| Albisteak

Antxoaren stockak maximo historikoa erregistratu du Bizkaiko golkoan

Kantauriko antxoak balio nutrizional eta komertzial handia dauka, eta arrantza jardueraren funtsezko zutabeetakoa da. Ingurumen faktoreei oso lotuta dagoen espeziea izanik, ezinbestekoa da urtero dagoen kantitatea egiaztatzea, harrapaketak modu jasangarrian kudeatzeko eta iraupena bermatzeko.

Behar horri erantzuteko, AZTI zentro teknologikoak –Basque Research and Technology Allianceko kidea da (BRTA)–, 1987az geroztik, Bioman kanpaina zientifikoa egiten du urtero, antxoa helduaren populazioaren egoera ebaluatzeko ekimena. Bioman Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak  eta Europako Batzordeak finantzatzen dute. Horiez gain, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantzako Idazkaritza Nagusiak ere laguntzen du, Emma Bardan eta Vizconde de Eza ontzi ozeanografikoak erabiltzea ahalbidetuz.

Bizkaiko golkoan antxoaren biomasa kalkulatzeko azken kanpainako behin-behineko datuen arabera, aurten 330.000 tona inguru dago, 1987an hasi zen serie historikoko zifrarik altuena. Emaitza horiek espeziearen iraunkortasuna bermatzeko gomendatzen den 21.000 tonako balio minimotik oso gora dago.

 Azken bost urteetan lortutako datuak onak baziren ere, 1987an Bioman kanpainaren serie historikoa hasi zenetik, inoiz ez da erregistratu aurtengoa bezain emaitza ona.

 Ezagutza, sektorearen zerbitzura

Antxoa ebaluatzeko ikerketak oinarrizko zutabe bat dira horren kudeaketarako. Jasotako datuak Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluan analizatzen dira (CIEM). Ikerketari esker, antxoaren stockaren amaierako kalkulua (zenbat dagoen) eta Urteko Harrapaketa Kopurua (TAC) zehaztu daitezke.

Frantziako IFREMER itsas ikerketako institutuak urtero egiten zuen Pelgas kanpaina, Biomanekin batera, baina, hura bertan behera geratu zenetik, antxoaren egoera zehazteko eta 2021eko harrapaketak gomendatzeko erabili ahal izango diren datu zientifiko bakarrak AZTIk egiten dituen Bioman eta Juvena –irailean egingo da– kanpainetan jasotakoak eta ontzien harrapaketetan ateratakoak dira.

Aurtengo BIOMAN kanpainak desafio handi bat izan du, Covid-19aren larrialdi sanitarioagatik, ezohiko neurriak aktibatu behar izan baitira, azterketan inplikaturiko taldeen osasuna bermatzeko. Edozein kasutan, Kantauriko itsasertz osoko arrantza sektorearen ekonomiaren zutabeetako baten iraunkortasunaren alde egiteak kanpaina hau aurrera egiteko erabakia hartzerakoan pisu handia izan du. Ez dezagun ahaztu sektoreak 1.000 arrantzaleri ematen diela enplegua, eta lehorreko 3.000 langileri, produktua merkaturatzen eta transformatzen, herritarrei elikagai osasungarri bat eskaintzeko.

Aurtengo antxoaren kosterari buruzko datuei dagokienez, euskal ontzien harrapaketak 4.600 tonakoak izan dira, 2019ko 8.500 tonen aldean; hori azaltzen da Covid-19ren intzidentziaren ondorioz kanpainaren iraupena laburragoa izan dela, (aurten, itsasontziak hilabete eta erdiz aritu dira arrantzan, aurreko kanpainetako ohiko bi hilabete eta erdien aldean). Lonjako batez besteko prezioa ere pixka bat baxuagoa izan da: 1,38 €/ kg; iaz, berriz, 1,62 €/kg.

 Tamaina gutxiagorako joera

Azken urteetan egindako kanpainen bitartez lortutako ondorioetako bat da antxoaren adinaren araberako tamaina murrizten ari dela.

Murrizketa hori faktoreen konbinazio baten ondorio izan liteke. Alde batetik, erreklutamendu handiak direla eta, biztanle gehienak urtebetekoak dira; bestetik, ugaritasun handiaren aldeko baldintzek adin bereko antxoa txikiagoak bizirautea eragiten dute, eta, azkenik, badakigu tenperaturaren igoerak banako txikiagoak eragiten dituela.

Horrez gain, zentro teknologikoa lanean ari da Bioman kanpainari ikuspegi ekosistemiko bat emateko. Horrenbestez, laginketak egiten ditu kate trofiko osoaren datuak lortzeko, itsas hondakin eta mikroplastikoei buruzko informazioa lortzeko. Helburua da kanpainan inbertitzen diren funtsi probetxu handiagoa ateratzea, eta hainbat beharri ekimen bakar baten bidez erantzutea. Hori lagungarria da Itsas Estrategiaren eta Arrantza Politika Erkidearen Esparru Direktiba betetzeko.

 AZTIri buruz

AZTI ikerketa zentroa, Basque Research and Technology Allianceko kidea (BRTA), espezialista da elikagaien eta itsaso-arrantzaren balio katean, eta ikerketa estrategiko eta aplikatuan dihardu, ezagutza berria sortzeko. Soluzio integralak eta berritzaileak eskaintzen ditu, negozio berriak dinamizatzeko.

AZTIren helburua Zientzia Garapen Iraunkor eta Osasungarri bihurtzea da. Horretarako, lantalde trebatu eta ilusionatu baten bidez, bezeroekin sinbiosian eta lotura estrategikoan oinarritzen den harremana lantzen du AZTIk. Hala, bezeroei balioa ematen die, eta lehiakortasunean hobera egiten laguntzen, garapen ekonomiko eta sozialaren mesedetan.

Egindako lan eta ikerketek munduko institutu onenen artean jarri dute AZTI, artikulu bakoitzeko aipamen indizearen arabera, bere hainbat ikerketa arlotan. Era berean, arrantza kudeaketan diharduten nazioarteko erakundeetako batzorde zientifikoetan parte hartzen du, itsas ingurune desberdinetan kudeaketa neurriak eta arrantza kuotak zehazten, baliabideen erabilera jasangarria helburu.

Interesgarria

  • 1
  • 2

Sustrai buletina

Idatzi zure posta elektroniko helbidea eta hilero Sustrai buletina bidaliko dizugu
Zure posta-elektronikoa Sustrai buletina bidaltzeko erabiliko dugu eta nahi duzunean baja emango dezakezu
Please wait