| Albisteak

Eusko Jaurlaritzak 2,5 milioi bideratuko ditu gastronomiaren arloko lankidetzako berrikuntza proiektuetara

Argitaratu dira EHAAn GASTROKOP programaren 2021erako laguntzen deialdiaren oinarriak, gastronomiaren arloan gutxienez 2 erakundek lankidetzan egindako berrikuntza proiektuak finantzatzeko.  Programaren lehen edizioa da, eta exekutiboak nekazaritzako elikagaien kate osoaren modernizazioan eta posizionamendu estrategikoan aurrera egiteko egiten duen apustu irmoaren barruan kokatzen da.

GASTROKOP programaren lehen edizioa da

Laguntzak 2,5 milioi euroz zuzkituko dira, soilik lankidetzaren kostuak eta proiektu berritzailearen zuzeneko kostuak estaltzeko erabiliko dira, eta itzuli beharrik gabeko dirulaguntzatzat hartuko dira. Proiektuak gauzatzeko epea urtekoa edo urte askokoa izan daiteke.

Laguntza horiek Gastronomia eta Elikaduraren Plan Estrategikoaren (GEPE) barruan sartzen dira. Plan hori da elikaduraren balio katea, ekoizpen primariotik elikagaiak kontsumitu artekoa, garatzen aurrera egiteko Eusko Jaurlaritzak egiten duen apustu estrategikoa. GEPEren helburu nagusietako bat da Euskadin elikagaien ekoizpena handitzea, eta, ondorioz, elikadurak euskal ekonomian duen pisua indartzea. Horretarako, besteak beste, exekutibo autonomoaren ustez, beharrezkoa da osagai berritzailea areagotzea eta bikaintasun zientifiko eta teknologikoa handitzea sektorean.

Tokiko produktua erabiltzea

Proiektuak diruz lagundu ahal izateko, berritzaileak izan behar dira (produktuari, prozesuari, merkaturatze metodoari edo lanaren antolaketari dagokienez), gastronomiaren sektorera bideratuta egon behar dira eta tokiko produktua erabili behar dute nahitaez.

Era berean, proiektuak garatzeko Berrikuntza Talde bat eratzea eskatuko da, eta taldeko arduradunak gastronomiaren eremuko unibertsitate graduko titulua edo sukaldaritzaren edo jatetxeen eremuko goi mailako heziketa ziklokoa edukitzea.

Laguntzen onuradun zuzenak izango dira enpresa jarduera osoa edo partziala ostalaritza duten pertsona fisiko edo juridikoak, baldin eta egoitza fiskala eta soziala eta lantokia Euskal Autonomia Erkidegoan badituzte.

Zeharka, ekoizleak ere izango dira laguntzen onuradunak, zuzeneko onuradunek beraiekin izenpetzen badituzte tokiko produktua erabiltzeko konpromisoa hartuz nahitaez izenpetu beharreko kontratuak.

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait