| Albisteak

Ardoaren, txakolinaren, sagardo naturalaren, artisau-garagardoaren eta ontziratutako uraren sektoreetarako 2021erako aparteko laguntzak argitaratu dira

Argitaratu dira ardoa eta txakolina destilatzeko edo biltegiratzeko erretiratzea, sagardo naturala ozpin bihurtzea, botilatutako ur minerala biltegiratzea eta artisautzako garagardoa egiten duten enpresen kaudimena babestea errazteko laguntzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak sinatutako aginduaren bidez. Funts propioetatik bideratutako 10 milioi euroz zuzkitu dira laguntzak, eta beren helburua da merkatuko eskaintza orekatzea eta jarduerari eta horri lotutako enpleguei eustea.

Pandemia honen ondorioak arintzeko eta HORECA sektorearen jarduerak izan duen beherakadak eta edukiera handiko edozein ekitaldi edo ospakizun bertan behera uzteak eragindako kalteei aurre egiteko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila abian jartzen ari den ezohiko neurrietako batzuk dira laguntza horiek.

Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak, laguntza horiek kudeatzeaz arduratzen denak, egindako aurreikuspenen arabera, 400 enpresa inguruk eta batez ere ardogintzaren sektoreko enpresek jaso ahal izango dituzte laguntzak.

Azpisektoreka

Ardoaren eta txakolinaren kasuan, Aginduak jasotzen dituen neurriak, batetik, krisi destilaziorako laguntzak abian jartzeari buruzkoak dira, eta, bestetik, ardoa eta txakolina biltegiratzeari buruzkoak. Botilako ura ekoizten duten enpresek ere laguntzak jaso ahal izango dituzte soberakinak modu pribatuan biltegiratzeko.

Biltegiratutako sagardo naturalari dagokionez, ekoizpenari irteera eman behar zaionez, soberako sagardo naturala ozpin bihurtzeko da proposatzen den laguntzea.

Artisautzako garagardoak beste kasuistika bat du, ezin baita gorde edo destilatu. Kasu horretan, enpresa kaudimena babesteko laguntza bat proposatzen da, galera ekonomikoari eta ekoizpen ahalmenari lotuta.

Laguntzaren modalitatea itzuli beharrik gabeko dirulaguntza izango da, kontuan hartzen diren gastuetarako. Onuradun bakoitzeko eskabide bakarra onartuko da, eta ardogintza enpresen kasuan, biltegiratzearen edo destilatzearen artean aukeratu beharko dute. Dirulaguntzak emateko prozedura elkarren segidako konkurrentziakoa da; beraz, modu ordenatuan emango dira, jarduera horietarako aurreikusitako aurrekontu zuzkidura agortu arte.

Enpresa bakoitzeko eskabide bakarra onartuko da, eta agindu honetan zehaztutako laguntza lerroetako bat baino ezin izango da aukeratu. Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak izango dira COVID-19aren pandemiari erantzuteko enpresa kaudimena babesteko ezohiko neurriei buruzko martxoaren 12ko 5/2021 Errege Lege Dekretuan ezarritakoekin eta Europar Batasunak, Estatuaren Aurrekontu Orokorrek edo gainerako administrazioek helburu eta xede bererako finantzatutako beste edozein laguntzarekin.

Eskaera egiteko epea

Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera aurkeztu ahal izango dira laguntza horien deialdian parte hartzeko eskaerak, funtsak agortu arte. Edonola ere, eskabideak aurkezteko data 2021eko azaroaren 1ean amaituko da.

Eskabideak bide elektronikoaren bidez aurkeztuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan sartuta, https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1113901 web helbidearen bidez.

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait