| Albisteak

Innovathon Bermeo, arrantza-sektorearen erronkei irtenbide berritzaileak emateko ekitaldia

Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak modu iraunkorrean kontserbatzea eta erabiltzea Nazio Batuen agendak ezarritako Garapen Iraunkorreko Helburuetako (GIH) bat da. Baina, helburu hori errealitate bihur dadin, funtsezkoa da arrantza-sektoreak dituen erronkei erantzungo dieten irtenbide berritzaileak sortzea.

Atunaren arrantzaren kasuan, erronka da sektoreko industria 360º iraunkortasunaren inguruan lerrokatzea, legez kanpoko arrantzaren eta gehiegizko arrantzaren aurka borrokatzea, itsas hondakinen kudeaketa hobetzea eta klima-aldaketak industrian dituen ondorioak ebaluatzea.

Testuinguru horretan, Bermeo Tuna World Capital Elkarteak 24 orduko hackathon birtual bat antolatu zuen azaroaren 21ean eta 22an, Innovathon Bermeo izenekoa. Ekitaldiak, sektore honetako berrikuntza-maratoi birtualik handienak, atun-arrantzaren sektorerako irtenbide berritzaileak aurkitzeko eta GIHak betetzen laguntzeko irtenbide teknologiko, sortzaile eta bideragarriak garatzea du helburu.

Arrantzaren Munduko Egunarekin bat eginez, 20 taldek lan egin zuten industriaren iraunkortasuna hobetzen lagunduko duten ideia berritzaileak sortzeko. Talde horien artean zeuden startup-ak, ekintzaileak, azken ikasturteko ikasleak, graduatu berriak eta masterreko ikasleak. Guztira, 80 parte-hartzaile izan ziren ( % 75 Euskadikoak eta % 26 estatukoak). Satlink, Eroski, Azti, MSC, BEAZ Bizkaia, Bolton Food eta ISSFko aholkulariek aholkuak eman zizkieten etengabe.

Irtenbideak bilatzeko lau erronka

Innovathon Bermeoko parte-hartzaileek lau erronketako bati erantzun behar zioten: nola hobetu daitezke kontrol-, jarraipen- eta trazabilitate-mekanismoak atunaren arrantzan legez kanpoko jardunbideak amaitzeko? Nola eman dakioke kontsumitzaileari atunaren jatorriari buruzko informazio gardena, argia eta erraz eskuratzeko modukoa, balio handiagoa emanez eta erosteko erabakia hartzen lagunduz? Nola murriztu daiteke nahi ez diren espezieak harrapatzea eta kalterik gabe askatzea? Eta nola kudea daiteke arrantza-aparailuek sortutako kutsadura, materialak hobetuz eta/edo hauen erabilera optimizatuz eta maximizatuz?

Helburua atunaren industrian hackathonetik ateratako ideiak aplikatu ahal izatea da.

Ekimen irabazlea azaroaren amaieran jakinaraziko da eta talde irabazleak 15.000 euro baino gehiagoko saria jasoko du. Saria honako honetan datza: 10.000 euroko ekarpen ekonomikoa, 70 orduko mentoring zerbitzua, proiektua garatzeko Udalak Bermeon emandako lokala eta Lisboako finalera bidaia, non irabazleek euren negozio eredua aurkeztuko duten Ozeanoen Munduko Biltzarraren esparruan.

Innovathon Bermeo Bermeo Tuna World Capital elkarteak sortutako ekimena da, eta Eusko Jaurlaritzaren, Itsas Garapen Elkartearen, Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bermeoko Udalaren eta AZTI zentro teknologikoaren lankidetza du. CEiiAren eta Nazio Batuen Mundu Itunaren Plataformaren (Global Compact bat), Sustainable Ocean Business Platform, babesa ere badu.

 

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait