastera bideratutako jarduerak diseinatzea ere pentsatu da; Mindtegi edo Startup Weekend Donostia – San Sebastián Gastronomy (duela gutxi egina) bezalako ekintzak.


LABe – Digital Gastronomy Labek, digitalizazioaren eta teknologiaren bidez, aukerak eta erronkak sortzeko espazio bat osatzen du gastronomia sektorean jokatzen dutenentzat, pertsonak prozesuaren erdian kokatuz.

Abuztua 2019
A A A O O L I
29 30 31 1 2 3 4
5 6 7 8 9 10 11
12 13 14 15 16 17 18
19 20 21 22 23 24 25
26 27 28 29 30 31 1

Buletina