| Albisteak

Euskadik erreferente bihurtu nahi du Europako hegoaldean baso bioekonomiaren arloan

Bioekonomia Euskadin: erronkak eta aukerak” izenburupean, Donostiak ekitaldi bat hartu du, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak baliabide biologiko berriztagarrien ekoizpena eta horiek balio erantsiko produktu nola bihurtzen diren aurkeztu du, datozen urteetan Euskadin lortzeko helburu moduan.


Baso bioekonomiak gaur egungo ereduak planteatzen dituen erronkei erantzuteko aukera bat eskaintzen du, izan ere, egungoa erregai fosilen eta baliabide ez berriztagarrien mende dago, eta ingurumen arazo larriak eta lehengaiak eskuratzeko arazoak eragiten ari da.

Kursaal Biltzar Jauregian egin den jardunaldian baso bioekonomian oinarritutako negozio ereduetarantz eraldatzen asmatu duten herrialde eta enpresa ezberdinen kasuak aurkeztu ziren

Arazo horien artean aipa daitezke klima aldaketa, hondakinen krisia, biodibertsitatea galtzea eta baliabide naturalak agortzea. Jokaleku horretan, baso bioekonomiak ekonomia ulertzeko planteatzen duen modu berria aukera gisa agertzen da erantzun jasangarria eta errentagarria emateko. Finlandian edo Alemanian, esaterako, egiten ari dira bioekonomiaranzko trantsizioa. Europan, dagoeneko, 18,6 milioi lagun enplegatzen ditu, eta BPGaren %13 da.


Orozek agerian jarri du Euskadik trantsizio horri bermearekin ekiteko beharrezko elementuak badituela: “Baso sektore indartsua daukagu. Gure lurraldearen %55a dago zuhaitzez beteta, sektoreak Euskadiko BPGren %1,53a suposatzen du eta ia 20.000 pertsonari lana ematen dio. Gainera, karbono aztarna txikia sortzen duen materiala sortzen du eta eraldatzeko ahalmen handia du. Basogintzaren sektorea da gure biomasaren ekoizle nagusia, transformaziorako material nagusietako, eta baloi erantsia sortzeko ahalmena duen baliabide endogenorik handiena”, gogoratu du sailburuordeak.


Jardunaldia NEIKER-Tecnaliak antolatu du, eta Leire Barañano bere zuzendari nagusiak helburuak azaldu ditu: “Euskal ekonomiaren hainbat eragileren topagunea izatea nahi dugu, horien artean baso-egur balio kateko enpresak, kimika berdekoak, zentro teknologikoak, unibertsitateak eta klusterrak, kanpoko esperientziak entzuteko, ea inspiratzen gaituzten Euskadin nahi dugun aldaketari ekiteko”. Barañanok nabarmendu du ahalegin handia egin dela “Euskadira hizlari sorta bikaina ekartzeko.Denak nazioartekoak, eta bioekonomiaren arloan esperientzia handikoak. Gai bakoitzeko onenak izango ditugu”.


Ekitaldia Kursaal Jauregian egin da, eta bertan izan dira nazioarteko sona duten bioekonomiako adituak, beren esperientziak azaltzeko eta beren ikuspegia eskaintzeko Euskadi bezalako eskualde batek bere ekonomia eraldatzeko dituen aukerei buruz. Halaber, lehen eskutik ezagutu ahal izan dira baso bioekonomian oinarritutako negozio eredu berrietarantz aldatu eta orientatzen asmatu duten herrialde eta enpresa ezberdinen kasuak.


Hizlarien artean nabarmentzen da Esko Aho, 1991 eta 1995 bitartean Finlandiako lehen ministro izana eta egun Finlandiako European Forest Instituteko aholkulari estrategikoa dena (EFI), eta bioekonomiak gaur egun Europan duen egoera azaldu du eta ezartzeko dauden erronkak eta elementu gakoak.
Inazio Martinez de Aranok, Mediterraneorako EFIko zuzendariak, ‘Bioekonomia Europa hegoaldean’ izeneko azterketa aurkeztu du: Eusko Jaurlaritzak eskatuta egin da, eta oso ondorio interesgarriak eskaintzen ditu Euskadik egungoa ez bezalako eredu ekonomiko baterantz jotzeko dituen aukerei buruz.
Christian Patermann mundu mailan bioekonomiaren guruetakotzat jotzen da, gaur egun Alemaniako gobernuaren aholkularia da gaiari buruz, eta azaldu egin du Alemaniak nola egin duen bioekonomiaranzko trantsizioa eta nola lortzen ari diren egurrean oinarritutako produktu eta alternatiba berriak sortzen merkatuarentzat, lehengaia biologikoa eta jasangarria baita, eta herrialde hartan oso ugaria. Patermannek, gainera, hainbat industria konektatzeko gakoak azaldu ditu: lehengaiak sortzen dituztenak eta amaierako erabiltzaileak (automobilgintza, aeronautika, ehungintza…), arreta berezia jarrita berrikuntzan eta soluzio teknologiko berrietan.


Topaketan Alemaniako basogintzaren, automobilgintzaren eta sektore kimikoaren arteko sinergiak ezagutu dira, Alemaniako Bioekonomia Klusterreko Matthias Zscheileren eskutik, eta bioekonomiak dakartzan inplikazio sozialak ere landuko dira, Lukeko (Finlandia) Biogizarteari buruzko Ikerketa Programaren zuzendari Pasi Rikkonenen eskutik.
Jardunaldiaren zati praktikoa enpresen esperientziekin egin den mahai inguru bat izango da, beraien jarduera bioekonomiari lotuta daudenez gero, eta askotariko gaiak landuko dira, hala nola oinarri biologikoko plataforma molekularrak (Succinity Gmb, Alemania), bioplastiko funtzional eta jasangarriak (Synvina, Holanda), bioehun jasangarriak (Lenzing, Austria) edo eraikuntza jasangarriak (Ekinn/Ekoinnovating, Espainia). Halaber, mahaian parte hartu du baita ere Joensuu Science Parkek (Finlandia), eta azaldu du start-upei nola lagundu bioekonomiarantz jo dezaten.


Jardunaldia NEIKER-Tecnaliak eta European Forest Institutek antolatu dute, laguntzaileak izan direlarik BaskEgur-Euskadiko Egurraren Elkartea, Hazi eta Europa Hegoaldeko Silbikultoreen Batasuna (USSE), eta politika, enpresa, ikerketa, kluster, egurraren elkarte eta unibertsitateen ordezkariek parte hartu dute.

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait