| Albisteak

Eusko Jaurlaritzak milioi bat euro bideratuko ditu BASQUE WINE markako produktuak barne merkatuan sustatzeko

Eusko Jaurlaritzak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren Agindua onartu du. Agindu horren bidez, milioi bat euroko laguntza programa bat ezartzen da 2021eko ekitaldirako, BASQUE WINE markan sartutako produktuak barne merkataritzan sustatzeko. Era berean, kontseiluaren bilera berean, ontzat eman da Lehiatu Ardoa programako laguntzak arautzen dituen agindua. Laguntza horiek ardogintzako erakundeentzat dira, beren produktuak kanpoan sustatzeko eta irteera komertzial berriak bilatzeko.

Kontseiluaren bilera berean, ontzat eman da Lehiatu Ardoa programako laguntzak arautzen dituen agindua

Bi ildo horiek Eusko Jaurlaritza edarien sektorea babesteko zabaltzen ari den estrategia zabalaren parte dira, Covid pandemiak eragindako krisiaren ondorioz aurre egin beharreko egoera delikatua arintzeko. Helburua da Euskadiko edarien ekoizpen kate osoari eustea.

Estrategia hori Ardoa Basque Wine Office bikaintasunerako laguntza bulegoan zentralizatzen da. Bulego horren bidez lortzen da upategiak azoketan egotea, esportazioetarako partzuergoak sortzen laguntzea, eta era guztietako laguntza publiko eta finantzarioak indartzea inbertsioetarako eta merkatuen dibertsifikaziorako.<0}  Ardoa Basque Wine Officek koordinatuta eta finantzatuta beste ekimen batzuk ere garatzen dira, hala nola berrikuntza komertzialari laguntzeko bonuen programa (Mugagabe Ardoa), www.basquewine.eus Ardoa Lurraldearen Atariaren garapena, “Gure Ostalaritzan, Basque Wine” Atxikipen programa, eta “On Egin Bonoa” kanpaina.

Onuradunak

Laguntza horien onuradunak izan daitezke hamar milioi euro edo gutxiagoko negozio bolumena duten eta bereizgarri hauen babespeko edariak ekoizten dituzten ETEak:

  • Basque Beer
  • Txakoli de Álava - Arabako Txakolina, Txakoli de Bizkaia - Bizkaiko Txakolina, Txakoli de Getaria - Getariako Txakolina
  •  Euskal Sagardoa
  • Errioxako JDKren kasuan, gutxienez %85 Arabako Errioxan ekoitzitako mahatsez eginda dauden eta etiketan hala zehazten duten ardoak (adibidez, Eskualdeko Ardoa, Udalerriko Ardoa edo Mahasti Berezia).

Diruz lagundu daitezkeen jarduerak

Diruz lagundu daitezkeen jarduera guztiak 2021ean garatu beharko dira, eta honako hauek dira:

  • Erakusketari gisa parte hartzea izaera profesionaleko azoka edo lehiaketa komertzialetan.
  • Azoka profesionaletara joatea.
  • Zuzeneko misioak eta produktuen aurkezpena Estatuko barne merkatuetan.
  • Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik egindako alderantzizko misioak.
  • Saltokiko sustapen jarduera zehatzak eta bereziak.
  • Enpresaren irudiari eta produktuei buruzko katalogoak eta ikus-entzunezko materialak.
  • Publizitate kanpainak komunikabideetan

Laguntzaren zenbatekoa diruz lagundu daitezkeen gastuen %60 izango da, eta gehienez ere hamabost mila euro onuradun bakoitzeko.

Aurkezteko epea

Eskaerak aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskabide orria helbide honetan dago eskuragarri: https://www.euskadi.eus/servicios/1200501.

LEHIATU ARDOA PROGRAMA – KANPO SUSTAPENA

600.000 euroko zuzkidurarekin, laguntza bakoitzaren zenbatekoa, kasuan kasu, aurreikusitako gastuen %50 eta %60 artekoa izango da, eta gehienez ere 30.000 euro eskaera bakoitzeko. Sustapenaren xede diren ardogintzako produktuak EAEko establezimendu batean egin behar dira, eta kategoria hauetakoren batekoak izan:

  • Jatorri Izendapen Babestuko ardoak
  • Adierazpen geografiko babestuko ardoak.
  • Ardogintzako mahats barietatea edo barietateak adierazten dituzten ardoak.

Onuradunak eta epeak Lehiatu Ardoa

Lehiatu Ardoa programako laguntza hauek jaso ahal izango dituzte ardogintzako enpresek, baldin eta egoitza soziala eta helbide fiskala Euskal Autonomia Erkidegoan badituzte; Getariako Txakolina, Bizkaiako Txakolina eta Arabako Txakolina jatorri deituren kudeaketa organoek; helburuen artean ardoa sustatzeko eta merkaturatzeko ekimenak dituzten ekoizleen aldi baterako elkarteek edo elkarte iraunkorrek, eta egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan duten esportazio partzuergoek. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira laguntza horien deialdian parte hartzeko eskaerak, eta epea hilabete batekoa izango da. Elikagaien Kalitate eta Industrien Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan arautzen diren laguntzen kudeaketa.

 

 

 

 

 

 

 

 

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait