| Albisteak

12 milioi euroko aparteko laguntzak Covid-19ak abeltzaintzako produktuen komertzializazioan eragindako krisiari aurre egiteko

Eusko Jaurlaritzak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuaren agindu bidez, 2021erako aldi baterako aparteko laguntzak deitu ditu Euskal Herriko esnetarako behien, haragitarako behien, ardien, ahuntzen, haragitarako hegaztien eta hegazti erruleen, txerrien, untxien eta zaldien sektoreetan abeltzaintza‑jarduerari eusten laguntzeko helburuarekin. COVID-19aren testuinguruan Estatuaren laguntza-neurrien aplikazio-eremura egokitzen dira, eta 12 milioi euroko zuzkidura dute, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen kargura. 

Osasun-krisiak eragin handia izan du euskal haragi-ekoizleen sektorean

COVID-19aren pandemiak nahaste garrantzitsuak eragin ditu hainbat elikagai‑produkturen merkatuan, bai etxean, bai etxetik kanpo, eta abeltzaintza-sektorea ez da errealitate horretatik kanpo geratu. Osasun-krisiak eragin handia izan du euskal haragi-ekoizleen sektorean (behiak, ardiak, hegaztiak, etab.), krisi ekonomikoko ingurune batean gizarte-kontsumo nabarmeneko produktu bati irteera emateko dauden merkataritza-zailtasunengatik. Esne-sektoreak ere eragin negatiboa izan du, eta esnearen salmenta-prezioak ekoizpen-kostuak baino txikiagoak izan dira. 

Nahiz eta Eusko Jaurlaritzak 2020an elikaduraren balio-katera bideratutako aparteko laguntza ekonomiko batzuk hartu zituen, abeltzaintza-sektoreak egoera larrian jarraitzen du, eta egoera hori larriagotu egin da jasotako prezioen pixkanakako beherakadaren eta sargaien kostuak igotzearen ondorioz; gainera, epe laburrean ez da hobekuntzarik aurreikusten. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak abeltzaintzako ustiategiei zuzendutako laguntza-lerro hau jarri du abian sektore estrategiko baten egoera arintzeko, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren ikuspegitik. 

Onuradunak eta aurkezteko epea 

Agindu honetan deitutako laguntzen onuradun izan daitezke pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, edozein forma juridiko dutela ere; esnetarako behiak, haragitarako behiak, gizentzeko behiak, ardiak, ahuntzak, txerriak, hegaztiak, zaldiak dituen abeltzaintza‑ustiategien eta untxi‑hazkuntzara bideratutako ustiategien titularrak. 

Eskabideak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan aurkeztuko dira. Eskabidea aurkezteko epea Agindua indarrean jartzen den egunean hasiko da, eta funtsak agortzen direnean edo 2021eko azaroaren 15ean amaituko da. 

Onuradun edo nekazaritza-ustiategi bakoitzeko eskabide bakarra onartuko da. Laguntzak eskatzeko ereduaren oinarrizko edukia http://euskadi.eus webgunean egongo da eskuragarri.

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait