| Albisteak

Euskal Sagardoak bertako sagarren uzta handia eta osasuntsua iragarri du 2021erako

Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak eta Sagardoa Route Gipuzkoako Sagardogintza Elkarteak gaur goizean eman dituzte ezagutzera 2021eko uztaren datuak, sagar urte oparoa da eta sagastirik gehienek sagar asko dute eta oso osasuntsua. Udako eguraldiek zertxobait atzeratu dute heldutasun garaia sagasti askotan, baina beste zenbait sagastitan iazko erritmora doa heldutasun maila. Sagar motak, zonaldeak, heldutasun puntuak zehaztuko dute bilketa garai zehatza, baina irailetik azarora sagardoa ekoizten duten sagardotegiek bilduko dute Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagar guztia.

Uzta honetarako 5 milioi kilo pasa biltzea aurreikusten da

Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek parte hartu zuen uzta hau aurkezteko prentsaurrekoan, eta Jatorri Deiturak, ekoizleek eta sagardotegi guztiek sektorea kalitatezko uzta orekatuetara profesionalizatzen jarraitzeko egindako ahalegina eta konpromisoa azpimarratu zituen.

Egindako ahaleginaren erakusgarri da Euskal Sagardoa botilaren batez besteko prezioa 2,15 €-tik 2,65 €-ra igo dela, eta merkatuan botila batzuk 3 €-tik gora daudela.

Oroz sailburuordeak datozen urteetarako erronkak azaldu zituen: "Orain arte erabilitako salmenta bideak indartzen jarraitzea eta ostalaritzaren sektorean kokatzea, non poliki-poliki Euskal Sagardoa hari da bere lekua hartzen. Lanean jarraituko dugu gure jatetxe, taberna eta elkarte gastronomikoetan Euskal Sagardoak presentzia gehiago izan dezan".

Uzta honetarako 5 milioi kilo pasa biltzea aurreikusten da. Urtez urte geroz eta sagar gehiago ari da izaten bertako sagastietan, dauden sagastiak zaindu eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala. Bide horretan, sagarzale eta sagardotegien arteko akordioak lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, luzerako elkarlana baita bertako produkzioa handitu, sektoreak indartu, produktuak posizionatu eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena. 

Tokiko sagarraren ekoizpena handitzea helburu

Euskal Sagardoaren barruan 250 sagargile daude gaur egun eta 480 hektarea inguru sagasti. Sagar hau guztia Jatorri Deiturako 48 sagardotegietara joaten da, Euskal Sagardoa ekoizteko. Sagasti hauetan zahar eta berriak daude eta beste 110 hektarea dira produkzioan sartu berriak eta datozen urteetan produkzioan sartuko direnak. Sagasti berririk gehien, Gipuzkoako lurraldean jarri da, ondoren Bizkaian eta Araban.

Ildo horretan, Oroz sailburuordeak aurreratu du 2022an ahalegin berezia egingo dela Bizkaian eta Araban Euskal Sagardoa gehiago ezagutzera emateko, sustapen ekintzen bitartez.

Pauso handiak eman dira azken urteetan Euskal Sagardo proiektuak bultzata eta datozen urteetan ere ezinbestekoa izango da sagar sektoreak egiten duen bidea, bai kalitatearen alde eta baita geroz eta bertako sagar gehiago izatearen alde ere. Izan ere, sektoreak eta administrazioak helburu bat garbi zehaztu zuten Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren sorreran: 15 urtean %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia; hau da, Euskal Sagardoa seilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia.

Udazkenarako programatutako ekintzak

Sagardo egitea azaro-abenduan bukatu eta urtarrila aldera dastatu ahal izango dugu Sagardotegi Denboraldian, 2021eko uzta berria eta udaberritik aurrera izango dira 2021ko uztako lehen Euskal Sagardo botilak.

Udazken honetan, sagardoaren sektorea ezagutzera emateko jarduerak antolatu dira, sagardotegietan bisita gidatuak eginez. Bertan, parte hartzaileek euren sagardoa egin ahal izango dute, eta dastaketez, janariez eta landa-ostatuez gozatu ahal izango dute. Informazio gehiago www.sagardoa.eus

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait