| Albisteak

Euskadik nekazaritza-eredu jasangarriago baterantz aurrera egitearen alde egiten du, landa-eremua zainduz eta jarduera ekonomikoa sustatuz

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuarekin batera, Euskaber hazkuntza-etxaldea inauguratu zuen,  Euskadiko lehen hazkuntza-etxaldea. Bertan, adierazi zuen Euskadik nekazaritza-eredu jasangarriago baterantz aurrera egitearen alde egiten duela, landa-eremua zainduz eta jarduera ekonomikoa sustatuz, Basque Green Deal euskal itun berdearen bidez.

Tokiko nekazaritza elikadura-ekoizpen jasangarria eta kalitatezkoa bermatzeko bidea da; giza garapen jasangarriaren ereduarekin bat egiten duen nekazaritza: enplegua sortzen du eta ingurumena babesten laguntzen du. Ildo horretan, lehendakariak azpimarratu du ingurune naturalari eustea eta klima-aldaketaren aurkako borroka ezin direla ulertu euskal lehen sektore sendo eta berritzailerik gabe, aberastasuna eta enplegua sortzen baititu. Hala, adierazi zuen Eusko Jaurlaritzaren helburua dela Euskadi Europako hegoaldeko Bioekonomiaren erreferente gisa eta nekazaritza ekologikoaren eta klima-aldaketaren aurkako borrokaren eredu gisa kokatzea.

Hau horrela, Lehendakariak nabarmendu zuen proiektu berri honekin aurrerapauso bat eman duela Euskaberrek norabide egokian, izan ere, gizartearen joerari erantzuten dio, hau da, elikagai osasuntsuagoak eskatzen dituztelako; ekoizpena ingurumena eta animalien ongizatea errespetatuz antolatzen da; eta lehen sektorea indartzeko baliabideak elkartzen dira.

Lehendakariak, bere hitzaldian, adierazi zuen lanean ari direla Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) Landa Garapenerako Plana sustatzeko eta XXI. mendeko nekazaritza berritzaile, iraunkor eta pertsonen osasuna eta ingurumena errespetatzen duen baterantz aurrera egiteko. "Urtea amaitu baino lehen 2023-2027 Nekazaritza Politika Bateratuaren esparruan akordio bat lortzeko negoziatzen jarraituko dugu", ziurtatu zuen. Iñigo Urkulluren arabera, Kantauriko ekoizpen-ereduaren berezitasunaren aitorpenean aurrera egitea da helburua, eta Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategiko berrian argi eta garbi islatuta gera dadin Euskadiko nekazaritzako eta abeltzaintzako sektore-eredua.

Euskaber hazkuntza-etxaldea

Euskadiko lehen Hazkunde-etxaldea, Otobarrenen dagoena, bi pabiloitan banatutako 17.000m2-ko espazio bat da, eta Euskaber haztegien lerro eta ezaugarri berberei jarraituz diseinatu da. Hazkuntza-etxaldean 22.000 oilasko haziko dira 17 astez, eta, ondoren, oiloak Euskaberreko baserrietara eramango dituzte.

Etxaldeak kontrol- eta digitalizazio-teknologiarik aurreratuena du, eta aireztapenarekin eta argi naturalarekin funtzionatzeko prestatuta dago, bai eta parkeetarako sarbidearekin ere; horrenbestez, ezaugarri horiek dituen bakarra da Estatuan.

Jarduera berri honekin, Euskaberrek hegaztiak baldintza onenetan eta animalien ongizatearen baldintza guztiak errespetatuz hazteko konpromisoa hartzen du, txitak jaiotzen direnetik oilo bihurtzen diren arte.

 

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait