| Albisteak

Milioi bat euro I+G+b sailak sortu eta garatzeko elikaduraren eta zuraren katean

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak, azken bileran, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiaren Agindua onetsi du. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko elikaduraren eta zuraren kateko eragileen ikerkuntza‑, garapen‑ eta berrikuntza‑sailak sortu eta garatzeko laguntzen 2021erako deialdiaren oinarriak onetsi dira.

Halaber, alderantzizko misioak ere finantzatuko dira, Euskadin I+G+b negozioak instalatzeko

Guztira, milioi bat euro izango dituzten laguntza horiek helburu bikoitza dute: alde batetik, antolakundeen barruko sistemak (batez ere, I+G sistemak) garatu eta berritu nahi dituzte, eta, bestetik, negozio berriak erakarri nahi dituzte nekazaritzako elikagaien sektorearen lehiakortasuna hobetzeko, baliabideak optimizatuta.

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak

Lehenengo laguntza‑lerroan, diruz lagunduko da sail berriak sortzea, bai bakarka, bai hainbat antolakunderen artean; dauden sailak indartzea eta hobetzea, beren balioa handitu eta gaitasun handiagoa emateko; eta sektoreko antolakundeen eta eragileen arteko ezagutza elkartrukatzea, sektorearen lehiakortasuna hobetuko duten produktu, teknologia edo baterako prozesu berrien etorkizuneko I+G+b proiektuak identifikatze aldera. Zuzkidura 800.000 eurokoa izango da.

Bigarren laguntza‑lerroak beren I+G+b negozioa Euskadin instalatu nahi duten balizko interesdunen alderantzizko misioak finantzatuko ditu, lehendik Euskadin ez zeuden enpresak bertara erakartzeko. Laguntza horiek 200.000 euroko zuzkidura izango dute.

Onuradunek EAEko arratza-, elikadura- edo zur-produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko industriaren sektorekoak izan beharko dute: enpresak (beren izaera juridikoa eta tamaina edozein dela ere), elkarteak, taldeak edo fundazioak.

Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan eskuragarri dagoen eredu normalizatuaren arabera aurkeztuko dira eskabideak. https://www.euskadi.eus/servicios/(1207101)

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait