| Albisteak

Elikadura osasungarriari eta kontsumo iraunkorrari buruzko ikastaro batean parte hartzen ari dira EHU/UPV-ko 100 ikasle inguru

EHU/UPV-ko ehun bat ikasle ari dira parte hartzen Eusko Jaurlaritzaren mendeko den ELIKA Fundazioak, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak, antolatu duen “EREIN, Bizi osansuntsu, izan zoriontsu" ikastaroan. Bina orduko hamaika saio telematiko dira, azaroan eta abenduan banatuta, eta saio horietan teknikari espezializatu batzuek elikadura seguru, iraunkor, osasungarri eta bereziari buruzko prestakuntza emango dute.

Ikastaroa da ELIKA Fundazioaren eta KIMERA Junior Enpresa Elkartearen arteko lankidetzatik sortutako sentsibilizazio proiektu baten zati bat, eta bere helburua da gazteen artean elikadura osasungarriko eta kontsumo arduratsuko ohiturak zabaltzea. Horrela, aurrera egiten da gizarteari elikadurari buruzko erabakiak hartzen eta ohitura osasungarriak eta jasangarriak sortzen lagunduko dioten tresnak eta egiazko informazioa emateko bidean, hau da, ELIKA FUNDAZIOA bere baitan hartzen duen Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Industriako Sailburuordetzaren helburuetako batean.

Ikastaroek gaiari buruzko hainbat alderdi jorratzen dituzte, hala nola elikagaien ekoizpena, elikadurarekin lotura duten gaixotasunak, menu osasungarriak planifikatzeko modua edo etiketek diotena interpretatzeko modua. Horrez gain, erakutsiko da zein diren tokiko produktuak eta zer garrantzi duen euskal kultura gastronomikoak, eta elikagaiak ez xahutzeko aholkuak eta jarraibideak emango dira.

Ikertzaileak, nutrizionistak eta teknikariak

Ikastaro honetan beren ezagutzak eta esperientziak azalduko dituzten pertsonen artean daude euskal zentro eta unibertsitateetako ikertzaileak, nutrizionistak, sektore elkarteetako ordezkariak eta elikagaiak ekoizten eta banatzen dituzten enpresetako teknikariak, eta horiek Euskadiko nekazaritzako elikagaien sektorearen errealitatea zein den azalduko dute.

Ikastaroaren lehen saioa azaroaren 2an egin zen, eta azkena abenduaren 10ean egingo da. Banakako lanak aurkeztuko dira, ikasturtean zehar eskuratutako ezagutzak azaltzeko. Halaber, amaierako saio praktiko bat egingo da, eta saio horretan bertatik bertara ezagutuko da euskal elikagaien industria bat, bisita birtual baten bidez, egungo egoera pandemikoa dela eta. Horrela, Euskadiko elikagaien ekoizpen eta elaborazio sektorearen errealitatea hurbilduko zaie gazteei. Ikastaroa guztiz doakoa da, eta unibertsitateko kreditu baten balioa dauka.

 

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait