| Albisteak

Txikitasunetik Handi programak berriz ekin dio landaren eta itsasertzaren garapeneko proiektuak bisitatzeari

Pandemiak eragindako parentesiaren ondoren, Txikitasunetik Handi programak berriro abiarazi du bere jarduera. Horretarako, bi bisita egin ditu, Euskadiko landa giroko hainbat tokitan finantzaketa publikoarekin egiten ari diren landaren eta itsasertzaren garapeneko proiektuak lehen eskutik ezagutzeko. Zehazki, ekainean, Gobernuko eta inplikatutako tokiko erakundeetako ordezkariek Gipuzkoako kostaldeko eta Goierriko hainbat proiektu bisitatu dituzte.

Gipuzkoako Kostaldea

Sopak enpresaren instalazioak, Manuelak II itsasontzia, Elkano Ondareak, Aitamari Jatetxea, Surfing Zumaia, Mutiozabal Ontziola eta Mara Moda denda dira, besteak beste, Itsasertzaren Garapenerako Itsasgarapen eta Itsaspen programen bidez Gipuzkoako kostaldean, arrantzarekiko mendekotasun handia duten eremuan, enpresen dibertsifikaziorako eta garapenerako Eusko Jaurlaritzak sustatu dituen ia 120 proiektuetako batzuk.

Itsasgarapen programa hasi zenetik, guztira 444 proiektuk aurkeztu dute programarako eskaera Euskadi osoan (62 proiektu 2017an, 111 2018an, 135 2019an eta 136 2020an) eta horietatik 308 izan dira dirulaguntzaren onuradun (38 2017an, 78 2018an, 93 2019an eta 99 2020an). Guztira bederatzi milioi euro baino gehiagoren laguntzak izan dira.

Laguntzen onuradunak izan daitezke pertsona fisiko edo juridiko pribatuak, edo mikro enpresa edo enpresa txiki eta ertainak direnak, bai eta agente sektorialak, hala nola arrantzaleen kofradiak eta beren federazioak, elkarte profesionalak eta ekoizleen erakundeak, besteak beste.

Itsaspen programak, berriz, Euskadiko itsasertzeko eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak aurreikusten ditu, bai kostaldeko ekonomiarako eta biztanleriarako oinarrizko zerbitzuak ezartzeko laguntzak, bai kostaldeko ondarea kontserbatzeko eta hobetzeko laguntzak. Horien hartzaile izan daitezke bai administrazio publikoak, bai partikularrak edo enpresak. 2018az geroztik, programa honen bidez 370.000 euro baino gehiago eman dira Gipuzkoako itsasertzeko eremuan, 860.000 eurotik gorako inbertsioetarako.

Goierri

2015-2021 urteen artean, Goierriko eskualdeak 4.700.000 eurotik gora jaso ditu landa garapenerako laguntza gisa, guztira 71 proiekturentzat, 11 milioi euroko inbertsioak aurreikusita.

Kopuru horretatik, 3,2 milioi baino gehiago Erein programatik etorri dira; diru horretatik 2,4 miloi erakunde publikoek sustatutako 31 proiektu finantzatzeko erabili dira, eta 900.000 inguru sustapen pribatuko 17 proiektutara bideratu dira. Inbertsioak, guztira, 7,4 milioi ingurukoak izan dira. Proiektu horien artean azpimarragarriak dira, adibidez, landa apartamentuak egokitzea, txakurrak trebatzeko zentro bat eraikitzea, edateko uraren hornidura hobetzea edo kirol ekipamenduak jartzea.

Gainerakoa, 1,5 milioi guztira, LEADER laguntzei dagokie eta 3,6 milioitik gorako inbertsioak aurreikusten dituzten 23 proiektu finantzatzeko erabili dira. Besteak beste, zerbitzu enpresak sortzeko, udal bulegoak zentro asistentzial-kultural gisa gaitzeko edo etxebizitzak eraikitzeko proiektuak.

Gizartea eta kultura dinamizatzeko proiektuei dagokienez, guztira zazpi proposamen lagundu dira diruz, 27.300 euro ingururekin, gastua 74.846 eurokoa izanik. Proiektu horien artean sartu dira, besteak beste, Gabiria Rallyaren antolaketa, Hiparra Egoaren ekitaldi soziokulturalak eta Tobera Musika Eskolaren hamabostaldi musikala.

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait