| Albisteak

Antxoaren jubenilen populazioa maila jasangarrian mantentzen da Bizkaiko golkoan

AZTI euskal zentro teknologikoak urtero irailean antxoaren jubenilak kontrolatzeko egiten duen azterketa, eta aurten 230.000 tonatan kokatu du Bizkaiko golkoko uretan bizi diren aleen kopurua.

JUVENA 2020 azterketaren bidez lortutako zifrek diotenez, berretsi egiten da udaberrian BIOMAN kanpainak kalkulatutako baliabide horren egoera ona, izan ere, antxoa helduaren 330.000 tonako maximo historikoa erregistratu zuen, eta, ondorioz, 2021 arrantza kanpainarako errekrutamendu ertain-altua aurreikusi daiteke.
“Aurtengo biomasaren kalkuluak erakusten du antxoa maila osasuntsuan dagoela.

Ez da jokaleku arriskutsurik hautematen datorren urteko arrantza kanpainarako

Ez da jokaleku arriskutsurik hautematen datorren urteko arrantza kanpainarako, eta iragarpenek aurreratzen dute 2021ean errekrutamendua ertaina-altua izango dela”, ziurtatu du Guillermo Boyrak, AZTIko arrantza kudeaketa jasangarriaren arloko ikertzaile eta JUVENA kanpainaren arduradunak.

Aurtengo JUVENA kanpainako datuak bi ontzitan jaso dituzte AZTIko ikertzaileek: “Emma Bardan”, Itsasoko Idazkaritza Nagusiarena, eta “Angeles Alvariño”, Espainiako Ozeanografia Institutuarena (IEO), azken hori aurreko edizioetan jardun zuen “Ramon Margalef” ontziaren ordez aritu delarik. Ontzi berria sorta anitzeko sonar batez hornituta dago, zeinak antxoa jubenilen azaleko agregazioak hobeto aztertzen eta ugaritasuna eta kokapena detektatzen laguntzen baitu.

Gainera, azterketak iparralderantz zabaldu du laginketaren gunea, eta horrek ahalbidetu du ikerketen estaldura handitzea eta Europako beste institutu batzuek egindakoekin hobeto koordinatzea. JUVENAk jasotako datuak gehitu egingo zaizkio PELTIC kanpainak Itsaso Zeltikoan eta Mantxako kanalean lortutako informazioari, Centre for Environment, Fisheries and Aquaculture Science (CEFAS) zentroak antolatuta, baita ere BERAS azterketaren esparruan lortutako zifrei, zeina Portugalgo kostaldean Instituto Español de Oceanografíak eta Instituto Português do Mar e da Atmosfera erakundeek egin baitute.

“Horrenbestez, modu koordinatuan iristen gara Europako hego-mendebaldean zabaltzen den antxoa guztira, hau da, Cadizko golkotik eta Mantxako kanaleraino, eta horrek ikuspegi osatuagoa ematen digu, gure behaketak testuinguru geografiko askoz zabalago batean kokatzen ditugulako; ondorioz, kalkulu fidagarriagoak eta integralagoak lortzeaz gain, populazioaren dinamikak ere hobeto ulertzen ditugu”, gehitu du Boyrak.

JUVENAren garrantziaren oinarrian dago antxoaren ugaritasunaren urte arteko fluktuazioak iragarri daitezkeela, arrantzaren industriari jakinarazteko eta, behar izanez gero, neurriak garaiz hartu ahal izateko.

“Udazkenean zenbat antxoa gazte dauden jakiteak aukera ematen du hurrengo udaberrian eta udan heldu izatera zenbat ale iritsiko diren aurreratzeko, aldi horretan gertatzen baita ugalketa eta egiten baita arrantza. Kudeaketa jasangarria eginez baino ezin dira bermatu espeziearen biziraupena eta jarduera ekonomikoaren etorkizuna. Sektorean 3.500 lagun baino gehiagok egiten dute lan, arrantza sektorearen eta kontserben eta elikaduraren industrien artean”, egin du gogoeta adituak. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako eta AZTI zentro teknologikoak urtero egindako ekimen honek "Bizkaiko golkoko uretan arrantza arduratsua eta jasangarria izaten lagundu du, bai eta etorkizuneko belaunaldietarako itsas baliabideak zaintzen ere", ondorioztatu du Boyrak.

JUVENA kanpaina Eusko Jaurlaritzak, Nekazaritza eta Arrantza Ministerioak eta IEOk finantzatzen dute, eta, lortutako datuen eta antxoa ustiatzeko egungo araudiaren arabera, gomendioak egin dakizkieke arrantza agintaritzei; gomendio horietan esku hartzen dute AZTIko ikertzaileek, IEOk eta IFREMERek, eta Europako Batzordearen Batzorde Zientifiko, Tekniko eta Ekonomikoak (STEC) berresten ditu.

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait